'Apurtu.org' webguneari babesa eman diote 60 kazetarik
Interneteko guneak jasandako eraso informatikoa salatu eta adierazpen askatasuna aldarrikatu dute
Joxerra Senar.
IruñeaPrentsaurrekoen berri ematea da kazetarien eginkizuna, baina atzo Iruñean hamar kazetari mahaiaren bestaldean jarri ziren, apurtu.org webguneari elkartasuna agertu eta adierazpen askatasuna zein informazioa jasotzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoz. Kazetari horien artean zegoen Martxelo Otamendi BERRIA-ko zuzendaria. Webguneak denbora bat zeraman martxan eta bertan presoen inguruko informazioa, tortura salaketak, erreportajeak eta elkarrizketak jorratzen zituen. Apirilaren 20an, berriz, Apurtu on line telebista jarri zuten abian. Handik egun gutxira, apirilaren 24an, Abc egunkariak webgune horren aurka egin zuen, eta besteak beste «ETAren aldekoa» izatea eta terrorismoa goratzea leporatu zion Vocento taldeko egunkari horrek. Artikulu hori kaleratu eta handik gutxira, blokeatuta geratu zen webgunea. Arduradunen arabera, «eraso informatikoa» jasan zuen. Eta bi gertaerok «estu lotuta» daudela uste dute.
Geroztik, 60 kazetari eta blogariren babesa jaso dute. Horien artean EITBko, BERRIAko, Gara-ko, Argazki Presseko eta Beleixe irratiko hainbat kazetari daude. Besteak beste elkartasuna jaso dute Portugaldik, Uruguaitik, Argentinatik eta Australiatik.
Atzo, hamabi kazetari alboan zituztela, esker ona agertu nahi izan zieten webguneko ordezkariek. Atxikimenduak biltzen jarraitzen dute, eta esan dute laster, «datozen orduetan», webgunea eta Apurtu telebista berriro martxan egongo direla.
Bide batez, iragarpen horren bidez, gezurtatu egin dute Apurtu.org webgunea blokeatuta geratu zenean Abc-k ateratako informazioa. Espainiako Justiziaren balizko jarduera bat saihesteko webguneko antolatzaileek berek blokeatu zutela webgunea zioen Vocentoko berripaperak.
Atzoko agerraldian atxikimendu agiria irakurri zuten. «Sinatzaileok izan ditzakegun desberdintasun ideologikoen gainetik adierazpen askatasuna utziezinezko eskubidetzat jotzen dugu». Horrekin batera, informazio askatasuna aldarrikatzen du agiriak: «XXI. mendean, gero eta teknologia berri gehiago daude, eta iturri asko eta askotatik informatuak egoteko aukera dugun honetan, ez dugu zilegitzat jotzen informazioa eta iritzia nondik jaso eta nondik ez dioen agindurik».
Beste komunikabide batzuk itxi dituzten neurrian, Abc-ren artikuluetatik ondorio «gogorrak eta kaltegarriak» etor daitezkeela ohartarazten du agiriak. Horregatik, komunikabide guztientzako errespetua exijitzen du.
Bestaldetik, webguneko kudeatzaileen arabera, Abc-ren «kriminalizazio kanpainak» eta ondorengo blokeoak «argi eta garbi» adierazpen askatasuna urratu dute: «Eta, gainera, ez da legearen bidez egin, gerra zikinaren bidez baizik». Euskal Herrian aniztasun ideologikoa «oso aberatsa eta zabala» dela jakitun, beren ikuspuntua agertzeko eskubidea dutela aldarrikatu nahi izan dute ozen. Hastapenetik, webguneak 100.000 bisitatik gora izan ditu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
