Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:40

harian;2009-05-23;Kazetaritzaren bide berriak. Prentsa idatziaren krisiari aurre egiteko egunkariek produktu ugari eskaini behar dituztela jakinarazi dute Varelak eta Partalek Irakurleengana iristeko era berriez jardun dute, ÇbotereaÈ haiek hartu dutelakoan

Kazetaritzaren bide berriak

Prentsa idatziaren krisiari aurre egiteko egunkariek produktu ugari eskaini behar dituztela jakinarazi dute Varelak eta Partalek

Irakurleengana iristeko era berriez jardun dute, «boterea» haiek hartu dutelakoan

Mikel Peruarena.

Andoain

Paperean argitaratzen diren egunkarien etorkizuna aldatuko dela eta kazetaritzak bide berriei ekin beharko diela, ez dute zalantzarik. Paperezko egunkariek balioko dute «elite» edo gutxiengo batentzat; batik bat analisiak eta iritziak eskainiko dituzte, eta egun baino garestiagoak izango dira. Horrela ikusten ditu, behintzat, Vicent Partal-ek, Herrialde Katalanetako Vilaweb webguneko arduradunak. Urrunago joan da Juan Varela kazetari, aholkulari eta Periodistas 21 blogaren sortzailea. «Bost axola dit paperak» esanez hasi zuen hitzaldia atzo: «Datozen belaunaldiek ez dute paperaren mistikarik izango».

EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak antolatuta, Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet jardunaldietan esku hartu zuten atzo Varelak eta Partalek, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Aretoa bete zuten ehundik gora lagunen aurrean, bat etorri ziren ideia honetan: komunikabideek produktu ugari eskaini behar dituzte, eta irakurleekin elkarreragiteko bideak zabaldu. Albisteak paperean argitaratu edo ez, garrantzi handiagoa eman diote egunkarien eraginari. «Aldatuko ez dena egunkariek duten eragin soziala, herritarra eta politikoa da», adierazi du Varelak. «Kontua da jendea hurreratzea zure unibertsora», azaldu du Partalek.

«Ez zait iruditzen komunikazioaren mundua hankaz gora dagoenik», nabarmendu du Vilawebeko arduradunak: «Iruditzen zait egiturak daudela hankaz gora. Euren historiaren gatibu dira egunkariak». Tradizio eta eragin pisuzkoa izan dute, eta izan zirenak ez die pentsatzen uzten nondik jo behar duten aurrerantzean. Komunikazioaren eta informazioaren esparruan aldaketak bizkor gertatzen ari direla, eta are bizkorrago gertatuko direla onartu duen arren, aldaketa horiekin «liluratuta» ez gelditzeko, eta «oinarrizko ideietara itzultzeko» proposamena egin du. Kazetaritzaren eta egunkarien oinarriei eusteko modua ikusten du Partalek, baina, horretarako, «artifiziala den guztia» beldurrik gabe baztertzeko prest egon behar dela ziurtatu du.

Hala, paperezko egunkariek zentzua galdu dutela iruditzen zaio Partali, hein batean bederen: «Zertarako balio du burtsaren bezperako datuak ematea bi orrialdetan? Absurdua da». Informazio hori, minutuz minutu, eskuko telefonoan ikus liteke egun. Partalek aipatzen duen egunkarien «oinarrizko ideia» horretan zera dago: «Albisteak harrapatzen dituen erredakzio bat; horri zentzua ematen dioten irakurleak dauzkana; euskarri batean argitaratzen dena; atzean enpresa batekin; eta marka baten pean». Oinarri horiek manten litezke «irakurlearengana iristeko erak aldatuta», alegia papera utzi eta bestelako euskarriak erabilita ere. Paperean argitaratu, edo ez, aukera da Partalentzat. Kudeatzen duen Vilaweb atariak ez du paperezko ediziorik, baina audioak eta bideoak sortzen ditu, testuaz gain, eta euskarri ugaritan irakur liteke.

Eredu berrien bila

Egunkariak aldatzen ari dira, eredu berrien bila. Hainbat adibide aipatu ditu Partalek: aldizkari itxura hartuz doazen egunkariak, irakurleek hautatutako zerbitzu eta gaien arabera osatzen direnak... Egunkariak eta liburuak irakurtzeko gailu teknologiko berriak ere sortzen ari dira: Kindle, eBook delakoa eta Plastic Logic izeneko gailua zerrendatu ditu -azken hori, papera bezala tolesten den gailu elektronikoa da-. «Baina aldaketa handiena ez da teknologikoa izango», Partalen arabera: «Kontzeptu editoriala aldatuko da gehien». Bi ezaugarri berrik eragingo dute kontzeptuaren aldaketa horretan: komunikabideak kontsumitzeko -«dieta mediatikoa»- era berriak, eta irakurleek «boterea hartu» izanak.

Internet eguneko 24 orduetan erabil liteke, azken orduko albisteak begiratzeko, adibidez; telebista noizbehinka ikusten da; eskuko telefonoak beti daude eskura; egunkariak goizeko lehen orduetan baino ez dira irakurtzen; eta irratia, batik-bat, autoan entzuten da. Hedabideen kontsumoa, «asko sinplifikatuta», horrelakoa dela eta, ondorioz, egunkariek zer leku duten «birpentsatu» behar dela uste du Partalek.

Vilawebeko arduradunak bezala, Varelak ere ikusten du irakurleen papera aldatu dela. The New York Times egunkariak urtetan erabili duen leloa gogorarazi du: «Argitaratzea merezi duten albiste guztiak». Hori da, hain justu, egunkariek egin behar ez dutena, Varelaren arabera. Egunkariek «ulertu behar dute» informazioa prozesu bat dela, albistea ez dela hiltzen behin argitaratuta: sare sozialetan hedatzen da, iruzkinak jasotzen ditu, gomendatu egiten dute, iritziak sortzen ditu, berritu egiten da... Web 2.0 delakoak eta Interneteko sare sozialek horretarako aukerak sortu dituzte, Varelak azaldu duenez, eta ekintzaile bihurtu dira irakurleetako asko.

Masa komunikabideek albisteen gaineko kontrola galdu dutela uste du Varelak, eta haien eredua amaitu egin dela. Egun, informazioa ez da norabide bakarrekoa, eta hartzaileen arabera aldatu behar dira edukiak, parte hartzeko aukerak eskainiz. Gizarteak, aldiz, «edukien gaineko irizpide sozial dinamikoa» berreskuratu duela iruditzen zaio Varelari: «Internet intimoa da, pertsonala, baina baita soziala ere, eta horrek ekarri du informazioaren edukiak errotik aldatzea». Horrekin guztiarekin, kazetariek sare sozialen barnean, eta haiekin, lan egiten ikasi behar dutela ondorioztatu du Periodistas 21 webguneko sortzaileak. «Kazetaritza parte-hartzaile eta sozialagoa eta komunikabide irekiak, orain diren baino askoz ere irekiagoak» eskatu ditu Varelak. Hortaz, uste du «erronka erraldoiak» dituztela egunkariek.

Produktu ugari

Aurrera begiratzen jarrita, egunkari bakar batek, marka bakarrarekin, zereginen eskema bakarrarekin eta erredakzio bakarrarekin, bitarteko edo euskarri ezberdinak erabil ditzakeela iruditzen zaio Vicent Partali. Egunkariek zabalpena izan nahi badute, hortik jo behar dutela pentsatzen du. Paperezko edizioek eragina izango dute gizartean, baina bestelako bitarteko batzuek emango diote egunkariari zabaldu eta jende gehiagorengana iristeko aukera -«nahiz eta, berez, errentagarriak ez izan», zehaztu du Partalek-, ez paperean argitaratzeak. Kostuaz gainera, beste bitartekoek egunkariari zer ekarpen egiten dioten begiratu behar dela nabarmendu du: «Ikuspegi orokorra da axola duena».

Varela ados agertu da Partalen zenbait ideiarekin. Bere ustez, egunkariek produktu asko eskaini behar dituzte, marka bakarraren pean; multimedia izan behar dute, formatu eta estilo bereziak bilatuz, «publiko ezberdinak eta iristeko modu ezberdinak bilatuz». Nolanahi ere, Varelak «obsesio handia» ikusten du multimediarekin, eta «gogoeta gutxi multiproduktuez». Interneten audioak eta bideoak txertatzen dituzte egunkariek, baina ez da sobera pentsatzen, egunkariak izan ditzakeen euskarri ezberdinetan, nori zer eskain diezaioketen.

Orobat, ados agertu dira egunkariek merkatu berriak zabaltzeko beharra ere dutela esateko, eta egunkarien inguruan komunitateak antolatzearen garrantzia nabarmentzeko orduan. «Informazioa egiten badakigu; hobeto edo okerrago, badakigu; ez dakigu, ordea, irizpide sozialak kudeatzen», nabarmendu du Varelak.

mperuarena@berria.info

 

Nola ikusten duzu idatzizko hedabideen etorkizuna?

Belen Uranga

Soziolinguistika Klusterreko kidea



«Gu ez gara adituak alor horretan, baina badugu informazioa jasotzeko eta zabaltzeko beharra. Internetek bere garrantzia du, baina zalantzak ditut funtzionamenduaz. Izan ere, sarean biltzen den informazio uholdea kudeatzea oso zaila da».

Luis Fernandez

Codesyntax-eko arduraduna



«Nik uste hedabide idatzien etorkizuna Interneten dagoela. Baina jardunaldietan azaldu den moduan, zalantza da horrek izan dezakeen errentagarritasuna. Horren inguruan jaso dugun ikuspegia baikorra izan da, baina nik zalantzak ditut».

Xabier Azanza

Euskarabideko zuzendaria



«Adituen arabera, etorkizuna Interneten dago. Baina paperezko euskarria gustuko dugunok bestela uste dugu. Paperezko egunkaria irakurtzea bezalako plazerik ez dago, eta euskarri hori ez da sekula desagertuko».

Hasier Etxeberria

Zuzeu.com atariko partaidea



«Jardunaldietan parte hartu duten adituek aipatu duten bezala, etorkizuna ez dago euskarri bakar batean, euskarrien aniztasunean baizik. Euskarrietatik harago, hala ere, kazetaritzaren kalitateari begiratu behar zaio».

Maixan Merkapide

Haize Berri elkarteko kidea



«Multimedia nagusituz joango da, eta nire zalantza da nola kokatuko den hor benetako kazetaritza. Izan ere, sarea guztiontzat zabalik egotea aberasgarria da, baina kazetaritzak sakontzeko duen gaitasuna gal daiteke».



 


Unibertsitateko irakasleek prentsa idatziaren etorkizunari buruzko hainbat galdera jarri dituzte mahaiaren gainean, eta zenbait erantzun ematen saiatu dira.

Galderekin erantzunak josi

M. Peruarena.

Andoain



Galdera asko daude, eta, itsuen gisa, asmatu ezinik gabiltza». Zalantza horretan labur liteke egunkarien etorkizunari buruzko eztabaida. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Jose Ignacio Armentiak egin zuen adierazpena, Juan Varela eta Vicent Partalen hitzaldien osteko mahai-inguruan. Armentiarekin, mahai-inguruan parte hartu zuten Deustuko Unibertsitateko Jon Muñoak eta Mondragon Unibertsitateko Aitor Zuberogoitiak. Lorea Agirre kazetari eta unibertsitateko irakasleak gidatu zuen eztabaida.

Paperezko egunkariak desagertuko diren edo ez, ereduak zenbateraino aldatuko diren... zalantzak leku egin zuen mahai-inguruan. Armentiak gogorarazi zuen askotan esan dela halako urterako paperezko egunkariak desagertuko direla, eta askotan ez da asmatu. «Segur aski, ez da desagertuko papera, baina masa komunikabide funtzioa galduko du», adierazi du Armentiak.

Muñoak datuak gogorarazi ditu: Internet erabiltzen dutenak %30 dira, eta prentsa paperean irakurtzen dutenak %42. «Badago mugimendu bat sarerantz», Muñoaren ustez, eta egunerokotasuneko albisteak, azken ordukoak, Internet bidez jarraituko dira. Baina «informazio garrantzitsua» zein den ere esan behar du norbaitek, eta ez du uste hori Internetek egin dezakeenik.

Sei aholku egunkarientzat

Ziurgabetasunen artean, egunkarientzako sei aholku eman zituen Zuberogoitiak: parte hartzeko bideak zabaltzea; albiste gutxiago eta esanguratsuagoak ematea; komunitatea batzea eta trinkotzea; burua irekitzea, inertziak hausteko; produktu berriei muzin ez egitea; eta komunitatea kazetaritzan trebatzeko hezkuntza jarduerak sortzea.

Krisian dagoena komunikazioa baino gehiago «negozio eredua» dela nabarmendu du Muñoak. Zuberogoitiak eta Armentiak jakinarazi dutenez, Interneteko zenbait zerbitzu erabiltzeko dirua kobratzen has litezke, berriro ere, zenbait egunkari. Muñoak ez du egoki ikusten hori: «Sarearen oinarri eta ahalmenen aurka doa».

Lorea Agirrek galdera pausatu zien hiru hizlariei, ea nola ikusten dituzten etorkizuneko egunkarien erredakzioak. «Jende gutxiagorekin eta malguagoak», erantzun zuen Zuberogoitiak. Bitarteko ezberdinetan lan egiteko gaitasuna duten kazetariak imajinatzen ditu. Armertiak erredakzioaren «deszentralizazioa» ikusten du etorkizunean, era integratuan lan eginez.

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia