Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:54

euskalherria;2009-06-12;Zenbatu gabeko 1.468 boto gehiago ditu II-HEk Hego Euskal Herrian. Boto baliogabeak berriz aztertzeko saioan egoteko eskubidea ukatzen ari zaiola eta, inpugnazioak aurkezten hasi da II-HE

Zenbatu gabeko 1.468 boto gehiago ditu II-HEk Hego Euskal Herrian

Boto baliogabeak berriz aztertzeko saioan egoteko eskubidea ukatzen ari zaiola eta, inpugnazioak aurkezten hasi da II-HE

Aitziber Laskibar.

140.068 boto jaso ditu Iniziatiba Internazionalistak Hego Euskal Herrian, lurraldeetako hauteskunde batzordeek atzo eta herenegun kaleratutako datuen arabera. 138.266 boto eman zizkion igandean Espainiako Barne Ministerioak. Hortaz, kontaketak berraztertu ondoren, igandean baino 1.802 boto gehiago ditu gaur-gaurkoz Hego Euskal Herrian. Horietatik 334 atzerritik bidalitakoak izanik, orain arte zenbatu gabe zeudenak dira. Gainontzeko 1.468ak, datuak biltzean egindako «hutsen» ondorioz beste alderdi batzuen zakuetan sartutakoak. «Huts» horiek ez dira bakanak izan. Lurralde guztietan eta herri askotan gertatu dira. Hortaz, hauteskundeetan «iruzur» egin den susmoa egiaztatu egin dela uste du II-HEk.

Gipuzkoan Iniziatiba Internazionalistaren 888 boto zenbatu gabe utzi zituen Barne Ministerioak, 384 Bizkaian, 126 Nafarroan eta 70 Araban. Horiek guztiak igandean hautestontzietan sartutako II-HEren botopaperak ziren, baina datuak biltzeko orduan beste taldeen zerrendei gehitu zitzaizkien. Ez da izan II-HE «huts» horien ondorioz botoak galdu zituen bakarra. Beste hainbat koalizioren boto kopuruak zenbatzean ere suertatu ziren antzeko egoerak, baina kasu bakanetan.

II-HEri orain gehitu zaizkion gainerako 334 botoak, atzerritik igorri eta egunotan zenbatutakoak dira. Gipuzkoan 172 boto jaso dira II-HErentzat, 102 Bizkaian, 43 Nafarroan eta 17 Araban.

Euskal Herritik kanpo, larriago

Ez da Hego Euskal Herria II-HEk irregulartasunak ikusi dituen leku bakarra. Ezta kezkagarriena iruditzen zaiona ere. Hego Euskal Herriko bozkaleku guztietan egon ziren hautagaitzaren ordezkariak igandean. Botoak zenbatzeko orduan ere, han egon ziren. Euskal Herritik kanpo, ordea, II-HEko ikuskatzailerik gabe egon ziren mahai gehienak. «Zer ez ote dute egin horietan!», azaldu dio Luis Ocampo bozeramaileak BERRIAri. Emaitzak ikustean, hasierako susmoak areagotu egin zitzaizkien. Zenbait mahaitan botoak bazituztela jakin arren emaitzetan agertzen ez zirela ikusi, eta boto zurien eta baliogabeen kopurua hirukoiztu egin zela jakin zutenean. «120.000 boto dira!». Baina boto zuriak igandean bertan apurtu zituzten. «Ez dugu sekula jakingo horiek benetan zer ziren».

Ocampo seguru dago zuri eta baliogabetzat jo diren milaka botopaper II-HErenak direla. Hori dela eta, lurraldeetako hauteskunde batzordeetan boto baliogabeen berrazterketak egin direnean, kontaketa horietan egoten saiatu da II-HE. Baina, orain arte, trabak izan ditu nagusi.

Kasu gehienetan, ukatu egin diete berrazterketan egoteko eskubidea. Hori gertatu zaie Guadalajara, Valladolid eta Burgosen, esaterako. Valladoliden hauteskunde emaitzak inpugnatu ditu dagoeneko, eta gauza bera egingo du gaur Guadalajaran. Han, boto baliogabeak aztertzen utzi ez zieten arren, izenak ahoz nola esaten zituzten entzun zuen ordezkariak. II-HEko kidearen esanetan, «230 eta 260 artean izan ziren Iniziatiba Internazionalista edo antzeko izenarekin esan zituztenak». Asturiasen, II-HEren legezko ikuskatzaileei kontaketan egoten ez uzteaz gain, salaketa aurkeztea ere galarazi diete. «Egoera eskandalagarria da!», dio Ocampok, egunotan bizitzen ari dena sinetsi ezinik.

II-HEko ordezkariek ez dute oraindik datu bilketa orokorrik egin. Baina zenbaketetan egotea galarazi dieten lekuetan eta irregulartasun ikusi dituzten kasuetan inpugnazioak aurkeztuko dituztela iragarri dute. Salatzen ari direna frogatzeko modurik aurkitzen badute, eta iruzurra orokortua izan dela egiazta badezakete, hauteskunde prozesu osoari helegitea jarriko diote.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia