Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:42

harian;2009-05-27;291 urteren kartzela zigorra ezarri du Auzitegi Gorenak 18/98 auzian. Auzitegi Nazionalak ezarritakoak (525) eta Goreneko fiskalak eskatutakoak (402) nabarmen murriztu ditu epaimahaiak KAS, Ekin eta Xaki legez kanpokotzat jo ditu Auzitegi Gorenak epaian

291 urteren kartzela zigorra ezarri du Auzitegi Gorenak 18/98 auzian

Auzitegi Nazionalak ezarritakoak (525) eta Goreneko fiskalak eskatutakoak (402) nabarmen murriztu ditu epaimahaiak

KAS, Ekin eta Xaki legez kanpokotzat jo ditu Auzitegi Gorenak epaian

Pello Urzelai / Aitziber Laskibar.

Auzitegi Gorenak jakinarazi du 18/98 auziaren epaia, auzipetuen defentsak jarritako helegiteei buruzko auzi saioa egin hilabete luze beranduago. 1.097 orrialde ditu atzo kaleratutako epaiak. 38 lagun zigortu ditu eta 9 absolbitu. Guztira, 291 urteko espetxe zigorrak ezarri ditu. Auzitegi Nazionalak ezarritako kopurua (525 urte) nabarmen murriztu du Auzitegi Gorenaren epaiak. Auzitegi Nazionaleko fiskalak eskatutako kopuruarekin (439 urte) alderatuta ere, zigor kopuru txikiagoa jarri du. Halaber, Auzitegi Goreneko fiskalak eskatutako kopurua ere (402 urte) murriztu du epaimahaiak.

Auzitegi Gorenak, funtsean, bere egin ditu akusazioen tesi nagusiak. Era berean, KAS, Ekin eta Xaki legez kanpoko jotzea eta desegitea ontzat jo du. Baina Orain SA, Ardatza SA, Hernani Inprimategia, Lema 2000, Erigane SL, Uralde SL, Untzorri Bidaiak Ganeko, Ugao SL eta Gadusmar SL enpresen kasuan baliogabetu egin du legez kanpokotzat jo izana.

Oro har, auzipetu gehienei egotzitako ETArekiko lotura ontzat jo du Auzitegi Gorenak, baina lotura horren gradua ezartzean datza aldaketa nagusia. Akusatu batzuei ETAko kide zuzendari mailan izateko akusazioa zuritu die eta beste batzuei kide izatearen delituaren ordez laguntza ematearena ezarri die. Horrekin batera, delitu bakoitzari zigorra zehazteko orduan gehienezko kopurua aukeratu beharrean (Auzitegi Nazionalak egin zuen bezala), gutxieneko kopuruaren alde egin du kasu askotan.

Ondorioz, Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrik handiena 24 urtekoa izan bazen ere (Jose Luis Elkorori), Auzitegi Gorenak ezarritako handiena 12 urte eta bederatzi hilabetekoa izan da (Xabier Alegriari). Zigor txikiena ere txikiagoa da orain. Xabi Oterori eta Iñaki Zapiaini urte bat eta hamar hilabeteko zigorra ezarri die Auzitegi Gorenak, ondasunen altxamenduaren delitu bategatik.

Absoluzioei dagokienez, Auzitegi Goreneko fiskalak sei lagunentzat eskatu bazuen ere, Auzitegi Gorenak bederatzirentzat eman du: Joxemi Zumalabe Fundazioaren ataleko Mikel Aznar, Iñaki O' Shea, Sabino Ormazabal, Mikel Zuluaga, Olatz Altuna, Fernando Olalde, Alberto Frias, eta Mario Zubiagarentzat, eta Ekin ataleko Natale Landarentzat. Hortaz, Gorenak berak apirilaren 29an iragarri zituen absoluzioak berretsi egin ditu epaian.

Zigorren multzoak

Zigorrak banan banan zehazteko orduan talde batzuk egin ditu, «ardura maila» ezberdinen arabera. Auzitegi Gorenaren ustez, akusatu batzuk «zuzendari» gisa aritu dira. Multzo horretan sartu ditu Xabier Alegria (12 urte eta 9 hilabete), Txema Matanzas (10 urte eta 9 hilabete), Ruben Nieto (10 urte eta 9 hilabete), Joxean Etxeberria (12 urte) eta Mikel Egibar (9 urte eta 6 hilabete).

Beste batzuen kasuan, Auzitegi Nazionaleko epaiak «zuzendari mailan» zigortu bazituen ere, Gorenak ETAko kide gisa utzi du haien esku-hartzea: Bigarren Ibarra (13 urtetik 8 urte eta 6 hilabetera gutxitu dio zigorra), Bixente Askasibar (13 urtetik 8 urte eta erdira), Elena Beloki (13 urtetik 8 urte eta erdira), Joxe Mari Olarra (13 urtetik 8 urte eta erdira), Juan Mari Mendizabal (13 urtetik 8 urte eta erdira) eta Carlos Trenor (17 urtetik 10 eta erdira).

Beste auzipetu talde handi baten kasuan ETAko kide izateko akusazioari eutsi dio Gorenak, bakoitzari 7 urte eta erdiko zigorra ezarrita: Iker Beristain, Joxe Garcia Mijangos, Xabier Salutregi, Mikel Korta, Xabier Arregi, Xabier Balanzategi, Iker Casanova, Imanol Iparragirre, Olatz Egiguren, Ana Lizarralde, eta Paul Asensio.

Beste talde bati, erakunde armatuko kide izateko akusazioa laguntza ematekoagatik aldatu dio epaimahaiak: Patxi Gundin, Joxean Diaz, Juan Pablo Dieguez, Inma Berriozabal, Miriam Campos, eta Nekane Txapartegi.

Teresa Toda, Jose Luis Elkoro, Jesus Mari Zalakain, Isidro eta Patxi Murga, Pablo Gorostiaga eta Manu Intxausperen kasuan, laguntza eman izanaren delitua mantendu die, baina Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra baino leunagoa jarri die, batez ere, delitu ekonomikoak ere dituztenen kasuan (horiei dagozkien kopurua ezartzeko beste irizpide bat erabili duelako).

KAS, Ekin eta Xaki

Zigor pertsonalez gain, hiru elkarte legez kanpoko izendatu ditu Gorenak: Koordinadora Abertzale Sozialista (KAS), Ekin eta Xaki. Horiek guztiak ETAren zatitzat jo ditu. Hortaz, legez kanpokoak direla esan, eta horiek desegiteko agindu du, aurrez Auzitegi Nazionalak egin zuen bezala.

Gorenaren esanetan, epaimahaiak ez du arazorik izan agindu hori berresteko. Auzitegi Nazionalaren argudioak argiak zirela esan du, eta bere egin du elkarte horien lana eta helburua erakunde armatuaren zereginaren barruan kokatzen duen tesia. Gorenaren esanetan, hiru elkarte horiek ez ziren ETAri laguntza ematera mugatzen. Erakunde armatua bera osatzen zuten. Hortaz, zuzenean agindu du legez kanpo jo eta desegiteko.

Auzitegi Nazionalak desegiteko agindua emana zuen gainerako elkarteekin, ordea, ez da gauza bera gertatu. Auzitegi Nazionalak esan zuenez, Orain eta enpresen atalean barnebildutako elkarteek ETAri laguntza ematen zieten eta erakunde armatuaren helburuak erdiesteko bidean lan egiten zuten. KAS koordinadorak zuen ETA eta enpresen arteko zubi-lana egiteko ardura nagusia lehenik, eta Ekinek ordezkatu zuen ondoren KAS lan horretan. Beraz, bi elkarte horietako kideak ETAko kide ziren, eta gainerako elkarteei erakunde armatuaren aginduak ematen zizkien. Xaki, berriz, ETAk nazioarterako zuen «enbaxada» zela zioen.

Gainontzeko enpresak desegiteko argudiorik, berriz, ez dagoela esan du Gorenak. Elkarteak ETAren barruan kokatu gabe ezin zaiela neurri hori ezarri.

 

Batasuneko bost kidek kartzelan jarraituko dute



Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Karmelo Landa eta Joseba Alvarez ez askatzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ihes egiteko «arrisku handia» dagoela uste dute bertako magistratuek, eta horrenbestez atzera bota dute haien defentsak egindako eskaera.

Bostak 35/02 sumarioan prozesatuta daude. «ETAren agindupean» aritzea eta herriko tabernen bitartez hura finantzatzea leporatzen die Auzitegi Nazionalak. Magistratuen arabera, Aldasoro, Etxeberria, Permach, Alvarez eta Landa «Batasunan izandako jardueragatik ETAren parte direla pentsatzeko nahiko arrazoi daude». Ustez horrela izateagatik 10 eta 14 urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Horiekin batera bertze 35 lagun daude inputatuta sumario berean. Baina ez daude denak kartzelan.

2002ko martxoan ireki zuen sumarioa Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta bost hilabete beranduago Batasunaren jarduera etetea agindu zuen. Sumarioa joan den urteko apirilean itxi zuen ikerketak 800 liburuki pilatu eta gero.



 

Defentsak helegitea jar lezake Konstituzionalean



37 zigortuen defentsak helegitea jartzeko aukera dauka Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Auziak legea errespetatu duen aztertu beharko du, eta oniritzia ematen badio, defentsak sei hilabete izanen ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegian auzi eskaera egiteko, zer eskubide urratu diren zehaztuz.



 

Barne Ministerioak pozik hartu du Gorenaren epaia



Espainiako Gobernuko Barne Ministerioren arabera, Auzitegi Gorenak behar bezala bete du bere lana. Epaiarekin Espainiako Estatuko Segurtasun Indarren lanari oniritzia eman diola dio. 37 zigortuek ETArekin zerikusia zutela argi gelditu da, haren ustez. Bederatzi absolbituei buruz, ordea, ez du deus erran.



 

Lan politikoa eta soziala zigortu dela salatu du AAMk



Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, 18/98 auziaren epaiak agerian utzi du «Euskal Herrian lan politikoa eta soziala espetxearekin zigortua izan daitekeela». Azpimarratu du zigortua izan direnak militante politikoak, euskaltzaleak, kazetariak eta alkate ohiak direla. Berriro salatu du, haren ustez, auzi politikoa izan dela, eta epaia ere horrela izan dela. Euskal Herriak bizi duen «salbuespen egoeraren islak dira horrelako neurriak, AAMren arabera. «Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa erakutsi du epai honek». «Hitzez epai honen aurka» agertuko diren eragile politiko eta sozialei ere zuzendu zaie AAM galdetzeko «jazarpen ideologikoaren» aurrean zer egiteko prest dauden.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia