«Gerra zikinarekin» lotu du ETAk Jon Anza militantearen desagerpena
Rubalcabak eta Aresek ETAren salaketa gezurra dela diote; Baionako fiskalak, berriz, ikerketa abiatzeko eskatu du
Erredakzioa.
Espainiako eta Frantziako gobernuei egotzi die ETAk Jon Anzaren desagerpena. Gara egunkarira igorritako agiri batean ziurtatu duenez, Anza desagertuta dago apirilaren 18tik, eta, horren atzean, «Frantziako eta Espainiako estoldak» daudela dio. Erakunde armatuak aitortu egin du Jon Anza ETAko kide dela eta Poliziak jakin bazekiela hori. ETAren bertsioaren arabera, apirilaren 18an desagertu zen Anza: egun horretan zuen hitzordua erakunde armatuko talde batekin Tolosako erdigunean (Okzitania). Ziur da ETA Tolosarako trena hartu zuela Anzak-haren senide eta lagunek adierazi zuten moduan-, baina zehaztutako hitzordura azaldu ez, eta ordutik Anzaren berririk ez dutela salatu du erakunde armatuak. «Egun berean eta biharamunean badaezpada ezarrita zeuden hitzorduetara ez zen agertu». Desagerpenaren atzean, «GALen garaietan bezala, Espainiako poliziak eta Frantziako kolaborazionismoa» daudela dio.
Anzaren desagerpenak eta horren harira ETAk eginiko salaketak oihartzun nabaria izan dute Espainiako eta Frantziako komunikabideetan. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernutik, baina, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa mintzatu da bakarrik, eta erakunde armatuaren bertsioa gezurtatu du. Espainiako Kongresuko korridoreetan kazetariei eginiko galderei erantzunez, gertakariaren inguruan «informaziorik ez» duela adierazi du, eta erakunde armatuak agirian dioena «asmakeria hutsa» dela esan du. Berdintsu mintzatu da Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua. ETAren salaketa «erabat faltsua» dela dio. Euskal Herriaren Alde (EHA) Europako bozetarako koalizioa, berriz, kezkatua dago «gertakari latz» horrekin, eta «abertzale guztiei» dei egin die mobilizazioetan parte hartzeko.
Anartean, Anne Kayanakis Baionako auzitegiko fiskalak agindua eman du Anzaren desagerpenaren inguruko ikerketa abiatzeko. Journal du Pays Basque egunkariari egindako elkarrizketa batean dio polizia auzitegiak «buru-belarri» arituko direla Anzaren bila. Ustez, eginiko ibilbidea berreraikiko dute, eta informazio gehiago lortzeko, Anzaren familiarekin kontaktuan jarri direla azaldu du fiskalak.
Kayanakisek ez du gertakariaren inguruko baloraziorik egin, «edozein hipotesi babesteko goiz delako oraindik». Bidenabar, Anzaren bilaketa nola egingo duten ez du zehaztu, prozesua «baldintzatzea» komeni ez delako. Hala ere, kasua komunikabideetan zabaltzearen alde azaldu da, horrek «eragin positiboa» izan dezakeelako.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, bestalde, Anza aurkitzeko «brigada herritarrak» antolatu ditu asteburu honetarako. EHAk bat egin du deialdi horrekin, eta bihar egitekoa zen «gazteen mobilizazio eguna» bertan behera uztea erabaki du, asteburuan egingo diren bilatze lanetan «indar guztia» emateko.
Baiona eta Tolosa arteko tren geltokietan eta inguruko txokoetan kartelak ezarri eta eskuorriak banatuko dituzte Anzaren aurpegiarekin. Lekukoek erabil dezaketen telefono zenbakia agertuko da kartel horietan. Brigaden inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, AAMko herri eta auzoetako kideekin kontaktuan jartzeko eskatu du.
«Trena hartu zuen»
Anzaren senide eta abokatuarekin batera, duela astebete Baionan emandako prentsaurreko batean salatu zuen AAMk desagerpena. Jakinarazi zutenez, apirilaren 18tik desagerturik dago Anza. 47 urteko preso ohiak eritasun larria dauka -minbizia du, eta nabarmen galdu du ikusmena-. Apirilaren 24an mediku kontsulta zuen, baina ez zen agertu. Hori ikusita, Maritxu Paulus-Basurku abokatuak, senideen eskariz, desagerpena ikertzeko eskaera egin zion Errepublikako prokuradoreari, Baionako auzitegian.
Apirilaren 18an ikusi zuten azken aldiz Anza, Baionako geltokian Tolosara joateko trena hartu zuenean. Geroztik, ez dago inolako berririk. ETAren arabera, «neska lagunak tren barruraino lagundu zuen. Beraz, trena hartu zuela zalantzarik gabe baiezta daiteke». Anzak «erakundearentzat zen diru kopuru bat» zeramala jakinarazi du ETAk.
Jon Anza Donostian jaio zen duela 47 urte. 21 urte eman ditu preso Espainiako kartzeletan. ETAren arabera, «torturapean eta espetxean ez erortzearren», Ahetzera (Lapurdi) joan zen bizitzera.
Erakunde armatuak ziurtatu duenez, Anza ETAko kidea zen, eta poliziak jakin bazekien hori, mendian material informatikoa ezkutatzen zuen zulo batean atzeman zituztelako haren «hatz markak». Nolanahi ere, erakunde armatuaren arabera, Poliziak ez zuen zuloaren aurkikuntzaren berri eman, eta Anzak ez zuen salaketarik jaso.
«Aurrekariak»
Anzaren desagerpenari buruzko «argipenak» eman ostean, ETAk gogor egin du Espainiako eta Frantziako gobernuen aurka. «Alliot Marie eta Rubalcaba terrorismoaren estrategak erantzun dezatela: non dago Jon? Zer egin duzue Jonekin?».
Erakunde armatuaren arabera, Anzaren desagerpena ez da kasu isolatu bat: azkeneko hamarkadetan, «antzeko egoerak» izan direla salatu du. «Gogoratu besterik ez dago Joxi eta Joxean, Anuk, Ttotto edo Basajaunen heriotzak. Orain Jonen desagerpenak Pertur, Naparra eta Popo Larreren desagerpenetara eramaten gaitu ezinbestean», azaldu du ETAk.
Bidenabar, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak kolaborazio eta informazio eske eginiko «bahiketa» eta «atxiloketa estrajudizialak» ugaritu direla dio. Erakunde armatuaren arabera, «Frantziako Estatuko hegoalde osoa, Bordeletik Tolosara eta Landetatik Pirineotara guardia zibilez lepo da, 2008tik aurrera era ikusgarrian gainera». Frantziako Gobernuaren oniritziarekin burutu dela salatu du hori, eta «'Espainiako arazo eta gerla' deitu izan duten hori Frantzia osora inportatzeko urrats arriskutsua» egiten ari direla ohartarazi. Aurrerantzean Espainiako poliziek egiten dutenaren «erantzule» Frantziako Gobernua izango dela dio erakunde armatuak.
Azkenik, Anzaren senide eta lagunei «gertutasunik beroena» helarazi die.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
