Europara eraman nahi du EHAk ezker abertzalearen boza
EHAren boz bakoitza boza ematea debekatu dieten guztiei egindako omenaldia dela esan du Isabel Etxeberriak
Aitor Renteria.
BaionaEuskal Herriaren Alde plataformak zerrenda osoa eta programa aurkeztu zituen atzo, Baionako Lan Burtsan. Ezkertiarra, abertzalea eta elkartasunaren irizpidean oinarritua dela azaldu zuen Isabel Etxeberria zerrendaburuak. Herrien eta langileen eskubideak zangopilatzen dituen Europa liberala gaitzetsi zuen. Euskal Herriaren parte batean ezker abertzalea debekuen bidez isiltzeko saiakerak egon arren, EHArekin ezkerreko abertzaleen ahotsa Europan egonen dela azpimarratu zuen. Aurkezpenean Ipar Euskal Herriko militante abertzale ezagun ugari izan ziren. Tasio Erkizia eta Xanti Kiroga ezker abertzaleko ordezkariak ere presente egon ziren aurkezpenean.
Europan herrien eta langileen eskubideak defenditzeko xedea duela erran zuen Etxeberriak. Herrien autodeterminazio eskubidean oinarriturik, Euskal Herria ahots propioa behar duela azaldu zuen. Espainiak ezker abertzalea legez kanpo uzteko saiakera egiten badu ere, EHAk lortuko duen bozka bakoitza hurbiletik begiratuko dutela erran zuen, «badakitelako boz bakoitzak balio bikoitza duela». Abertzale eta ezkertiar guztiak, bakoitza bere esparruan, «herri gisa dagokigunaren defentsa» egitera gomitatu zuen. EHAren boz bakoitzak, boza ematea debekatu dieten guztiei egindako omenaldia dela gaineratu zuen.
Aste honetan polizia frantsesak burutu duen operazioa ez dela kasualitatea nabarmendu zuen. Frantziak ere militante abertzaleen kriminalizazioa bilatzen duela azaldu zuen, jendeak beldurtzeko. Aste honetan Frantziako poliziak Stephane Etxegarai kazetaria atxilotu zuen. Etxegaraik berak egin zuen ekitaldiaren aurkezpena atzo.
Hogei proposamen Europara
Patxi Bidartek euskaraz eta Maite Goienetxek frantsesez, EHAren programa aurkeztu zuten. Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herriak berezko instituzio baten beharra duela azaldu zuten, autonomian oinarritua. Euskal Herriari ezagupena eta errespetua aitortzea gatazkari aterabidea atzemateko oinarria dela azpimarratu zuen Bidartek.
Liberalismoak eraiki nahi duen eredua gaitzetsi zuen, herrien eta herritarren arteko lehian oinarritzen delako. «Gure helburuaren eta izatearen kontra doa hori». Euskal Herriak bere geroa erabakitzeko eskubiderik ez duen bezala, ekonomia arloan ere herritarrek erabakitzeko eskubiderik ez dutela adierazi zuen, gogoratuz Nafarroaz gaindiko autobidea edo AHT xedeak.
Lisboako tratatua gaitzetsi zuen Goienetxek. Laborariek eta arrantzaleek pairatzen duten egoera izan zuen hizpide. Beren lanetik bizitzea ezinezkoa zaien une berean, diru laguntzak industriari handiek hartzen dituztela salatu zuen.
EHA errotik internazionalista dela erran zuen Goienetxek. Interes ekonomikoetan oinarriturik azaldu zuen Europak ez duela gaitasunik edo interesik Palestinak, Nepalek edo bertze hainbat herrik pairatzen duten hondamendiari aterabideak atzemateko, borondate politikorik ez duelako.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
