AIk parez pare jarri ditu Espainia eta Errusia torturak ikertzeko moduan
Espainiak eta Frantziak ez dituzte tortura salaketak behar bezala ikertzen, Amnesty Internationalek 2008ko txostenean dioenez
Espainian torturaren praktika «hedatua» eta «etengabea» dela salatu du Krakenbergerrek
Edurne Begiristain.
GasteizEspainian eta Frantzian torturen eta tratu txarren salaketak ez direla behar bezala ikertzen ohartarazi du Amnesty International (AI) erakundeak. Bi herrialde horietan tortura kasuei buruzko ikerketa egokirik egin ez izanak praktika horren inguruan «zigorgabetasuna» sortu duela salatu du AIk. Espainiaren kasua, gainera, Errusia, Ukrainia edota Turkia bezalako herrialdeekin parekatu du, herrialde horietan guztietan torturen salaketa egiteko «baliabide independente nahikorik» ez delako jartzen. 2008. urteari dagokion txostenean jaso du salaketa hori Amnesty Internationalek. Andres Krakenberger, Marta Gonzalez eta Oneka Idigoras Amnesty Internationaleko ordezkariek aurkeztu dute txostena.
Txosten horren arabera, joan den urtean «legea betearazi» behar zuten funtzionarioen aurkako tortura salaketa ugari egon ziren Espainian eta Frantzian, baina poliziek eta epaileek ez zuten horien inguruko ikerketarik egin. Bereziki Espainiako kasuari erreparatu dio AIk txosten horretan. Krakenbergerrek adierazi du Espainian tortura praktika ez dela «sistematikoa», baina «hedatua eta etengabea» dela. Halaber, Espainian torturen eta tratu txarren salaketen inguruko ikerketa «independente, azkar eta zehatzik» ez dela egin, auzitegietako medikuek ez dutela tortura kasuen inguruko txosten zehatzik egin, eta torturak pairatu dituzten biktimen aldeko neurriak «beranduegi» jarri direla martxan salatu du AIko ordezkariak.
Horren harira, Amnesty Internationalek dio iragan urtean Espainiak ez zuela tortura salaketen jarraipena egiteko «baliabide independente nahikorik» jarri. Espainiako kasua eta modu berean jardun duten Europako hainbat herrialde -Bosnia-Herzegovina, Grezia, Kazajistan, Errusia, Turkia, Ukrainia eta Uzbekistan- parez pare sailkatuta datoz txostenean. AIk kritikatu du herrialde guzti horietan izandako tortura salaketetan, epaileek ez dietela erantzukizunik eskatu segurtasun indarrei ezta Estatuetako agintariei ere. Halaber, nabarmendu du fiskalek ez dutela tortura salaketen inguruko ikerketarik ireki, tortura kasuengatik zigortutako poliziei «zigor arinak» ezarri zaizkiela, eta salaketen jarraipena egiteko «sistema independenterik» ez dela martxan jarri.
Horrekin batera, AIk gogorarazi du iaz apirilean zer ohar egin zion Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Espainiari: tortura kasuak ikertu behar direla «zehatz eta modu eraginkorrean». Halaber, AIk gogorarazi du Auzitegiak ohar hori egin ostean Martin Scheininek kezka azaldu zuela Espainian izandako tortura salaketengatik eta «terrorismoaren legedia modu zabalean» erabiltzen zelako -Martin Scheinin da terrorismoaren kontrako borrokan giza eskubideak bermatzeko Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezia-.
Scheininek egindako salaketaren harira, AIk ohartarazi du Espainian inkomunikazioa erabiltzen jarraitzen dela, eta neurri horrek torturak eta tratu txarrak dakartzala. Txostenean bildutako adibideen artean daude Igor Portu eta Mattin Sarasola ustezko etakideen kasua; iazko urtarrilean, torturak salatu zituzten Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon ostean. Donostiako instrukzio epaileak Portu eta Sarasolaren tortura kasuak ikertzea eskatu zuela azpimarratu du AIk.
ETAren ekintzak ere aipatu ditu AIk txostenean. 2008an lau lagun hil zituela gogoratu du: Juan Manuel Piñuel, Luis Conde de la Cruz, Isaias Carrasco eta Inaxio Uria. Halaber, ETAk hainbat atentatu burutu zituela eta mehatxuak egin zituela salatu du. «Armak, mehatxuak eta estortsioa» behin betiko amaitzeko eskatu dio AIk ETAri.
Frantziako legedia
Frantziako Estatuari buruzko atalean, Amnesty Internationalek salatu du atxilotuen errugabetasun printzipioa urratu dituzten bi araudi onartu zituela iragan urtean: badaezpadako atxiloketak egiteko bideratutako legedi berria, eta poliziari «herritarren bizitza pribatuari» buruzko informazioa ikertzeko ahalbidetzen zion araudia. Aurreneko legediari dagokionez, AIk kritikatu du epai bidez ezarritako espetxe zigorrak «mugarik gabe» handitzeko aukera ematen zuela, eta horrek askatasun eskubidea eta errugabetasun printzipioa urratzen zituela. Gainera, AIk oroitarazi du NBEko Giza Eskubideen batzordeak legedia berrikusteko eskatu ziola Frantziako Gobernuari.
Gisa berean, «terrorismoa» borrokatzeko 2006an onartutako legediarekin kezkaz dago AI. NBEko giza eskubideen batzordeak Frantziako Gobernuari emandako gomendioari jarraiki, AIk azpimarratu du legedi horrek ez duela bermatzen atxilotuek abokatuarekin lehenbailehen egoteko duten eskubidea edota epailearen aurrera berehala igarotzekoa.
Horrez gain, AIk txostenean dio Frantziako Gobernuak etorkinak kanporatzen jarraitu zuela iaz, eta maiz giza eskubideak «larriki» urratzen dituzten jatorriko herrietara. Era berean, kezka agertu du egoera irregularrean dauden etorkinek eta asiloa eskatu duten lagunek atxiloaldian tratu txarrak eta torturak salatu dituztelako.
«Ekonomia krisiaren atzean giza eskubideen krisia dago»
38.000
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
