Zulo bat aurkitu dute Frantzian 180 kilo lehergairekin, ustez ETArena
Ubideak konpontzen ari ziren langile batzuek topatu dute, Lot et Garonne departamenduan, Pinderes herrian
Lehergaiak egiteko materiala ez ezik, dozena bat arma ere bazeudela dio Poliziak
Erredakzioa.
ETArena izan daitekeen zulo bat atzeman dute asteburu honetan Frantzian, Lot et Garonne departamenduan, Pinderes herrian. Bertan dozena bat arma -bost errebolber eta zazpi pistola- eta 180 kilo lehergai zeudela jakinarazi dute berri agentziek, Frantziako Poliziaren iturriak aipatuta. Larunbatean aurkitu zuten zuloa hango ubide batzuetan lanean ari ziren behargin batzuek, ustekabean, eta Frantziako Poliziari abisua eman zioten. Poliziak atzo arte ez zuen aurkikuntza horren berri eman.
Frantziako Poliziak jakinarazi duenez, ETAk ustez erabilitako zuloan lehergailuak egiteko material ugari zegoen. Material dena zigilatutako bidoietan sartuta zegoela dio Poliziak. 60 litro nitrometano, 60 litro kloratita, 24 kilo aluminio hauts, bi kilo nitrato, beste bi kilo sufre eta lau kilo eta erdi pentrita zeuden ETAren ustezko ezkutalekuan.
Halaber, polizia iturrien arabera, bi soka detonagailu aurkitu dituzte bertan, bata 25 metrokoa eta bestea 145 metrokoa, bai eta mota askotariko ehun bat tenporizagailu eta lapa dispositibo bat ere. Zuloan arma ugari zeudela dio Poliziak: bost errebolber, zazpi pistola, UZI motako subfusil bat, 9 milimetroko 250 kartutxo eta 38 kalibreko beste 400 kartutxo. 150 bat matrikula plaka huts ere aurkitu dituzte, Poliziak dioenez.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak pozik jaso du berria. Zuloa aurkitzea ETArentzat «kolpe handia» izan dela esan du. Zuloa ere «garrantzitsua» dela adierazi du, bertan topatutako arma eta lehergai kopurua handia izan delako: «Zuloa garrantzitsua da, eta, beraz, ETArentzat kolpe handia izan da. Zorioneko albistea izan da espainiar guztientzat».
Gainera, ETArentzat asteburua ez dela ona izan nabarmendu du Rubalcabak. Izan ere, zuloa atzeman ez ezik, Guardia Zibilak larunbatean ETArekin lotura zutelakoan sei lagun atzeman zituela esan du Espainiako Barne ministroak: «Argi dago ETAk ez duela asteburu on bat izan. Argi dago ezetz».
Aurtengo bosgarrena
Azken honekin bost dira aurten aurkitutako zuloak. Gainera, hilabete honetan atzemandako bigarrena da. Aurten aurkitutako bost zuloetatik bi Frantzian atzeman dituzte, beste biak Euskal Herrian eta bestea Espainian.
Urtarrilean, Espainiako Poliziak ustez ETAk erabilitako zulo bat atzeman zuen Zegamako Olaran auzoan (Gipuzkoa). Poliziak jakinarazi zuenez, leherkariak egiteko hainbat material aurkitu zuten bertan. Erakunde armatuaren aurkako operazio batean aspaldi atzemandako dokumentazioa dekodetzetik aurkitu zutela zabaldu zuen Poliziak. Otsailaren hasieran, Ertzaintzak beste bat topatu zuen Ordizian (Gipuzkoa): armetako munizioa, armak eta lehergaiak zeuden zulo horretan, Ertzaintzaren arabera.
Bi hilabete geroago, apirilaren 5ean, Grenoble hiriko (Frantzia) Arago kaleko garaje batean 450 kilo lehergai atzeman zituen Frantziako Poliziaren Terrorismoaren Aurkako azpizuzendaritzak. Aurkitutako gaiak ETAk lehergailuetarako erabili ohi dituenak zirela esan zuen orduan Poliziak.
Hilabete honen hasieran ustez ETArena izan zitekeen beste bat topatu zuen Guardia Zibilak Madrilen (Espainia). Langile batzuek ETAren zulo bat aurkitu zuten hiriburutik gertu, Los Molinoseko oihan batean, hilaren 5ean. Besteak beste, bi pistola eta lehergaiak zeuden gordeta, eta gutxienez bizpahiru urte zeramatzaten erabili gabe.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
