Polizia inspektore bat hil du ETAk, autoan bonba bat zartarazita
16 urte zeraman ETAren aurkako lanean, eta Espainiako Poliziaren Bizkaiko Informazio Brigadako inspektore-buru izatekotan zen
Iaz eta duela bi urte Abusun izandako bi atentatuen egileei egotzi diete oraingoa ere
Aitziber Laskibar.
ArrigorriagaETAk Eduardo Puelles Garcia Espainiako Poliziaren Bizkaiko Informazio Brigadako inspektorea hil du Arrigorriagan (Bizkaia), auto azpian itsatsitako bonba zartarazita. 49 urte zituen Puellesek, Barakaldon jaioa zen, eta Arrigorriagako Ollargan auzoan bizi zen. Bilboko Abusu auzoa eta Arrigorriaga lotzen dituen gunean. 1982. urtetik zen Espainiako Poliziako kide, eta 2002. urtean ETAren aurkako borrokan aritzen den Informazio Brigadako inspektore kargua hartu zuen. Uneotan, berriz ere karguz igotzeko prestatzen ari zen. Inspektore-buru izatekotan zen.
Poliziaren Sindikatuko Komunikazio arduradun Antonio Callejak adierazi duenez, esperientzia handia zuen ETAri buruzko informazioa biltzeko lanean. 16 urte zeraman alor horretan, eta hainbat talde berezituetan aritua zen. Kale erasoei buruzkoan, ikerketari dagokionean zein ETAren aurkakoan, besteak beste.
ETAren atentatuan hil zen, atzo, etxe ondoan. Etxetik atera, autoan sartu, piztu, eta lehertu egin zen autoa. Goizean izan zen, 09:05ak ziren. Santa Isabel kalean, etxeen multzoa amaitu eta Ollarganeko parke ondoan dagoen aparkaleku batean zuen autoa. Piztuta zuela, azpialdean itsatsita zuen bonba lehertu egin zen. Autoaren atzealdean, gasolinategiaren ondoan zuen itsatsita bonba, kilo eta erdi eta bi kilo lehergai ingurukoa. Hori dela eta, sutea eragin zuen leherketak.
Lekukoek adierazi dutenez, handia izan zen eztanda, eta Bilboko hainbat auzoetatik entzun zen. Suteak eragindako kea ere eremu zabalean ikusi zen. Beste bost auto hondatu zituen suteak, eta suhiltzaileek 10:00etan lortu zuten erabat itzaltzea.
Leherketak ez zuen Puelles bat-batean hil, eztandaren unean aparkalekuan zegoen lekuko batek adierazi duenez. Eztandarekin batera su hartu zuen autoak, eta barruan zegoen pertsonaren oihuak entzun zituela kontatu du. Puelles laguntza eske aritu zela autotik atera ezinik, baina sugar handien eraginez, lekukoak ezin izan zuela polizia lagundu. Puellesen gorpua, erabat erreta geratu zen.
Emaztea ospitalera
Poliziaren emazteak etxetik entzun zuen eztanda. Eta, auzokoei kontatu zienez, lehen unetik pentsatu zuen bere senarra atentatuan hil zutela. Hala izan zela jakin zuenean antsietate krisiak jo zuen, eta Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian. 16 eta 21 urteko bi semeak ere ospitaleratu zituzten.
Ertzaintza eta Espainiako Polizia bertaratu, eta berehala hesitu zuten ingurua. Autoa aztertzeari ekin zioten, arrastoak jaso nahian. Bien bitartean, Ertzaintzak segurtasun neurri gisa jarritako hesiaren beste aldean ere, jendea pilatzen hasi zen. Kazetari asko bildu ziren, eta politikarien joan-etorria etengabea izan zen.
Patxi Lopez lehendakaria, Gasteizen agerraldia egin ondoren joan zen Arrigorriagako auzora auto ofizialean. 12:20 inguruan iritsi zen hesitutako gunera, Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko presidentea lagun zuela.
Ordurako bertan zen Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua. Etorri berriei bostekoa eman, eta ordubete lehenagotik bertan ziren EAJko ordezkariengana zuzendu zituen. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea, Andoni Ortuzar BBBkoa, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea Lopez, Pastor eta Aresekin bildu, eta elkarrizketan aritu ziren minutu batzuetan, serio, baina modu adeitsuan.
Ondoren, lehendakaria, Herrizaingo sailburua eta PSE-EEren Bizkaiko presidentea leherketa izan zen aparkalekuraino joan ziren Alberto Ruiz Azua Arrigorriagako alkatea lagun zutela, aurrez, EAJko kideek egin bezala.
PSE-EEko eta EAJko ordezkariez gain, bertan izan ziren, besteak beste, Alfonso Alonso PPko diputatua eta Julia Madrazo Ezker Batuko Bilboko zinegotzia. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Mikel Cabieces ere han izan zen.
Hileta autoa 12:15ak zirenean abiatu zen beilatokira. Puellesen gorpua ordu batzuetan bertan izan ondoren, Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzara eraman zuten, eta han ezarri zuten hil kapera.
Hirugarren aldia bi urtetan
Bi urteko epean, hirugarren aldia da ETAk Abusu auzo inguruan atentatua egiten duena. 2007ko urriaren 9an Gabriel Guines bizkartzaina larri zauritu zuen Zamakola kalean aparkatuta zuen autoari itsatsitako bonba zartarazita.
Iazko apirilaren 17an, berriz, PSE-EEk Abusun duen egoitzaren atarian bost kiloko lehergailua leherrarazi zuen. Ez zuen inor zauritu, baina kalte material handiak eragin zituen.
Berri agentziek ikerketako iturriak aipatuta zabaldu dutenez, ETAren talde berari egotzi dizkie hiru atentatuak.
Eduardo Puelles
Informazioko inspektorea
Urrezko domina jarri dio Zapaterok hil kaperan
Legebiltzarrak omenaldia egingo dio astelehenean
«Hurbilago egon izan banintz, leherketak hilko ninduen»
Bonba itsatsia lehertu zenean danbateko handia eragin zuen eta eztandak auzoa aztoratu zuen
Erredakzioa.
AgentziakAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
