Poliziak bahitu, jazarri eta jipoitu egin duela salatu du Bilboko preso ohi batek
AAMren esanetan, ez da polizia informazio eske jazartzen ari den bakarra; gerra zikina itzuli dela ohartarazi du
Aitziber Laskibar.
BilboGerra zikina Euskal Herrira itzultzen ari dela uste du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Ez duela zalantzarik dio. Azken hilabeteetan hainbat herritar jasaten ari diren jazarpena du horren erakusgarri, eta hedabideen aurrean aurkeztu du azken gertaera. Lander Fernandez Bilboko gazteak lehen pertsonan kontatu du aurreko asteko asteartetik jasaten ari dena. Kaleko jantzitako poliziek indarrez bahitu zutela, Poliziari laguntza emateko eskatu ziotela mehatxu artean, eta ordutik jarraika dituela. Herenegun, etxeko atari ondoan jipoitu egin zutela ere kontatu du. Lagunen laguntzarekin dabil aurreko astetik Santutxuko preso ohia. 29 urte ditu. Ez da inora bakarrik joaten. «Ez dakit zer egin ahal didaten».
«Lander, nirekin etorri behar duzu». Hitz horiek entzun zituenean hasi zen gaur arte etenik izan ez duen jazarpena, Fernandezek berak kontatu duenez. Aurreko asteko asteartea zen, 11:30 ziren, eta ikasketak egiten dituen Elorrieta institututik ateratzen ari zen. Ertzaina zela esan zion pertsona batek berekin joateko agindu, eta besotik heldu zion. Beste pertsona batek beste besotik heldu, eta auto batean sartu zuten indarrez. Bilbotik kanpora eraman zuten. «Lutxana edo Asua ingurura, inork ikusi ezin gintuen leku batera».
Epaile batek bera hamar urtez espetxeratzeko moduko froga duela sinetsarazi nahi zioten poliziek, Fernandezen esanetan. Ondoren egin zioten proposamena: «Bi aukera dituzu: edo hamar urte espetxean egin, edo gurekin kolaboratu».
Ordu erdi beranduago, azterketa bat zuela eta, institutuan utzi zuten berriz, 15:00etan bere bila itzuliko zirela ohartarazita. Institututik atera zenean ez zituen berriz ikusi, eta etxera itzuli zen.
Ordutik lagunduta joaten da institutura. Ia egunero ikusi ditu hiru polizia haiek, baina jendez inguratuta egon denez, poliziek ez dute beregana jo.
Asteazkenean, ordea, etxeko ataritik 30 bat metrora utzi zuten lagunek eguerdian. Berehala etorri zitzaion polizietako bat, korrika, berekin joan behar zuela esanaz. Fernandez izkin egiten saiatu zen, baina lau polizien artean hartu, lurrera bota eta jotzen hasi ziren. Oihuka hasi zen preso ohia, lurrean zutenean: «Bahitu egin nahi naute!». Gertatu ahal zitzaionagatik beldurtuta, jendea ohartarazi nahi zuela kontatu du. Poliziek, klinex bat ahoan sartuta isilarazi zutela, eta bertaratzen ari zen jendeari, poliziak zirela esan eta joateko agindu ziotela. Hainbat kolpe eman, eta sortutako zurrunbiloa ikusita, gaztea bertan utzita joan ziren.
Fernandezek gero jakin zuenez, inguruko tabernetara joan ziren poliziak, «ez zutela ezer ikusi gogorarazteko». «Baina dena ikusi zuten lekuko asko daude», azaldu du. Fernandez medikuarengana joan zen zauriak sendatzera, eta salaketa jarri zuen epaitegian.
«Landerrena ez da kasu isolatua izan», ohartarazi du Roberto Novalek Bilboko AAMren izenean. Prentsaurrekoko mahaia osatzen duten beste bi lagunek ere, azken hilabeteetan antzeko egoera jasan dutela kontatu du. Ana Lopez preso ohia eta Luise Fernandez egon dira mahaian eserita. Horiek ere jazarri dituzte poliziek, eta «kolaboratzeko» eskatu diete.
Hori guzti hori ikusita, kezkatuta agertu da AAMko kidea. «Benetan larria da. Landerri egin diotena bahiketa da, diktaduretan ohikoa den ezkutuko praktika poliziala». «Eta ikusten dugun bezala, ez da kasu isolatua».
«Rubalcabak zuzendutako gerra estrategiaren kapitulu berria» den susmoa plazaratu du. Halakoak «sistematikoki» gertatzen diren heinean, antolatuak direla ohartarazi du. «Nork agintzen ditu?», galdetu du, «XXI. mendeko gerra zikinaren aurrean» gaudela ohartarazi dute.
Jon Anza
Bahiketez mintzatzen hastean, Jon Anzaren egoera ekarri du gogora. «Zer gertatu da Jonekin? Non dago?». Apirilaren 18tik desagertuta dago iheslaria. Bere hurkoek ez dutela berari buruzko inolako berririk gogoratu du. Eta, AAMk hasieran «hipotesi guztiak irekita» bazituen ere, hipotesi bat «indartzen» ari dela azaldu du. Bahitu egin dutela sinetsita dago. Fernandezen kasua ezagutu ondoren, gainera, are zalantza gutxiago ditu. Duela hiru bat hilabete Juan Mari Mujika iheslari politikoa ere bahitu, mendira eraman, eta poliziari laguntzeko eskatu ziotela ere gogoratu du.
Okerrena pentsatzera darama AAM horrek guztiak. Anzaren desagerketa «Argentinako diktaduran ohikoak ziren gertaerekin» eta Kolonbiako paramilitarren jarduerekin alderatu du. «Azken gertakariak salbuespen egoeraren mailarik gorenena dira».
Horri guzti horri aurre egin behar zaiola dio, beraz, Novalek. Eta, jazarpen kasuak gehitzen ari direla ikusita, antzeko egoerak pairatu dituztenei, gertatutakoa salatu eta AAMrengana jotzeko eskatu diete. «Salaketa judiziala eta erantzun soziala dira inpunitatezko gertaera hauei mugak jartzeko biderik eraginkorrenak».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
