Ramon Etxezarreta.
Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeaPatxi Baztarrikaren politikari jarraipena emango diola adierazi du Ramon Etxezarretak, eta ahal bada orain arteko adostasunak zabaldu. Diru laguntzak ez direla murriztuko esan du, baina baliabide gehiago jartzea zaila izango dela aitortu, garai txarren ondorioz.
«PSEk aukera historikoa du, euskararen munduek etxeko senti dezaten»
Iñaki Petxarroman.
Lasarte-Oria«Ikaraz, baina ilusioz» heldu dio Ramon Etxezarretak (Azpeitia, 1954) kargu berriari, duen erronkaren tamaina handiaz jabetuta. Sozialistek zeregin historiko garrantzitsua dute aurrean, haren ustez: historikoki alderdi ez-abertzaleek euskararekin izandako «desafekzioa» zuzendu, eta galdutako eremu hori berreskuratzeko.
Nola interpretatu liteke zu eta PSE-EEko espiritu baskista deitu izan den eremu horretako beste hainbat kide egotea Jaurlaritza berrian?
Uste dut garai batean egon den joera frontista hartatik pitinka hasi dela ihes egiten alderdi sozialista. Ze herri honetan gobernatzeko, nazionalismoaren esparru komuna okupatzen duen jende dezente behar dela iruditzen zait, herritarrek ikus dezaten normaltasun gobernu bat dela, eta, aldaketak egin behar badira, patxadaz egingo direla.
Egon al da hautagairik zure aurretik kargu honetarako?
Ez dakit, ez dut galdetu... Lopez gobernua egiten hasi zenean, jende guztiak zioen «Etxezarreta izango da kargu horretan»... Baina ez dakit, niri ez didate alderdi barrutik deitu, Blanca Urgell sailburuak berak deitu zidan.
Euskaltzaleak ez dira asko fidatzen sozialistekin, eta sozialistak ere ez euskararen munduan dabiltzan askorekin. Nola egin dakioke aurre egoera horri?
Alderdi sozialista ere euskalgintza dela errekonozituz. Oso ohitura txarra da euskalgintza eta alderdi sozialista bi esparru direla esatea, edo euskalgintza eta Jaurlaritza... Euskalgintza guztiok gara. Bestalde, alderdi sozialistaren fidagaiztasun batzuk arrazoizkoak izan daitezke, eta besteak sinboloen kulturan dauden estereotipoetan oinarritutako uste faltsuak. Uste dut alderdi sozialistak aukera historiko bat duela euskararen mundu horiek etxeko senti dezaten... Eta deskubritu dezan, esker oneko alderdia dela hori, jendeak estimatzen duena.
Alderdien legez kanporatzeetan oinarritutako Legebiltzarra osatu da, eta Jaurlaritza berriak egoera horri esker lortu du gehiengoa, EAJ kanpoan utzita. Ez da egoerarik erosoena.
Euskal gizarteko alderdi batek ez du asmatu, bere erruz, legearen erruz, beste batzuen erruz, hauteskundeetan egoten. Ez dakit zer gertatuko zen ezker abertzale historikoa hauteskundeetan egon balitz, baina haren eginkizuna bada EAJko lehendakari bat egotea; horretarako, EAJ nahikoa dela iruditzen zait. Egia da niretzat jokaleku hau ez dela erosoa, baina hori baino egoera konplexuagoak badira. Aitortu behar da alderdi guztien sentiberatasuna euskararekiko ez dela berdina, eta nolabait alderdi ez-nazionalistek euskararekiko desafekzio historikoa erakutsi dutela: abertzaleei axola izan zaie euskara eta ez abertzaleei ez. Hori hor dago, eta eremu hori berreskuratu egin behar da.
Lehendakaria ez da euskalduna, hainbat sailburu ere ez. Hauteskunde programa erdara hutsez zuen PSE-EEk. Ez al da bigarren mailako hizkuntza euskara PSE-EErentzat?
Ez da zilegi hori orain aipatzea. Hizkuntz ereduei buruzko eztabaida handi bat egon da aurreko legealdian, eta Jaurlaritzako sail horretan arazo horri buruz lerro bakarra ere ez da idatzi euskaraz. Egia da programa erdara hutsez egin duela, eta hori zaindu egin behar da, besterik ez bada gizarteko sektore handi baten eskubideak zaintzeko, eta sentiberatasuna erakusteko. Baina ez gaitezen izan maximalista: alderdi guztiz abertzaleek, supereuskaltzaleek, badakigu ze hizkuntzatan izaten duten dokumentazioa. Sozialistek berdina egiten dugunean jakin, eta haizatu egiten da.
Modu egokia da Hezkuntza sailburua Ibilaldira ez joan izana?
Ibilaldia ikastolen festa bada, festak ez dira derrigorrezkoak izaten, eta herritar bakoitzak autonomia izan behar du euskararekiko harremana bitartekorik gabe kudeatzeko. Orduan, zenbait festa hezkuntza kudeaketako eredu baten festa dira, baina euskara beste eredu batzuetan ere badago. Horietan, segur aski, etorkin gehiago euskalduntzen dira. Ez dezagun mezetara joatea derrigorrezko bihurtu katolikoa izateko.
Nola baloratzen duzu Patxi Baztarrikaren azken lau urteko lana?
Oso ondo. Uste dut kontsentsua lantzeko ahalegin handia egin duela. Denbora politikoetan nagusi zen diskurtsoarekin ez da lerratu, eta zenbait erabaki erabat inpopular hartzeko adorea izan du. Ildo horretan, Euskara XXI sortu zuen kontsentsu foro hori erabat baloratzekoa da, eta jarraitzeko ahalegin bat egin behar dugu ondoren etorri garenok.
Beraz, jarraipena emango diozu haren politikari?
Bai, hala esan liteke. Nire sailari dagokion eginkizuna da aholkua ematea besteei, konbentzitzea, eta, baliabideak dauzkadan neurrian, besteei euskararen bide hori erraztea. Zentzu horretan aldaketa gehiegi ez da egongo. Inportantea da kontsentsuak ez murriztea, eta ahal bada zabaltzea. Jarraipeneko eginkizuna izango da neurea.
Baliabide gehiagorekin, akaso?
Lopezek konpromisoa hartu zuen euskarari sos bakar bat ez gutxitzeko, eta saioa hor egin behar dut, ahal bada, baliabideak handitzeko, baina ez daude denborak hori bermatzeko moduan.
Baztarrikaren eta euskalgintzako erakunde batzuen arteko harremana (Kontseiluarekin, esaterako) ez da beti erraza izan... Zer moduzko harremana eduki nahi zenuke zuk?
Jendearekin tirabirak izatea normaltzat jo behar da. Gertatzen dena da bide bikoitzak ezin direla erabili. Kontseilua, bere burua ordezkatzen duen neurrian, solaskide bat da, eta kontuan hartzekoa. Baina Kontseiluak ordezkatzen dituela esaten duten erakundeak banaka hasten badira harremanetan, haiek ere badute legitimitatea. Eta auzirik handiena, agian, hor egon daiteke.
Euskarazko hedabideak sustatzea lehentasunezkotzat jo zuen aurreko Jaurlaritzak. Zuretzat ere hala da?
Baietz uste dut. Badago diskurtso bat euskara bizitzaren alor guztietan kokatu nahi duena, beste hizkuntzen pare. Lortu behar dugu beste diskurtso hau: euskara gai dela zenbait proiektu lideratzeko, non, bi hizkuntzetakoa egon arren, euskaraz egindakoa delako indartsuena eta dinamikoena. Zenbait esparrutan euskarazko komunikabideek ez dute erdarazkoen konplexurik. Oso mundu autonomoa da -finantzieroki izan ezik-, oso inportantea; uste dut apustu sendoa egin beharko dela.
Idatzizko prentsa ataka zailean da. Nola ikusten duzu egoera, eta zer egin daiteke egoerari aurre egiteko?
Sektorearekin egon beharko da, eta arazoa planteamendu zehatzetan zertan den entzun, ia irtenbiderik planteatzeko kapazak garen. Ikusten da denborak nora daraman kontua, baina euskarria da beharbada zalantzan dagoena. Bestetik, badira proiektu politikoak non idatzizko hedabideak estatuko proiektu estrategikotzat hartzen dituzten, hedabideek hala eskatzen badute behintzat.
Euskarazko kultur ekoizpenaren egoera ere ez da erraza, kontsumoa ez baita handitzen ari, ez literaturan, ez ikus-entzunezkoetan...
Seguruena ekoizpenak egokitu behar du. Ez dakit nik esatea ausartegia den, baina ez dago zer gutxiago ekoizturik. Alabaina, formatua alda daiteke. Nolabait ekoizten den hori euskal herritarraren interesekoa bada, agian beste formatu batean iritsarazi behar zaio, eta kontsumoaren kontzeptua aldatu.
Euskaldunen kopurua handitzen doa, baina erabilera kalean, gizartean, ez da handitzen ari hein berean.
Zenbait esparru ia osoki okupatzen ditu euskarak. Horrek du garrantzia. Ez dut uste lehen baino gutxiago egiten denik, eta seguruena euskara, gure mentalitatean, lurraldeei gehiegi lotzen diogu. Baina hizkuntzaren esparrua ez da lurraldea. Hori gainditzen du, eta hiztunen komunitateak daude hemen, Argentinan, Montevideon, Tokion... Ekitaldiak eta proiektuak gehiago markatzen du lurraldeak baino.
Hizkuntz ereduei eustearen alde agertu da gobernu berria... Ez al da frogatu egungo hizkuntz ereduen sistemak ez duela euskalduntzen?
Hezkuntzan euskal herritar batek eskubidea izan behar du bere hizkuntza aukeratzeko. Garai batean asko aipatzen genuen ama hizkuntzan hezitzeko eskubidea. Hori bermatuta dagoela dirudienean, gertatzen da jaiotzen diren haurren bi herenek ez dutela euskara ama hizkuntza. Haiei herritartasunik ezin zaie ukatu. Ereduak seguruena egokitu beharko dira, baina aldaketak egiten hasteak, alternatiba hoberik ez duzunean, ez dakit zentzurik daukan.
Baina A eredua mantentzeak ez al du esan nahi ume batzuei euskarazko murgiltzea ukatzea?
Esan nahi du ume bakoitzari aukeratzen utziko zaiola. A eredua lehen badago, eta gero egongo da, jendeak eskatzen badu.
Beraz, jarraituko dutela eskolatik herritar erdaldunak ateratzen.
Ez, herritarrei ama hizkuntzan eskubideak emango zaizkie, eta eskubide hori ez dago ukatzerik. Hori bateragarria da euskaraz ikasi eta irakastearekin.
Baina zeinek mugatzen du zein, euskaraz ikasi nahi ez duenak, edo euskara erabili nahi duenak?
Eskubide pertsonalak eskubide pertsonalak dira, eta errespetatu behar dira. Nik eskubidea dut nire hizkuntzan ikasteko, eta nik badut, beste mundu guztiak du.
Askotan aipatzen da Katalunia, baina han erabat normala dena -PPko diputatuak katalanez aritzea, esaterako- hemen utopia hutsa da.
Baina hemen utopikoa da diputatu nazionalistak euskaraz aritzea. Ez dakit konturatzen garen. Niri askotan esaten didate kide sozialista katalanak eta galegoak katalanez eta galegoz aritzen direla, eta hemen zergatik ez ote den egiten euskaraz... Nik, maliziaz, erantzuten dut: «Hemen, diputatu nazionalistek euskaraz hitz egiteko ez dutelako denborarik». Iruditzen zait hori errealitate soziolinguistikoaren isla dela.
PPren diskurtsoa badakigu zein den. Nola baldintzatuko zaitu horrek?
Politikan faktorerik euskalduntzaileena boterea da. Boterean den politikariak euskararekiko askoz ere konpromiso gehiago hartzen ditu, guztiz ergela ez bada... Izan ere, badaki gizartean eskari hori dagoela, eta ez maitasunagatik, baizik eta kalkulu politiko hutsez, gehiago atxikitzen zaio. PPn, eta gure artean ere, egongo da diskurtso espainiar nazionalista, baina eremu politiko praktikoan ez dut uste eragin gehiegi izango duenik...
Euskara askatasunean izan zen PSE-EEren kanpainako leloa, baina euskara askatasunean erabili nahi duten herritar asko behartuta daude erdara erabiltzera administraziora jotzen dutenean.
Neurri batean. Beste kontu bat da euskara erabiltzeko esparrua dagoenean, jendeak euskara gutxi erabiltzen duela. Hori larriagoa da legeak jartzen dituen mugak baino. Euskaraz egin daitekeen esparru haietan hiztunek aukera hori gutxi aprobetxatzen dutela. Apustu garrantzitsuagoa da egin daitekeen esparruetan gehiago eta hobeto egitea, ezin denetan egin behar dela adieraztea baino.
Iristen dira, ordea, halako mezuak: hizkuntz eskakizunak malgutu behar direla lan deialdi publikoetan, edota profesional ona izateko ez dela euskalduna izan beharrik...
Hizkuntz eskakizun handiagoa eskatzeak ez du esan nahi hizkuntz politika egokiagoa denik. Eta jendeak badu uste hori; duen bezala, hizkuntz eskakizuna denean, euskaraz ez dakiena baztertu egiten dela. Uste faltsuak dira biak.
Ikasiko al du Patxi Lopezek euskara?
Nahi nuke, eta ikasten duen oro, eskertu egingo zaiola ziur nago.
Zer moduz doa taldearen osaketa?
Uste dut astearteko gobernu kontseilura eraman ahal izango dudala talde osoa osatua.
Kalabaza asko eman dizute?
Ez.
Aurretik zegoen bakarren bati postua eskaini, eta ezetz esan al dizu?
Bakarren batek bai, baina oso ezezko leunak izan dira.
@Elkarrizketaren bideoa 'Esan Ahala' saioan:
www.berria.info
«Nire mapa euskararena da»
I. Petxarroman.
Lasarte-OriaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
