Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 16:48

euskalherria;2009-06-23;ÇEz gaude nahikoa jende kotizazioari eustekoÈ. Gizartea zahartzearen ondorioak aztertu ditu Ane Bustinduik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan. Atzo hasi ziren ikastaroak, Donostian, ehunka lagunen parte-hartzearekin. Ane Bustindui. Aholkularia

Ane Bustindui.

Aholkularia

Gizartea zahartzearen ondorioak aztertu ditu Ane Bustinduik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan. Atzo hasi ziren ikastaroak, Donostian, ehunka lagunen parte-hartzearekin.

«Ez gaude nahikoa jende kotizazioari eusteko»

Mikel Peruarena.

Donostia

Gaurko langileen laurden bat galduko da, 2025erako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bai, behintzat, egungo joerari eutsiz gero. Jaiotza tasa baxuaren eta bizi-itxaropena luzatzearen ondorioetako bat izango da. Ane Bustindui LKS enpresako aholkulariak aldaketa horiek aztertu ditu. EHUko Udako Ikastaroak hasi ziren atzo, Donostian, eta bertan hitz egin zuen Bustinduik, Euskal populazioa zahartzearen ondorio sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak solasaldian. Eskubideen aldeko edo kontrako diskurtsoak baino, «zer egingo dugu sistema hau mantentzeko?» galderari erantzuteko eskatu du.

Gizartea zahartzearen ondorioak aztertu dituzue Eusko Jaurlaritzarentzat. Orokorrean hartu duzue gaia...

Asko landu da atalka, pentsioen kontua, adibidez. Enpleguarena ez hainbeste, baina enpresariek arazoak izan dituztenean... Beti erantzun moduan landu da. Guk ikerketa bukatu genuen 2004an, eta nik dakidala, orain arte ez da antzekorik egin. Legebiltzarrak egin zuen eskaera, Eustaten proiekzio batzuekin kezkaturik. Hipotesia zen sistema bat bezala hartzea, eta ikustea zer aldagai dauden eta haien artean zer harreman dauden; aztertzea zein aldagai diren motorrak, eta zeintzuk mendekoak.

Nola ikusten duzu gizartea 2040. urtean? Zer aldaketa izango dira?

Nik ikusten dut areto honetako jendea, kalean [Adinekoen parte-hartzea egungo gizartean ikastaroan izena eman dute ehundik gora lagunek, eta asko adinekoak dira]. Ez badugu ezer aldatzen, edozer gerta liteke. Datuak hor daude. Enpleguak kotizatzen du, eta 2,1 pertsona behar dira kotizatzen, batek etekina jasotzeko. Horretarako behar dugu enplegu maila %75 izatea. 2007an, langabezia teknikoa %67 genuen. Ez ginen ailegatzen, ez gaude nahikoa jende kotizazioari eusteko.

Zeintzuk dira lehentasunak orain?

Nik lehiakortasunarekin zerikusia duten gaiei emango nieke lehentasuna, gazteak lehenago lanean hasteko aukerak erraztuz. Bestalde, 45 urtetik gora jendeak ibilbidea izan dezake enpresan, baina zuk ez baduzu ilusiorik, zertarako ikasi? «Laster erretiratuko naiz», pentsatzen dute. Pentsamendu horiek puskatu behar ditugu. Eta produktibitatearen irabaziak non gelditzen dira? Soldata igoeratan, enpresaren etekinetan... Hor ere badago zer egin. Asko dago idatzita, kontua da hartu, aztertu eta erabakiak hartzea.

Beraz, 65 urtetik gora lanean jarraitu litekeela uste duzu?

Esaten da: «Hori da lortutako eskubide baten kontra jotzea». Nik ez dut horrela ikusten. Eskubidea bermatu behar da, nahi baduzu, eskubide hori jasotzeko. 65 urtetan erretiratzeko adina jarri zen 1920an. Hiltzear zeudela hartzen zuten. Orain gauzak aldatu dira.

Enpresatan ere aldaketak egin beharko dituztela nabarmendu duzu...

Batzuk konturatzen ari dira; beste batzuek erabiltzen dute tresna bezala: orain balio dit, eta hartu; orain ez, eta utzi. Aldaketak badira; giza baliabideetako profesionalak hasi dira gai horietaz hizketan, zahartze aktiboaz eta: jende nagusia nola mantendu ilusioarekin, enpresan parte hartzeko, gazteei erakusteko...

Eta osasun arloan edo pentsioetan izango dira aldaketa gehiago?

Osasunean badator aldaketa. Jaurlaritzako arduradun berriaren adierazpenak hortik doaz. Sistemak ez du zentzurik, gaur dagoen bezala, ospitaleratzean oinarrituta. Ez dago dirurik mantentzeko. Nola egin, kalitatea mantenduz, eta jendearen osasunaren gainean egonez? Lehen mailako arretaren bitartez. Hori indartu egin behar da: etxean egotea, ondo behatuta...

Pentsioen kolpe handia, berriz, 2040 aldean etorriko da. Ezer ez bada egiten, hor izango da eten handia, baina pentsatzen dut aldaketak izango direla. Egia da ere Espainiako pentsioek izan dutela estaltze handiena, beste leku askotan baino gehiago. Hori mantentzea ez da izango oso erraza. Lehen ez ziren horrela pentsioak, eta ez dira berriz horrela izango.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia