Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:39

EUSKALHERRIA;2009-05-17;Sanz: «Inork ez du geldituko lan hau». Nafarroako presidenteak eta Espainiako Sustapen ministroak AHTaren hitzarmena sinatu dute

Sanz: «Inork ez du geldituko lan hau»

Nafarroako presidenteak eta Espainiako Sustapen ministroak AHTaren hitzarmena sinatu dute

Alberto Barandiaran.

Iruñea

Nafarroan abiadura handiko trenak, AHTak, badu egitura handi guztiek behar duten babes politikoa ziurtatuta. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak, behintzat, horixe irudikatu nahi izan zuten atzo Iruñean, tren lasterra hiribururaino eramango duen protokoloa sinatzeko ekitaldi instituzionalean. «Zalantza guztiak amaitu dira» nabarmendu zuen Blancok. «Orain, ziur gaude. Asko kosta izan da, eta bilera asko egin behar izan ditugu hona iristeko. Horregatik esan dezakegu eman dugun pausoa historikoa dela».

Sanzek bereziki Blancoren lana eskertu zuen, «berak desblokeatu duelako oso trabatuta zegoen akordioa», eta berak ere historiko hitza erabili zuen akordioa hitz bakar batean definitzeko. Eta, gero, beste tanta bat gehitu zion, akordioa bera «indar demokratiko nagusien artean lortutako hitzarmen instituzionala» zela nabarmendu zuelarik. «Inork ez du geldiaraziko lan hau», azpimarratu zuen presidenteak. «Are gutxiago xantaia erabiltzen dutenek».

Alderdietako ordezkari ugari

sinatzea ekitaldia protokolozko ekitaldi handienetarako erabiltzen den Tronuaren Gelan izan zen, Nafarroako Jauregian. Nafarroako gobernukide guztiak han ziren, eta UPN, PSN, PP eta CDNko ordezkari ugari. Baita Espainiako Gobernu ordezkaria eta hainbat udalerritako ordezkariak ere.

Hitzarmenak AHTa Iruñeraino eramateko baldintzak aurreikusten ditu, eta finantzatzeko moduak zehazten, baina deigarria da bi korapilo askatu gabe uzten dituela. Tuterako geltokiarena, alde batetik; Euskal Y-arekiko lotura, bestetik. Blancok eta Sanzek ez zuten horiei buruz daturik eman nahi izan, baina biek onartu zuten gaiak mahai gainean daudela eta goiz ala berandu erabakiren bat hartu beharko dutela. Atzokoa, ordea, akordioaren balio politikoa azpimarratzeko ekitaldia izan zen.

Sustapen ministroak ez zuen ezkutatu hartu-eman asko behar izan direla azkenean hitzarmena sinatzeko, eta elkarrizketaren aldarria egin zuen horregatik. «Gobernatzeko, hitzartu beharra dago, adostu. Konfrontazioarekin ez dago aurrera egiterik». Sanzek, hain zuzen ere, aurreko ministroen jarrera itsustu zuen haien izenak aipatu gabe, sinatzea Blancoren meritua zela errepikatu baitzuen. «Hilabete eta erdi baino ez du behar izan urteetan geldirik egon dena abiatzeko».

Bi agintariek akordio honen garapena ere asko azpimarratu zuten atzoko agerraldian. Eta etorkizunera begira Mediterraneo eta Kantauri itsasoak Iruñean barna tren lasterraz lotzeko proiektua dagoela nabarmendu zuten. Alegia, Euskal Y-arekin lotzeko proiektua egon bai, baina oraindik ezer zehaztuta ez dagoela.

«Tren eraginkorra eta garbia»

Trena «eraginkorra eta garbia» izango dela azaldu zuen ministroak. CO2 isurkinak murriztuko dituela, «ingurumenarentzat hobekuntza handiak» ekarriko dituela eta «segurua eta erosoa» izango dela. Oposizioa nahastuta dagoela, alegia. «Gutxiengo bat tematuta dago kontrako jarrera zentzugabearekin, baina gehienontzat esanahi handikoa da proiektu hau», esan zuen. «Nafarroa bi itsasoetara hurbilduko du, eta Iruñeko paisaiarendako ere aurrerapauso handia izango da».

Sanzek, bestetik, finantzaketa seinalatu zuen. Hitzarmen ekonomikoa baliagarria zela ordainketa egiteko, eta AHTaren bidez, gainera, «Nafarroako bakartze historikoa» bukatuko zela esan, esan zuen. «Nafarroa Madrildik bakartuta egon da, batzuetan gure erruagatik, eragina saihesteko. Frantziatik ere bai. Baina esan behar da besteek ere ez dutela interesa erakutsi bakartze horiek amaitzeko. Hori gogoratu behar da, orain poztu ahal izateko. Orain, abiatuko gara», gaineratu zuen.

 

Zaragoza-Iruñea bitarteko AHT-a



Miguel Sanzek eta Jose Blancok sinatutako hitzarmeneko oinarriak hiru dira:

TRENBIDEA

Zaragoza-Iruñea arteko trenbidea eta azpiegiturak. Nafarroako Gobernuak hartuko du bere gain Castejon eta Iruñeko geltoki berria arteko proiektuaren idazteko lana, eta Espainiako Sustapen Ministerioak Zaragoza (Espainia) eta Castejon artekoa. Castejon eta Iruñea arteko lanak ere Nafarroako Gobernuak esleitu eta egingo ditu, baina gainegitura deitzen dena, hots, bidea bera, haren elektrifikazioa, seinalizazioa, azpiegitura nagusiak, segurtasun sistemak eta telekomunikazioak, Sustapen Ministerioak egingo ditu. Lan hauen aurrekontua, ofizialki, 1.000 milioi eurokoa da. Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du Tuterako hirian ibilbideak izan lezakeen bidearen alternatibak aztertzeko, «Nafarroako Gobernuarekin eta dagokien udal erakundeekin denentzako onargarria den soluzioa aurkitu arte». Finantzaketari dagokionez, Nafarroako Gobernuak lanen ordainketa aurreratuko du bi urtez, baina zor publikoa Estatuari egokituko zaio, «eta, beraz, horri esker, Nafarroaren zorpetzeko gaitasuna ez da murriztuko».

IRUÑERRIKO GELTOKIA

Tren geltoki berria. Ehun eta hamar milioi euroko aurrekontua dauka, eta Zizur Nagusian eraikiko da. Sustapen Ministerioak eraikiko du, Adif enpresaren bidez. Egun Iruñerrian dagoen trenbidearen lurrak, Iruñerriko kiribila deitzen dena, Iruñerriko Abiadura Handiko Kontsortzioari emango dizkiote. Trukean, Nafarroako Gobernuak doan emango dizkio Adif enpresari geltoki berria eraikitzeko beharrezkoak diren lurrak, eta berak egingo ditu desjabetzeak.

ZIZUR NAGUSIKO ETXEAK

Urbanizazio berria. 400 milioi euroko aurrekontua dauka proiektu honek. Egun Etxabakoitz inguruan dagoen enpresa kimikoa lekualdatzeko erabiliko da eta han auzo berria egiteko. Denera, 2.383.825 metro koadro arautuko dira, Mendebaldeko saihesbidea eta Arostegiko etorbidea artean egingo den geltoki berria eraikitzeko erabiliko dira. Inguruak Donejakue Bidea izena hartuko du, eta 7.000 etxebizitza inguru eraikiko dira.



 

Blancok dio 'Euskal Y'-arekiko lotura oraindik ez dagoela erabakita



Euskal Y-arekiko lotura uste baino atzeratuago dago. Miguel Sanzek, akordioa itxita zegoela eta lanak 2011n hasiko direla iragartzeko, prentsaurrekoaeman zuen apirilaren 21ean, Gipuzkoarekin loturari buruzko lanak «uste baino aurreratuagoak» zeudela baieztatu zuen, eta lotura bera non egingo zen ere esatekotan egon zen. Jose Blanco ministroak, ordea, ibilbideari buruzko erabakia hartuta dagoela gezurtatu zuen atzo. «Informazio ikerketen fasean gaude oraindik». Alegia, Aralarrek eta Aizkorrik osatzen duten muga handia nondik zeharkatuko den oraindik ez dagoela erabakita. «Lehendabizi, ikerketa horiek egin behar dira, ezin dugu etxea teilatutik hasi. Ondoren zehaztuko dugu ibilbidea». Blancok gehitu zuen hilaren 26an Espainiako Kongresuan duen agerraldian argibide gehiago emango dituela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia