Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 16:42

euskalherria;2009-06-20;Ezker abertzaleak zaborrak Zubietara ez eramateko konpromisoa hartu du. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak estatutuak aldatzeko hasitako prozedura gogor salatu dute hautetsiek

Ezker abertzaleak zaborrak Zubietara ez eramateko konpromisoa hartu du

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak estatutuak aldatzeko hasitako prozedura gogor salatu dute hautetsiek

Ainara Arratibel.

Donostia

Gipuzkoako ezker abertzaleko hautetsiek «ahalegin guztiak» egingo dituzte zaborrak ez eramateko Zubietan eraiki nahi duten errauste plantara. Hala, mozioak aurkeztuko dituzte udaletan konpromiso hori berresteko. Zaborraren arloan gaikako bilketaren alde egingo du ezker abertzaleak, eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak estatutuak aldatzeko hasitako prozedura salatu du. «Udalen autonomia erabat mugatzeko asmoa dute horrekin, eta errauste planta erraldoiaren finantzaketa blindatu», iritzi dio San Markos mankomunitateko lehendakariorde eta Usurbilgo zinegotzi Imanol Azpirozek.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren jokabidea «axolagabea» dela iritzi dio Azpirozek. Batik bat EAJ eta PSE-EEren jarrera salatu du. «Elkarren eskutik hartuta, prest dira herritarren osasuna arrisku bizian jarriko duen beste azpiegitura erraldoi bat inposatzeko, gure seme-alaben etorkizuna kolokan jartzeko».

Kezkaz ikusten dute Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak estatutuak aldatzea, «udalak lepotik heldu, eta 25 urtez hipotekatu nahi dituzte. Zaborren arazoa konpontzeko atez ateko sistemara hurbildu nahi duten udalerriak dirurik gabe utzi nahi dituzte», dio Azpirozek. Idoia Ibero ezker abertzaleko kidearen arabera, ekimen horrekin hondakinen kudeaketa osoa kontrolpean izan nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Horren aurrean, ezker abertzaleak zaborren kudeaketaren arazoa konpontzeko modu «natural eta osasungarri» baten aldeko apustua egingo duela berretsi dute Iberok eta Azpirozek. Atez ateko bilketa litzateke konponbide hori, haien arabera. «Usurbilen jada martxan dago, arrakasta osoz gainera». Azpirozek gogorarazi du zaborren %28 birziklatzetik %81 birziklatzera igaro dela Usurbil gaikako bilketari esker. «Diputazioak, axolagabeki, ez du bide hori hartu nahi. Atez atekoa saihestu nahi du. Lehengaiak erre nahi ditu, papera, plastikoak, egurra... Jokabide horrek ez du ez hanka ez bururik. Erraustea zaborrak kudeatzeko modurik garestiena da».

Hala, atez ateko bilketaren alde lanean jarraituko dute. «Badakigu txikiak garela, baina gipuzkoar asko gara. Horrek indar handia ematen digu gure baliabide guztiak benetako birziklatzearen alde ipintzeko, lehengaiak lehengai gisa tratatzeko eta ez zabor moduan, organikoa konpostatzeko eta ez zabortegira botatzeko».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia