Berria.info

Osteguna, 2010ko irailak 2 -

2009-06-23

AHTaren egingarritasun ikerketa osoki burutuko dutela jakinarazi du Fillonek

Lapurdiko atalari dagokionez, balizko burdinbidea lurperatzeko ikerketak eginen dituzte

Aitor Renteria.

Baiona

AHT abiadura handiko trenaren bide berria egiteko ikerketak bertan behera gelditu zirela uste zelarik, Francois Fillon Frantziako lehen ministroak eman du ustekabea. AHT xedea osotasunean ikertuko dutela ebatzi zuen joan den ostiralean. Alain Juppe Bordeleko auzapezak eman du berria. Joan den ostiralean Bordelen bildu ziren Fillon eta Jupe, AHTaren inguruan dauden zailtasunak eta irizpide ezberdinak gainditzeko asmoz. Bilkura ondoren, Lapurdiko atalean ere ikerketak egingo dituztela jakinarazi zuen Juppek.

Lapurdiko atalari dagokionez, eztabaida publikoan aurkeztutako xedea hobetuko dutela azaldu zuen. Ingurumenari ahalik eta kalte txikiena eragiteko asmoz, Lapurdiko atalaren parterik handiena lurperatzea aztertzen ari direla jakinarazi zuen Juppek.

Alta, maiatzaren bukaeran ikerketak bertan behera uzteko agindua eman zuela jakinarazi zuen Michelle Alliot-Marie Frantziako Barne ministro eta Donibane Lohizuneko hautetsiak. Baionatik Hendaiara AHT xedea aztertzeko antolaturik zeuden bilkura guztiak ezeztatzeko eskatu zion Pirinio Atlantikoetako prefetari.

Fillonen adierazpenek argiki erakusten dute Frantziako Gobernuaren barnean dauden desadostasunak. Alliot-Marieren hitzak ere nehork espero ez zituela heldu ziren. Ingurumen irizpideetan oinarrituz, Lapurdin AHTa egitea zentzugabekeria litzatekeela adierazi zuen. Eta eremu txikiegian biztanle kopuru handia dagoela nabarmendu zuen.

AHTaren aldeko eragile guztiek adierazpen gogorrak egin zituzten orduan. Ikerketak bururaino eramateko eskatu zioten Frantziako Gobernuari Akitaniako 35 hautetsik, horien artean Jean Grenet Baionako auzapez eta diputatuak, Didier Borotra Miarritzeko auzapez eta senatariak eta Jean Espilondo Angeluko auzapezak. Alain Rousset Akitaniako presidenteak eta Alain Juppek ere izenpetu zuten gutuna.

Aste luzeotan isilik egon ondoren, Fillon Frantziako Gobernuaren izenean mintzatu da, eta AHT xedea osoki ikertuko dutela ebatzi du, Lapurdiko atala barne. Funtsean, AHTaren aldeko eragileen alde egin du.

Alliot-Mariek adierazitako kezka kontuan hartu duela erran du Fillonek, eta ekonomikoki garestiago izan arren, Baiona-Hendaia ataleko zatirik handiena lurperatzeko aukerak ikertuko dituztela.

«Berri ona da, eta erabaki pozgarria ekonomiarentzat eta etorkizuneko belaunaldientzat», adierazi du Jean Marie Berckmans Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak. Ipar Euskal Herrian erakargarritasun ekonomikoa galdu duela erran du Berckmansek, eta joera hori aldatzeko lanabes baliagarria izanen dela AHTa.

Lanean segitu

«Arrisku bat aitzinetik kentzen denean, gibeleko atetik sartzen da», adierazi du Victor Pachon ingurumenaren alde diharduen CADE elkarteko kideak. Azken hamabi urteotan AHTaren kontrako borroka hedatu du CADEk Lapurdin. AHTaren aldeko indarren artean eta Frantziako Gobernuan bertan zirrikitu sakona ireki dutela azaldu du Pachonek. Bederen hogei urtez, gaurko ibilbidean ez dela asetasunik berretsi du. Salgaien garraioari buruzko bilakaera emanen dute jakitera aurki, eta AHTa ez egiteko gero eta arrazoi gehiago egonen direla azaldu du.

Hego Lapurdiko Herri Elkargoak AHTari buruzko ikerketa berria eskatu zuen, eta horren beha dagoela adierazi zuen Michel Hiriarte presidenteak. Gezur gehiago ez dutela onartuko esan zuen.

Erne egoteko garaiak direla adierazi du Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusiak. AHTak zeharkatu nahi dituen eremuan herritarren ahotsa eta nahia zangopilatzen direla salatu du. Sakoneko lana egin behar dela azaldu du, elkarte eta hautetsien lana uztartuz.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia