Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:42

euskalherria;2009-05-26;Nafarroako Euskararen dekretuaren kontra egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. 29/2003 Nafarroako Foru Dekretuaren muina diren lau artikulu ezeztatu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Nafarroako Euskararen dekretuaren kontra egin du Espainiako Auzitegi Gorenak

29/2003 Nafarroako Foru Dekretuaren muina diren lau artikulu ezeztatu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Naiara Elola.

Iruñea

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak administrazioan euskararen erabilera arautzen zuen 29/2003 Foru Dekretuaren lau artikuluren gaineko erabakia. Auzitegi Gorenaren arabera, «29/2003 Foru Dekretuaren lau artikulu horiek Euskararen Foru Legea urratzen dute». Foru Dekretuaren aurkako helegitea jarri zuen Euskara Kultur Elkargoko presidente Iulen Urbiolak dio artikulu horiek bertan behera utzi izana «oso albiste ona» dela. Gogorarazi duenez, baina, «badira beste hamaika artikulu euskaldunon eskubideak urratzen dituztenak».

Gorenak hartutako erabakiak hiru arlo nagusitan du eragina. Alde batetik, administrazioak gaztelaniaz eta euskaraz helarazi beharko ditu bere mezuak eremu euskaldunean. Izan ere, ezeztatutako 29/2003 Foru Dekretuaren 15/11 artikuluak dioenez, «administrazioa eremu mistoan kokatuta badago gaztelaniaz komunikatuko da eremu euskalduneko herritarrekin, horiek informazioa euskaraz jaso nahi dutela espresuki adierazi arte». Orain, Urbiolaren iritziz, «berez, nahiz eta administrazioa eremu mistoan egon, eremu euskalduneko herritarrek informazioa euskaraz zein gaztelaniaz jaso ahalko dute».

Eremu euskalduneko postuak

Gorenak ezeztatutako 18/3 artikuluak lan eskaintza publikoari eta euskarari egiten die erreferentzia. Artikuluak dioenez, «euskara hautematen den lanpostu publikoetako langileek ezingo dute euskara ezagutzea beharrezkoa ez den barne promozioetan parte hartu». Ordea, Urbiolaren hitzetan, «orain, berez, edozein langilek euskararen ezagutzak inolako eraginik izan gabe, parte hartu ahalko du Nafarroako lan eskaintza publikoko barne promozioetan».

Nafarroako Gobernuaren oposizioetan euskarak izango zuen balioa arautzen zuten 21/1 eta 23/1 artikuluak ere bertan behera utzi ditu Gorenak, Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia berretsiz. 21/1 artikuluak eremu euskaldunean eskaintzen diren lanpostu publikoetan euskararen ezagutzaren balorazioa zehazten da. Horren arabera, «euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzen den lan eskaintza publikoetan, euskarak ezingo du Europako beste hizkuntzek -ingelesak, frantsesak eta alemanak kasu- jasoko duten puntuazioa baino %10 baino gehiago jaso».

23/1 artikuluak eremu mistoari egiten dio erreferentzia. Eremu horretako lan eskaintza publikoetan euskarak ezingo du frantsesa, ingelesa eta alemana baino %5 bagehiago balio, dekretuaren arabera. Auzitegi Gorenaren arabera, «ezeztatuko lau artikuluek Euskararen Legeak euskarari aitortzen dion balioa desgaitu egiten dute».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia