Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:41

euskalherria;2009-05-26;Europak Euskal Herria onar dezan eskatu du EHAk, Pausuko zubi ondoan. Euskal Herriak ia Lituanian bezainbat biztanle dituela eta hark bezala hamabi diputatu behar dituela erran du

Europak Euskal Herria onar dezan eskatu du EHAk, Pausuko zubi ondoan

Euskal Herriak ia Lituanian bezainbat biztanle dituela eta hark bezala hamabi diputatu behar dituela erran du

Eneko Bidegain.

Urruña

Euskal Herriaren Alde zerrendak Euskal Herriak Europan behar duen tokia aldarrikatu zuen atzo goizean, Lapurdi eta Gipuzkoa lotzen dituen Pausuko zubiaren bazter batean. Europako mapa batean Euskal Herria eta Lituania kokatu zituen, «Euskal Herria eremu gisa aldarrikatzeko». Lituaniak eta Euskal Herriak biztanle kopuru bertsua dutela-eta, Lituaniaren gisan, Euskal Herriak ere hamabi diputatuko ordezkaritza behar duela erran zuen Ixabel Etxeberria EHAko zerrendaburuak.

«Herri guztiek badute ordezkari kopuru bat. Europak estatu batzuk ezagutzen ditu, baina ez ditu herri txikiak ezagutzen. Guk herrien Europa aldarrikatzen dugu». Hauteskunde kanpaina labur honetan, «ezker abertzaleak oinarrizko mezuak» eman nahi dizkie herritarrei, Ixabel Etxeberriaren arabera. Euskal Herriaren helburua «besteek Europan dituzten eskubide berak lortzea» da, mezu hori. «Lurraldetasuna biziki inportanta da». Gaur egun hiru erakundetan banatua izatea deitoratu zuen.

Jon Anzaren egoera

Bestalde, Jon Anzaren desagertzeak hauteskunde kanpainan «ikaragarriko pisua hartu» duela adierazi zuen Etxeberriak. «Abantzu bakarrak gara hori aipatzen dugunak. Hemengo agintariek ez dute deus erran». Beste desagertze kasuetan, «urgentziazko neurriak berehala hartzen» dituztela baina Anzarekin ez dela holakorik gertatu nabarmendu du. «Ezin da onartu erreakziorik ez izatea. Demokrazia batean onartezina da desagertze politiko bat», erran du EHAko zerrendaburuak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia