Grebak eragin handia izan du, batez ere industrian eta merkataritzan
Ondorio nabarmenak izan ditu Gipuzkoan, Bizkaiko herrietan eta Nafarroa iparraldean; gutxiago Araban, Ezkerraldean eta Erriberan
Lanuztea %70 baino gehiago izan da EAEko industriako enpresen %55etan
Jakes Goikoetxea.
DonostiaELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk kolpe indartsua jo dute mahai gainean. Hainbat mezu helarazi dizkiete Hego Euskal Herriko administrazioei eta enpresaburuei, atzoko greba orokorraren bitartez: hor daudela, elkarrekin lan egin dezaketela, indarra dutela, erabakiak hartzeko orduan aintzat hartu behar direla eta ez dutela edozein erabaki onartuko.
Funtsean, langileak sortu ez duten krisi baten ondorioak ordaintzeko prest ez daudela salatu dute, eta eredu ekonomiko eta sozial berri bat behar dela. Mobilizazioen bitartez, gainera, elkartasuna erakutsi nahi izan zieten krisiaren ondorioak jasan dituztenei eta jasaten ari direnei.
Deitzaileen esanetan, sektore eta enpresa guztietako gehiengo zabalak bat egin zuen grebarekin eta deialdiak «arrakasta handia» izan zuen. Eskualde batzuetan besteetan baino gehiago: Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Bizkaiko herrietan gehienbat; Araban, Ezkerraldean eta Erriberan askoz ere gutxiago.
Grebaren eragina nabarmena izan zen merkataritzan eta industrian. Enpresa handi eta ezagun batzuetan lan egin bazuten ere, gainerakoetan grebak ondorioak izan zituen.
Industriari dagokionez, lanuzteak 50 langiletik gorako enpresetan izan zuen eragina neurtu zuten sindikatuek: lanuztea %70etik gorakoa izan zen Gipuzkoako hiru enpresatik bitan, eta Arabako eta Bizkaiko bitik batean. Ez zuten Nafarroari buruzko datu zehatzik eskaini, baina aipatu zuten eragina «oso handia» izan zela Sakanan eta «nabarmena» Iruñerrian.
Lanuztea %30etik gorakoa izan zen Gipuzkoan bost enpresatik lautan, Araban lautik hirutan eta Bizkaian hirutik bitan.
Horrez gain, sindikatuek deitutako manifestazioak, bai goizekoak, bai arratsaldekoak, oso jendetsuak izan ziren, aspaldiko jendetsuenak Gasteizen eta Iruñean.
«Zenbakien gerra»
ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk saihestu egin nahi izan zuten administrazioekin eta patronalarekin grebaren jarraipenari buruzko «zenbakien gerran» hastea. Baina batzuek eta besteek emandako zenbakiek errealitate ezberdinak eta elkarrekin bateraezinak islatu zituzten.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteek grebak izan zituen ondorioak gutxietsi nahi izan zituzten. Kasu guztietan greban langileen %20 baino gutxiagok parte hartu zutela esan zuten. Confebasken arabera, grebak «gehienez» %11-12ko jarraipena izan zuen eta «erabateko porrota» izan zen.
Carlos Zapatero Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak eguerdian egin zuen agerraldia greba eguna baloratzeko. Onartu zuen orduan eskainitako datuak «oso behin-behinekoak» zirela.
Jaurlaritzaren esanetan, administrazio publikoetako langileen %15ek egin zuten greba. Eusko Jaurlaritzari berari dagokionez, %10,8k. Osakidetzan %6k eta hezkuntzan %23k. Aintzat hartu behar da hezkuntzako hainbat langilek lan egin behar izan zutela atzo, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeko.
Zazpi lagun atxilotu dituzte mobilizazioetan
Gutxieneko zerbitzuei buruzko eskaera, bertan behera
%0-90
Grebak oihartzun handia izan du Interneten
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
