Espainiako Gobernua eraikitzen ari den «makroespetxeei» buruzko jardunaldiak egin dituzte Donostian. Halako proiektuak ez direla beharrezkoak azaldu dute, eta horien ondorioak presoek jasango dituztela.
Makroespetxeak, «Estatuaren negozio»
Ainara Arratibel.
DonostiaPresoetatik jende asko bizi da, eta espetxeak negozioa dira askorentzat». Aragoiko presoen arretarako Asapa elkarteko Jose Antonio Lopezek hitz horiekin azaldu du Espainiako Gobernua eraikitzen ari den «makroespetxeen» zergatia. Horietako hiru, gainera, Hego Euskal Herrian eraikitzekotan dira: Langraiz Okan (Araba), Iruñean eta Zubietan (Gipuzkoa). «Egungoak zaharkituta daudela diote, eta horregatik egiten dituztela. Baina hori espetxe gehiago eraikitzeko aitzakia da. Esperientziak erakusten digu berriak egin arren, zaharrak ez dituztela ixten», nabarmendu du Salhaketako Cesar Manzanosek. Hala, ezinbestekoa ikusten du egungo espetxe politikari buruzko hausnarketa egitea.
Makroespetxeei buruz Donostian herenegun egindako jardunaldietan hartu zuten parte Manzanosek eta Lopezek, Arabako Ingurumen diputatu Mikel Mintegi, Zubietako Herri Batzarreko Eñaut Zuriarrainekin eta Aspa elkarteko Ana Castillorekin batera. Hor, gogorarazi zutenez, Espainiako Gobernuaren asmoak betez gero, 2012rako bikoiztu egingo da Hegoaldeko kartzeletako ziega kopurua, 2.000 ziega baino gehiagora. «Astakeria da hori», iritzi dio Manzanosek. Garbi dute bostek, horren atzean ez daudela ez beharra, ezta interes publikoa ere. «Interes ekonomikoak daude horren atzean. Izan ere, halako kartzelatatik jende asko bizi da: funtzionarioak, espetxeak eraikitzen dituzten enpresak... Presoak atxilotzeaz eta epaitzeaz arduratzen direnak ahaztu gabe». dio Castillok. Bide horretan kokatzen dute zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten preso ugari aske ez uztea. «Jada kanpoan egon beharko luketenak aske utziko balituzte, ez lirateke espetxe gehiago egin beharko».
Mintegik eta Zuriarrainek, gainera, halako proiektuek dituzten «irregulartasunak» salatu dituzte. Horren adibide jarri dituzte Zaballako eta Zubietako espetxeen proiektuak. Zaballakoaren kasuan, Espainiako Gobernuak lanak «telefono dei bakar bat ere egin gabe» hasi dituela nabarmendu du Mintegik. «Proiektuak ez du ingurumen eta hirigintza lege bat bakarra ere betetzen, baina bost axola zaie». Hori ikusita, erakunde batzuen jarrera «epelegia» izan dela iritzi dio Mintegik. «Erakunde horiek proiektua geratu nahi izan balute, geratu egingo zuketen. Soriako kartzelarekin gertatutakoa ikustea besterik ez dago. Gaztela Leongo Juntak kartzela gerarazi egin zuen, Espainiako Gobernua aurka egon arren». Zubietakoan, Zuriarrainek gogorarazi du errauste plantatik 560 metrora eraiki nahi dutela, eta Donostiako Udala Zubietako herritarren «bizkar» ari dela erabakiak hartzen. «Guk ez dugu makroespetxerik nahi, ez Zubietan ez inon. Beste espetxe politika bat posible dela uste dugu». Iritzi bera du Castillok, baina ez du uste horretan aldaketarik egingo duenik Espainiako Gobernuak. «Nolabait justifikatu eta azaldu behar dute halako munstroen eraikuntza».
Presoak «kaltetuenak»
Lopezek, gainera, garbi du zeintzuk jasango dituzten horren guztiaren ondorioak: presoek. «Ez guztiek, halere, baizik eta pobreenek eta gizartearen bazterketa jasan dutenek».
Castillok iritzi dio halako kartzelek are gehiago zailduko dutela presoen gizarteratzea. «Kartzela horiek non egiten dituzten ikustea besterik ez dago. Izurrite kutsatzaile bat bailiran, hirietatik urrun egiten dituzte, presoak are gehiago isolatuz, eta herritarroi kartzeletako errealitatea ezkutatuz». Bat dator horrekin Zuriarrain, eta Zubietako errauste plantarekin parekatuz, makroespetxeak «giza errauste plantak» direla salatu du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
