Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:54

euskalherria;2009-06-11;Hiru eleko hezkuntza sistema iragarri du Zelaak. 2010erako hizkuntz ereduak gaindituko dituen proposamena agindu du Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak

Hiru eleko hezkuntza sistema iragarri du Zelaak

2010erako hizkuntz ereduak gaindituko dituen proposamena agindu du Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak

Erredakzioa.

Gasteiz

Heldu den urteko otsailean hiru eletan oinarritutako hezkuntza eredua proposatuko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak. Egungo hezkuntza ereduen sistema «gaindituko» da era horretan, Zelaak adierazi duenez. Hala ere, hezkuntza ereduen legea aldatu ahal izateko, «zeharkako akordioak» beharrezko direla azaldu du Hezkuntza sailburuak, eta aldaketa akordio hori lortzearen mende jarri du. Eredu berri baten proposamena egiteaz gain, A eredua hobetzeko neurriak ere iragarri ditu. Familien aukeratzeko askatasuna eta «bi hizkuntza ofizialak» ikastea bateragarri egin nahi ditu Zelaak, aldaketa horiekin. Hala ere, ikastetxe bakoitzak «bere hizkuntza egitasmoa» erabakitzeko ahala izango duela zehaztu du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Batzordean hitz egin zuen atzo Isabel Zelaak, eta Hezkuntza Sailaren egitasmoen berri eman zuen. Hezkuntza sistema «aurreiritzi identitariorik» gabeko eta giza eskubideen aldeko eremua izatea da Zelaaren erronka, eta elkarrizketa eskaintza egin die gainerako alderdi politikoei. Euskara, gaztelania eta ingelesean oinarrituko den irakaskuntzara bidea egin behar dela nabarmendu du. «1982an, Euskararen Normalizaziorako Legearen bueltan lortu ziren adostasun oinarriak egokiak direla ikusi dugu; arazoak sortu dira oinarri horiek higatzeko ahaleginak egon direnean», adierazi du Hezkuntza sailburuak.

«Elebitasun integratzailea»

Patxi Lopez lehendakari izendatzeko PSE-EEk eta PPk adostu zuten dokumentuak jasotzen du «elebitasun integratzailea» kontzeptua. Eta bi alderdi horien dokumentua bat dator Euskara 21 gogoetan adostu ziren ondorioekin, Zelaaren hitzetan. Hain justu, euskarari buruzko politikak zehazteko orduan, dokumentu hori aintzat hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari EAJk. Euskararen erabilera sustatzeko, «gehiegikeriak eta inposaketak» alde batera utzi, eta «afektua» landu behar dela uste du Zelaak. Horregatik, euskara ardatz bakar gisa hartzen zuten aurreko Hezkuntza Sailaren dekretuak baliogabetuko dituela jakinarazi du.

Alderdien arteko adostasunen ondorioz suertatzen ez bada, lege bakarra egiteko asmoa du Zelaak legealdian, irakaskuntza iraunkorra sustatzeko legea, alegia. Horrez gain, eskola publikoentzat plan estrategikoa egiteko asmoa duela azaldu du. Eraikinak berritzeko, langileen baldintzak hobetzeko eta haur eskola gehiago zabaltzeko asmoa ere agertu du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia