Unibertsitatera sartzeko hautaprobaren lehenengo eguna izan dute 10.000 ikaslek baino gehiagok Hego Euskal Herrian. Selektibitatea egitean ikasleek jasaten duten presioa salatu du IAk.
Selektibitateko kiniela eta urduritasunak
Maite Asensio.
BilboOhi baino jende gehiago dago EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Elkanon (Bilbo) duen Enpresa ikasketen eskolan. Hego Euskal Herrian unibertsitatera sartzeko hautaprobaren lehen eguna duten 10.000 ikasleetako batzuk daude bertan, Txurdinaga Behekoa institutukoak, besteak beste. Ikasgeletara sartzeko ordu erdi falta dela, ikaslez gainezka daude eskolaren ataria zein inguruko kafetegiak. Selektibitatea; hitza ahoskatze hutsak urduritasuna eragiten die gehienei. Hiru egunetan bi ikasturtean barneratutakoa biltzen duten zazpi azterketa egin beharrak hori dakar, %90ek baino gehiagok gainditu ohi duten arren.
Lehena, Gaztelania eta Literatura. Azterketa aurreko azken uneak ikasgaiari azken begiratua emateko baliatzen dituzte batzuek. «Testu motak. Iritzi testuak: editoriala», irakur daiteke ohar koloretsuetan. «Badakigu orain ez dugula ezer ikasiko», diote, aldiz, neska batzuek. Oso urduri daudela onartzen dute, batez ere Maria Gonzalezek: «Zazpitik gorako nota behar dut Haur Heziketako Irakasle Eskolan sartzeko, eta ez dut oso batez besteko ona Batxilergoan». Haren lagunek nahikoa dute hautaproba gainditzea.
«Bikain» dagoela dio, ordea, Ivan Machok. Ondoren argitzen du nondik datorkion lasaitasun hori: «Ez daukat unibertsitatera joateko asmorik; Lanbide Heziketa egingo dut, seguru aski. Azterketa nolakoa den ikustera etorri naiz». Ikasgeletan sartu baino lehen irakasleekin ere hitz egiten dute tarteka. Argazkiak ateratzen ari zaizkie Iñaki Fernandez Filosofia irakaslea, «oroitzapenerako izan dezaten, eta institutuko aldizkarian argitaratzeko».
16:00ak igarota, ikasgelen ate aurrean pilatzen dira ikasleak. Banan-banan deitzen dituzte; eseri, eta azterketen xehetasunen berri ematen diete. Oharrak eta liburuak gordetzeko garaia iritsi zaie.
Atsedenaldian, «urduriago»
Antonio Muñoz Molina idazle espainiarraren Mundos en el bolsillo (Munduak poltsikoan) testua aztertu behar izan dute Gaztelaniako azterketan. Liburuak paperean -eta ez euskarri digitalean-irakurtzeko plazerari buruz dihardu egileak. «Testu konplexua» izan dela dio Isabel Casadok atsedenaldian, baina ondo egin duela; «Orain urduriago nago. Historia dut, eta zailagoa da». «Ekonomia eta aldaketa soziala frankismoan, hori jarriko digute, seguru», dio haren albotik pasatu den mutil batek.
Beste ikasle batzuek Filosofiaren txanda dute. Karl Marx edo Friedrich Nietzscheri buruz galdetzea nahiko luke Ane Gorostiagak: «Edozein, Platon izan ezik». Filosofia irakaslea ere bat dator: «Marx suertatuko zaie, eredu ekonomikoak kolokan daudelako egun». Eta asmatu du.
Protestak
Ongietorri selektibitate espainiarrera mezuaren bidez, protesta egin dute Ikasle Abertzaleak (IA) taldeko kideek EHUren Leioako (Bizkaia), Gasteizko, Donostiako eta Eibarko (Gipuzkoa) campusetan. Azterketa sistema «bidegabea» salatu dute, ikasleek jasaten duten «izugarrizko presioagatik», eta haien gaitasunak baloratzen ez direlako, IAren iritziz. Baina, horrez gain, euskal curriculumaren aldeko aldarrikapena berretsi dute: «Argi daukagu espainiar edukiak barneratu ditugula ziurtatzeko tresna bat besterik ez dela selektibitatea».
Gaur eta bihar ere azterketak izango dira Hegoaldean, eta gaur Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo du protesta IAk.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
