2009-06-16
«Duintasun eta tinkotasunaren» historia jaso dute liburu batean
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren historia jaso du AAMk, elkarlanean egindako 'Burdinen arteko herria' liburuan
Historia jaso arren, oraina ere badago liburuan: «gaur espetxeetan dagoen egoeraren isla da»
Oihana Elduaien.
Donostia
«Amore ematen ez duen kolektiboaren historia» jaso du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Burdinen arteko herria liburuan. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) historia. «Odol eta sufrimenduaren historia». «Duintasunaren eta tinkotasunaren historia». Historia kontatu arren, oraina ere jasotzen duen liburu bat da: «Liburuan islatzen dena gaur egun espetxean bizi den errealitate gordina da». Auzolanean egin dute liburua, kartzeletatik eta kanpotik informazioa batuz, hark eta honek argazkiak utziz. Haiek denak batu, antolatu eta liburu batean jartzeko lanaren ardura Joxean Agirre preso ohiak hartu duen arren, sinatu gabe dago liburua. «Kolektiboa delako».
Historia idatzia jaso dute, eta hainbat argazki jarri dituzte horren erakusgarri. Espetxeetan ateratako argazki zaharrak, esate baterako.
Doka Donostiako Kafe Antzokian izan ziren atzo liburu hori osatzen parte hartu zutenetako asko. Han aurkeztu zuten liburua, desagertuta dagoen Jon Anza preso ohiaren oroimenean. Jende talde polita batu zen ekitaldian, eta han ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko bozeramailea, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia, Eugenio Etxebeste Antxon preso ohia, euskal presoen defentsan aritzen diren abokatuak, senideak eta lagunak. Haiei guztiei, liburua irakurtzerakoan Jon Anza «bihotzean» izateko eskatu zien Agirrek.
Oso presente izan zen Anzaren irudia. Jon Enparantzak gogoan izan zuen sarrera hitzaldian, bideo a haren irudiarekin amaitu zen, eta Joxean Agirrek ere aipamen bat baino gehiago egin zizkion. Batera egon ziren espetxean, Puerto de Santa Marian (Espainia). Eta liburua osatzen ekarpen asko egin zituela azaldu zuen.
Anza ez ezik, ekitaldiko protagonista izan ziren euskal presoak ere. Espainiako eta Frantziako gobernuen helburua «presoak suntsitzea, kolektiboa haustea» dela gogora ekarri zuen Jon Enparantzak, «nazio askapenerako mugimenduaren helburu eta estrategiak baldintzatu asmoz». Baina asmo hori «asmo ustela» izan dela azpimarratu zuen. «Presoei etengabe aplikatzen dieten tratamendu berezituak agerian uzten duelako, presoen izaera politikoa».
Sakabanaketarekin eta haren gainean martxan jarri dituzten «neurri berriekin» sufrimendua areagotzea lortu dutela onartu arren, sakabanaketarena «porrot politikoa» izan dela uste du.
Askatasuna helarazi nahian
«Euskal preso politikoak ez ezik Euskal Herria bera ere burdin artean dugun honetan liburu honek ez du ezer aldatuko berez». Hala dio Agirrek, eta liburuaren helburua ere ez dela gauzak aldatzea azaldu du: «Helburu xumeago bat dauka; burdinen arteko distantzia, burdin sareen arteko zuloa zabalagotzeko asmoarekin dago idatzita. Ea tarte horretatik askatasuna sartzeko gai ote garen».
Agirrek azaldu duenez, liburua orain argitaratzea erabakitzerako orduan eragina izan du egoera politikoak. «Kartzeletan inoizko presiorik handiena pairatzen ari da, eta inoizko preso politiko kopuru handiena daukagu».
Baina alferrik ari direla ohartarazi die Espainiako eta Frantziako gobernuei. «EPPK-k ez dio sekula bizkarrik emango bere herriari, Euskal Herriak beraiek ahaztuta utziko ez dituen bezala».
Logotipoa
Jon Anzak egindakoa. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren logotipoa aukeratu zuten 2003ko ekainean. Euskal presoek proposamenak egin zituzten, eta guztien artean bat aukeratu gero. Joxean Agirrek atzo jakinarazi zuenez, aukeratutakoa Jon Anzak egina da.
Eskubideen aldeko borroka amaigabea
1959-1977
Aurreneko atxiloketak egin zituzten ETAko kide izatea leporatuta. Horrekin batera, estatus politikoa eskatzeko borrokaldiak hasi, eta amnistiaren aldeko gestorak osatu ziren. Urte gogorren ostean, Amnistiaren Legea onartu, eta euskal preso guztiak espetxetik atera ziren.
1978-1983
Kartzela ziklo berria hasi zen. Borrokaldi asko eta luzeak egin zituzten, polizien oldar eta guzti. Sorian batu zituzten preso gehienak. «Saria-zigorra» sistema erabiltzen hasi zen estatua. Puerto de Santa Maria ezagutu zuten, eta Alcala Meco. Emakumeak, Yeseriasen.
1984-1986
Herrera de la Manchan batu zituzten euskal presoak. Alcala Mecon eta Yeseriasen zeuden beste batzuk. Komunikazio greba luzea egin zuten Herrerakoek, bizi baldintza duinak lortu arte. Herrerako martxa jendetsuak egin zituzten senideek eta lagunek.
1986-1989
Sakabanaketa abiatzea erabaki zuten PSOEk eta EAJk. Espainia osoan sakabanatu zituzten presoak, baita Kanaria uharteetan ere. Emakume presoak erabat sakabanatu zituzten, gutxiago zirelako. Frantzia, berriz, entregak egiten hasi zen. ETAk espetxe frontea ireki zuen.
1989-1995
Jipoiak orokortu egin ziren. Sakabanaketa areagotu eta bakartzeekin hasi ziren. EPPK berrantolatu egin zen, eta itxialdi mugagabea egin zuten, errebindikazio taula batekin. Senideak elkartea sortu zen, eta
Euskal presoak Euskal Herrira aldarrikapenarekin hasi ziren.
1995-1997
Udal bozetan, zinegotzi aukeratu zituzten hainbat preso. Frantziak presoen gaiari «besteen arazo» gisa begiratzeari utzi zion, neurriak gogortuz. Bizi baldintzak estutu zituzten. Artzain Onean txandakako gose grebak egin zituzten,
Euskal presoak Euskal Herrira lelopean.
1998-2001
Presoen aldeko ekimenak sortu ziren nonahi. Penintsulatik kanpo zeuden 21 preso Andaluzia eta Levantera eraman zituzten. Txandakako gose greba mugagabea egin zuten. EPPK aldatu egin zen, jarduera politiko eta sozialean aritzeagatik jendea preso sartzen hasi zirelako.
2001-2004
Senideak eta Gureak elkarteak batu eta Etxerat sortu zen. Askatasuna ere sortu zen. EPPK-k eztabaida egin zuen, eta logotipo berria kaleratu. New Yorkeko erasoen ostean, errepresioa areagotu egin zen. Espainiak eta Frantziak legea aldatu zuten, eta presoen egoera okertu.
2004-2008
Parot doktrina aplikatzen hasi ziren Espainian, eta
Perben legea Frantzian. Iñaki de Juanaren afera gertatu zen; Jose Mari Sagardui
Gatza-k Europan inork inoiz egindako denbora gehiena bete zuen preso, eta hala jarraitzen du. Preso gaixoak gehitu eta egoerak okerrera egin du.
Joxean Agirre - Euskal preso ohia
Espainiako Gobernuaren hasierako helburua EPPK zatitzea zela uste du Joxean Agirrek, ezker abertzalean eta ETAn eragina izan zezan. Hala ere, orain, «mendeku hutsagatik» ari direla uste du.
«Ez dute sekula santan lortuko EPPKren enborra botatzerik»
O. Elduaien.
Donostia
Hamabost urte pasatu zituen Joxean Agirrek giltzapean (1985etik 2003ra arte). Hamar espetxetan egon zen, tartean Puerto de Santa Marian (Cadiz, Espainia). Jon Anzarekin batera egon zen han. Anzak desagertu aurretik emandako testigantzak erabili ditu, besteak beste, Burdinen arteko herria liburua osatzeko.
Liburua egiteko informazioa nola bildu duzu?
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aspaldiko proiektu bat zen. Egunerokotasunaren zurrunbiloan gabiltza, eta ez genuen topatzen momentua pilatuta zegoen informazioari liburu forma eman eta argitaratzeko. Urte honetan heldu diogu gaiari. Espetxe politika inoiz baino gogorragoa bihurtu denean, inoiz baino beharrezkoagoa ikusi dugu euskal presoen testigantza intimo eta politikoa kaleratzea.
Liburuan ikusten da borrokaldiak izan direla presoak egon diren une beretik ia-ia. Aurreneko borrokaldia 1964an izan zen. Espetxean nola eta zergatik hartzen da borrokaldia abiatzeko erabakia?
Halabeharrez. Gure borroka politikoa izan da beti, bai kartzelara joan aurretik eta baita kartzelan ere. Alde batetik, edozein presoren lehen betekizuna da espetxetik hanka egiten ahalegintzea, baina horretaz aparte, espetxean zauden bitartean zure burua hornitzen, prestatzen, lagun artean gauzak ahalik eta lasaien eramaten saiatzen zara, eta ahal den neurrian Euskal Herriko prozesu politikoan eragiten ere saiatzen zara. Baina, espetxe barruko errepresioak eramaten gaitu hain ezagunak diren borroka moldeetara. Noski, espetxeak beharturiko borroka horiei ahalik eta eduki politiko handiena eman nahi diegu.
Kolektiboa sortu zenetik haren kontrako hainbat neurri hartu izan dira, preso guztiak batera espetxe berezietan, sakabanaketa, bakartzea... zergatik halako tema EPPKrekin?
Haien azterketa honako hau da: «Kolektiboan pitzadura edo zatiketa eragitea lortzen badugu, ondorioak edukiko ditu ezker abertzalean, eta ondorioz, baita ETAn ere». Hori izan zen azken xedea. Urtea joan eta urtea etorri, ikusi dute mila eratara saiatuta ere hori ez dela gauzatu, eta are gehiago, ez dela gauzatuko. Badira urte batzuk, espetxe politika mendeku hutsagatik mantentzen dutela indarrean. Badakite politikoki ez dutela ezer lortuko, baina sikiera preso politikoek kartzelaldi ahalik eta luze eta kaskarrena izatea nahi dute. Mendekuan oinarrituta dago erabat.
Liburuko esaldi bat da: «Kolektiboaren bateratasuna eta erresistentzia gailendu dira urte guzti hauetan». Nola egiten da hori? Nola «batera» sakabanatuta egonda?
Konbentzimendu politikoagatik. Sutan frogatzen da eltzea. Buelta emango diot galderari, eta galdetuko dizut, zergatik espainiar estatuak amore eman duen kolektiboa zatitzeko helburu horretan. Aspaldi konbentzitu zirelako egindako guztiak eginda ere ez dutela lortuko. Ongi asko dakite bateratasun hori hautsi ezina dela. Egongo dira damutuko diren gutxi batzuk, bere burua kolektibotik kanpo jarriko dutenak, baina horiek salbuespenak dira. Eta helburua ez zen printza batzuk ateratzea, baizik eta enborra erdibitzea.
Liburuan apenas aipatzen diren kolektibo barruko eztabaidak. Ez al da horrelakorik izan?
Batzuk aipatzen dira. Herrera de la Manchako garaian egon ziren eztabaida latzak eta haserrealdiak jasota daude. Hala ere, bereiztu beharra daude gatazka kolektiboak eta batzuek norbere kasa edo taldetxoan hartutako erabakiak. Horietako batzuk ere aipatzen dira. Kolektiboak historia luzea izan du, eta denetarako tartea egon da. 30 urte hauetan espetxetik 5.000 lagun inguru pasatu direla kalkulatzen da. Bide zidor horietatik atera direnak, ez dira 200era iritsiko. Bere garrantzia edukiko du momentuan, baina termino orokorretan anekdotak izan dira. Mingarriak -zeren lagunak ziren- baina anekdotak. Nahiago izan dugu batu eta kohesionatu gaituena aipatzea.
Zenbat urte gehiago luzatuko da EPPKren historia?
Espero dezagun liburu honi eranskin txiki-txiki bakar bat eginda nahikoa izatea. Amnistiarekin batera idatziko genuke. Zoritxarrez, pentsatzen dut oraindik kapitulu mingarriak idatzi beharko ditugula, baina beno, lehen esan bezala, badira inoiz eroriko ez diren zuhaitzak, eta hau, EPPKrena, ez dute botako. Adarrak moztu eta kalte egin bai, nahi beste, baina bota sekula santan.
Sakabanaketa datuetan
18
Presoak Euskal Herrian. Orain 750 preso daude Euskal Preso Politikoen Kolektiboan (EPPK), eta haietatik 18 besterik ez dira Euskal Herriko espetxeetan betetzen ari beren zigorra.
80
Euskal presoak dauden espetxeak. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide diren 750 presoak Espainia, Frantzia eta Euskal Herriko 80 espetxetan sakabanatuta ari dira zigorra betetzen.
16
Hildako senide eta lagunak. Sakabanaketa politikaren ondorioz bisitara joateko espetxera bidean edo espetxetik bueltan istripua izanda 16 lagun hil dira. Presoen senitarteko eta lagunak ziren guztiak ere.
21
Hildako presoak. Urte hauetan guztietan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 21 kide hil dira espetxean bertan edo kartzelak eragindako gaixotasunen ondorioz handik atera ostean.
70 urtean astebete preso politikorik gabe
Azken 70 urtean astebeteko epea besterik ez da egon batere euskal preso politikorik gabe. 1977an Fran Aldanondo azken euskal presoa espetxetik atera, eta astebetera bi lagun atxilotu zituzten Ipar Euskal Herrian.