harian;2009-06-03;ÇEAren funtsariÈ heldu nahi diote kritikoek, ÔAlkarbideÕ izena hartuta. EAk azken urteetan hartu duen norabidean ziaboga ematea ezinezkoa dela ikusita, alderdi propioa sortzea erabaki dute Ez dituzte utziko EAren zerrendetan aurkeztuta lortutako kargu publikoak
«EAren funtsari» heldu nahi diote kritikoek, 'Alkarbide' izena hartuta
EAk azken urteetan hartu duen norabidean ziaboga ematea ezinezkoa dela ikusita, alderdi propioa sortzea erabaki dute
Ez dituzte utziko EAren zerrendetan aurkeztuta lortutako kargu publikoak
Oihana Elduaien.
EA bitan zatitu da. Garbi zeuden alderdi barruko bi joerak. Garbi zeuden bien arteko desberdintasunak, eta garbi zeuden elkar ulertzeko zituzten ezintasunak. Azken urteetako erabakiekin EAren sorrerako arrazoiak alboratu egin direla uste dute kritikoek. Ez daude norabide aldaketarekin ados, eta azken hauteskunde emaitzen bilakaerari erreparatuz, hautesleek ere gauza bera pentsatzen dutela uste dute. Saiatu dira alderdiko zuzendaritza ziaboga eman beharraz konbentzitzen, baina hain daude urrun iritziak, non elkar ulertu ezinik alderdia utzi baitute. Beste alderdi bat sortuko dute: Alkarbide «mugimendu nazional, abertzale, demokratiko eta sozialdemokrata».
Gipuzkoako sektoreak utzi du alderdia, Iñaki Galdos buru duela. Herenegun gauean jakinarazi zuten Alkarbide sortzeko erabakia, hamabost lagunek sinatutako ohar baten bidez. Gipuzkoako Batzorde Eragileko kideak dira sinatzaileak; haien artean, Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidente eta herrialdeko Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren albokoa, Pello Gonzalez Ogasun diputatua, Joxan Rekondo Batzar Nagusietako EAko bozeramailea eta Jon Urien Zarauzko alkatea. Nolanahi ere, alderdia utzi arren, ez dute asmorik alderdi horren zerrendetan aurkeztuta eskuratu zituzten kargu publikoak uzteko. Horrenbestez, alderdia utziko duten arren, Gipuzkoako diputatu izaten jarraituko dute Iñaki Galdosek, Pello Gonzalezek, Maite Etxanizek eta Jose Ramon Guridik. Lurralde hartako legebiltzarkide guztiek ere alderdia utziko dute, karguei eutsiz.
Alderdi ezezaguna
Norabide estrategikoa aldatu duenetik EA «ezezaguna» zaie bere hautesleei, sektore kritikoaren arabera. Oso esanguratsua iruditzen zaie alderdiak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan «bere buruari ezker abertzalea deitzen dion indar politikoarekin polo subiranista egiteko apustu garbia» egin izana. Erabaki horrekin zuzendaritzak EAren sorrerako arrazoiak alde batera utzi dituela uste dute, eta, hargatik, haiek berreskuratzeko ahaleginari ekingo diote kritikoek, Alkarbiderekin.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean Suspertu prozesua abiatu zuten, eta horren ondorioa da alderdia uztea. Prozesu horretan «belarria» jarri dute afiliatuek entzuteko. Herrietara jo dute, eta kultura eta unibertsitate munduan ere landu dituzte harremanak. Alkarbideko iturriek diotenez, prozesu hartan guztiek zioten arazoa EAren norabide aldaketa zela.
Estrategiarekin ados ez egoteaz gain, zuzendaritzak izan duen jarrera ere ez zaie gustatu. «Ofizialak ez ziren» erabakiguneetatik «baztertu» egin zituztela diote, baina, hala eta guztiz ere, «alderdiaren nortasuna diren sortze ezaugarriak berreskuratzeko», ahalegin «leial, zintzo eta kontzientea» egin dute. Alferrikako ahalegina izan dela uste dute. Zuzendaritza nazionalak ahaleginarekin bat ez egiteaz gain sektore kritikoa berriz baztertu duela diote, hala nola hilaren 20an eta 21ean egitekoak diren kongresutik. Gainera, zuzendaritza joera kritikoaren «barne likidazioa» prestatzen ari dela uste dute, alderdia propio horretarako berrantolatuz.
EAren bidea 1986an alderdia sortzeko orduan marraztu zena dela esaten dute kritikoek, eta, hori alderdi barruan ezin dela egin uste dutenez, «alderditik kanpo» egitea erabaki dute. Hala, alderdi berria osatzen hasiko dira datozen asteetan. Sortze prozesu horretan presarik gabe arituko dira. «Lasai» hartu nahi dute, «denborarekin», eta «gauzak ondo eginez».
Erreakzioak
«Aurrez ikusten ahal zen, baina pena da urratsa egin izana»
Sabin Intxaurraga
Europako bozetarako EAko hautagaia
Ildo kritikoen erabakiak ez du ustekabean harrapatu Sabin Intxaurraga Europako Legebiltzarrerako EAko hautagaia. «Aurrez ikusten ahal zen, baina pena da urratsa egin izana». Haren ustez, EAk «betiko oinarriekin» jarraitzen du. «Alderdi abertzalea da, independentista eta Europa federal baten barnean euskal errepublika baten alde egiten duena».
«Horrelako emaitzen ondotik normala da ika-mikak egotea»
Iñaki Gerenabarrena
EAJko ABBko presidentea
Iñaki Gerenabarrena EAJko ABBko presidenteak uste du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorioa dela. «Horrelako emaitzen ondotik normala da ika-mikak egotea, baina egia da EAn handiak izaten direla». Banaketaren arrazoiei dagokienez, argi utzi du EAJ dela «polo abertzale baten ezinbesteko zutabea» bere arabera.
«Egoera zailduko da Gipuzkoako Foru Aldundian»
PSE-EE
PSE-EE kezkatuta dago EAren banaketak Gipuzkoako Foru Aldundian izan dezakeen eraginari buruz. «Egoera zailduko da Gipuzkoako Foru Aldundian». Han dituen lau diputatuak ildo kritikokoak dira, eta EAren babesa ez izatea arazoak sortuko dituela uste du PSE-EEk. «Banaketak areagotu lezake diputatu nagusiaren ahulezia, Gobernuan eragingo duelako».
Zuzendaritzak gaur aztertuko du kritikoen erabakia
EAko zuzendaritza nazionala gaur bilduko da kritikoen banaketari buruz eztabaidatzeko. Donostian daukaten egoitzan eginen dute bilera, eta arratsaldean horren berri emanen du Koldo Amezketa alderdiko presidenteordeak. Alderdia uzteko kritikoen erabakia jakin baino lehen, Amezketak «errespetua» eskatu zuen larunbatean Iñaki Galdosek egindako adierazpenen harira. Alderdiaren barnean zeuden bi joerak «bateraezinak» zirela erran zuen, eta azpimarratu hautatu behar zela «nazionalismo instituzionalaren» eta «ezker abertzaleak bideratuko lukeen polo subiranistaren artean». Amezketa minduta agertu zen, haren ustez kritikoek polo subiranistaren definizioa «manipulatu» dutelako.
1986
Eusko Alkartasunaren sorrera. 1986ko irailean sortu zen EA. EAJtik banandu ziren lagun batzuek sortu zuten. Hilabete geroago Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkeztu zen, eta 180.000 boto jaso zituen, boto-emaileen %15 eta 13 aulki.
EAko Arabako diputatuek alderdian jarraituko dute
Mikel Mintegi Arabako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak eta Lorena Lopez de la Calle Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak EAn jarraituko dute. Ez dute bat egin kritikoek alderdia uzteko hartu duten erabakiarekin. Patxi Martinez eta Lauren Uria Arabako Biltzar Nagusietako kideek ere orain arte bezala jarraituko dute EAren izenean lan egiten. Bizkaian EAk Batzar Nagusietan kide bakarra dauka: Joseba Gezuraga. EAko ildo ofizialaren hurbilekoa da, eta ez dirudi alderdia utziko duenik. Gipuzkoan hautatu zuten arren, Jesus Mari Larrazabal alderdiak Gasteizen duen legebiltzarkide bakarra EAko zuzendaritza nazionalaren ildoarekin bat dator.
%68,5
Zuzendaritzaren babesa. 2007ko kongresuan hautagaitza bakarra aurkeztu zen. %68,5eko babesa lortu zuen. Bi ildoak ados jarri ziren eta zuzendaritzako hamar kideetatik sei ziren ildo ofizialekoak, hiru kritikokoak, eta azkena, Joseba Azkarragak hautatua.
Batasun irudia ematen saiatu arren, bistakoak izan dira EAren barruko joerak. Elkar ulertzeko saioak egin dituzte azken urteetan, harik eta ezberdintasunak handiegiak direla konturatu diren arte.
Beti krisian egon den bikotea
O. Elduaien.
Beti egon dira krisian. Behin eta berriz adiskidetu dira, eta behin eta berriz saiatu dira bikoteari eusteko akordioak lortzen. Batzuetan lortu dute eta besteetan ez. Ahaleginak egin dituzte krisiak gainditzen, eta saiatu dira alderdi bateratuaren irudia ematen. Baina ezadostasunak handiegiak ziren teilatupe berean bizitzeko.
1999an egin zuten agertu ziren aurreneko zatiketak, V. Biltzar Nagusian. Carlos Garaikoetxeak alderdiko lehendakaritza uztea erabaki zuen urte berean, zerrenda aurkeztu zuen «sektore berritzaile» gisa bataiatu zuten sektore kritikoak zuzendaritzarako. Aurreneko aldia zen EA barruan bi zerrenda aurkezten zirela. Begoña Erraztiren zerrenda nagusitu zen bozketan, eta kritikoen zerrendak konpromisarioen %35 ingururen babesa lortu zuen.
2003an, VI. Biltzarrean, biren faltan, hiru zerrenda aurkeztu ziren alderdiko zuzendaritzarako. Erraztiren zerrenda, Galdosena eta Sabin Intxaurragarena. Zerrenda bateratua osatzen ere saiatu ziren, baina negoziazioek ez zuten emaitza onik eman.
Alderdiaren azken kongresua izan zen pitzadurak azaldu zirenetik alderdiak batasun irudi sendoena eman duen aldia. 2007an egin zuten VII. Biltzarra, eta zenbat zerrenda aurkeztuko ziren jakiteke hasi zen, baina egun osoa negoziatzen pasatu ostean, zerrenda bakarra adostea lortu zuten. Kritikoek hiru ordezkari zituzten zerrenda horretan.
Kongresu hartan, Iñaki Galdos kritikoen buruak behin eta berriz azpimarratu zuen alderdiak aurrera egiteko zerrenda bakarra aurkeztea beharrezkoa zela. Lortutako akordioa zerrenda bakarretik haratago zihoala ere esan zuen Galdosek, etorkizunera begira zutabea jarri zela eta alderdia etorkizunean osasuntsuago egongo zela.
Bistan da ez dela hala gertatu. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako ildoa izan da haustura ekarri duen azkeneko kolpea, baina pitzadurak aspalditik zeuden agerian.
Udal eta Foru Hauteskundeetan ere nabaritu ziren pitzadura horietako batzuk. EAE-ANVrekin akordioak lortu zituzten EAko hautetsiek herri batzuetan; esate baterako, Azpeitian eta Zumaian. Azpeitian EAJ izan zen zerrenda bozkatuena, baina EAk ezker abertzalearekin eta Aralarrekin bat egin zuen eta alkatetza ezker abertzalearen esku utzi zuen. Sektore kritikoa asko haserretu zen, eta Gobernutik ateratzeko eskatu zieten Azpeitiko zinegotziei. Alderdiko zuzendaritzak, ordea, erabateko babesa eman zien Azpeitiko hautetsiei.