Luis Beroiz
Justizia bila zendu da
Atzo hil zen Luis Beroiz, Andoni Beroizen aita. 2002tik, semea atxilotu zutenetik, kale erasoak leporatuta atxilotzen dituztenentzat justizia eske aritu da, berak bizitako ageriko bidegabekeriatik abiatuta.
Aitziber Laskibar.
BilboErretiratu naizen aldetik, perretxiko bila ibili beharko nuke, mendian». Hala zioen Luis Beroizek iazko azaroan, bere liburua aurkezteko agerraldian. Baina ezin perretxiko bila lasai joan. 2002. urteko azarotik ez zuen bakerik izan, atzo arte, zendu arte. Amaierarik gabeko amesgaizto batek harrapatu zuen udazken hartan, gero eta beldurgarriagoa zen pelikula batek. Bere larruan ezagutu zuen bidegabekeria, semearen atxiloketengatik, torturengatik, gezur ofizialengatik eta nahita ezkutatuko egiengatik. Kale eraso batean parte hartzea egotzita atxilotu zuen Ertzaintzak Andoni Beroiz semea. Bost egunez eduki zuen inkomunikatuta. Gogor torturatu zutela salatu zuen. Bere aurkako operazioa «asmakizun hutsa» izan zela. Aitak sinetsi egin zion. Eta semearen salaketak egia zirela frogatu ere egin zuen. Hala ere, bi urte eta erdi izan zuten preso semea. Aitak borroka partikularra hasi zuen bere begiekin ikusten ari zen bidegabekeria amaitzeko. Ate asko jo zituen. Salaketa asko egin zituen jendaurrean. Torturen aurkako eta frogarik gabeko atxiloketen aurkako ahotsa bilakatu zen. Ahotsa eta luma. Hain zuzen, ezinaren ezinaz, idazteari ekin zion.
Sei urtetik gora aritu zen ertzainentzako, Herrizaingo sailburuentzako, Eusko Jaurlaritzarentzako, EAJrentzako eta epaileentzako iritzi artikuluak idazten. Berak bizitako egiak kontatu ditu horrela. Iazko azaroan, liburu bat ere argitaratu zuen: Entre ceja y ceja. Nobela liburua da, fikziozkoa dirudiena, baina pertsonaien izen-abizenak besterik ez ditu fikziozkoak. Berak bizitako amesgaiztoa da nobelaren oinarria, bere semearen errealitatea. Semea torturatu zuenaren lekuan jarrita idatzi zuen, gainera, fikzioa dirudien nobela.
2002ko azaroan atxilotu zuten semea, 2000. urteko lehen egunean Galdakaon Guardia Zibilaren egoitzari erasotzea leporatuta. Bost egun inkomunikatuta egon ondoren, torturak salatu zituen. Espetxeratu egin zuten. Urteberri eguna egun gogoangarria izanik, Guardia Zibilari erasotzen ari zitzaiola egozten zioten ordu berean ertzainekin zegoela gogoratu zen semea. Zuian auto istripu larria izan zuen egun eta ordu horretan. Ertzaintza bertaratu zen, eta gertaera argitze agirian jasota utzi zuen. Andoni Beroiz Zuian zegoen. Eta hori bazekien atxilotu zuenak, Ertzaintzak. Bi urte eta erdi izan zuten, hala ere, preso. Nire semea Jainkoa da iritzi artikuluan jaso zuen bidegabekeriaren norainokoa aitak. Gezurren oinarria. «Nire semeak aldi berean bi lekutan egoteko ahalmena du».
Torturen frogatzat ere erabili zuen gertaera. Izan ere, semearen hiru lagun minek, Ertzaintzaren esku inkomunikatuta zeudela, Beroizek beraiekin Galdakaoko eraso hartan parte hartu zutela deklaratu zuten. Hori zen akusatuen aurkako froga. Hiruk esan zuten gauza bera, bakoitzak bere aldetik. Torturen ondorioz eginiko deklarazioa zela azaldu zuten ondoren. Ertzainek hori esanarazi zietela. «Nola esan dezakete hiru pertsonak gezur bera, tortura bidez ikasiarazi ez badiete?», plazaratu zuen akusatuaren aitak.
Ez zen, gainera, antzekoa gertatu zitzaion aldi bakarra izan. Ez eta akusatu bakarra ere. Epaitutako beste gazte bat ere «Jainkoa» izango zen. Egozten zioten kale erasoa gertatu zenean preso zuten. Beroizi berari, egotzi zioten beste kale eraso bat gertatu zenean, belaunean ebakuntza egin berria zioten. Makuluekin ibili beharra zuen. Hala ere, gasolina bidoiak eraman, kutxa automatikoak erre eta korrika ihes egitea leporatu zioten.
Zazpi aldiz epaitu dute Beroiz. Guztira, 91 urteko espetxe zigor eskaera izan du. Zazpietan absolbitu dute. «Zorteari» eskerrak ematen zizkion Luis Beroizek. Auto istripu larria izatearen eta belaunean ebakuntza egin izanaren «zorteari». Deliturik egin gabe ere, bi urte eta erdi espetxean igaro izana pagotxa zela zioen. Gainerako gazte gehienek ez zutela «zorte» hori. Hori dela eta, Beroizek azken egunera arte ez zuen alboratu justiziaren alde hasitako borroka partikularra.
Nortasun agiria
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
