Komunikabide idatzien etorkizuna izan dute hizpide Donostiako Miramongo Parkean egin den Informatikari Euskaldunen VII. Bilkuran.
Olatuak ito ez ditzan
Eihartze Aramendia.
DonostiaKomunikabideen etorkizuna Internet da. Komunikabide idatzien etorkizunari buruz atzo arratsaldean egin zuten mahai inguruan, horretan behintzat bat etorri ziren Iker Balentziaga BERRIA eta Hitza kazetetako informatikaria, Eli Pombo Argia-ko kazetaria eta Maite Ubiria Gaur8 eta Kazeta.info-ko kazetaria. Hedabide idatziek nondik nora joko duten ez zen argi geratu; noraezean dabiltzala esan daiteke, paperezko euskarriaren aferaren inguruan, batik bat. Komunikabide idatziak trantsizio fasean daude, Internet deritzon ozeanoa helmuga dutela. Bide horretan, baina, aurrera joan, gero atzera agian, ezkerretara edota eskuinetara joan, hortxe dago koxka.
Bakoitza bere urratsak egiten dabil: «Papereko edukien kalitatea ahaztu gabe, komunikabide baten etorkizuna ez hipotekatzeko, paperetik at dauden bideak esperimentatu behar ditugu». Horixe Pomboren apustua. «Paperak zenbat iraungo duen atzera kontaketan murgildu baino, trantsizio ereduak asmatzea ezinbestekoa iruditzen zait», Ubiriarena. «Belaunaldi berriak erabat digitalak dira, beraz, komunikabideek informazioa zabaltzeko ahalik eta interesgune gehienetan presente egoteko bideak topatu beharko dituzte», Balentzigarena.
Gauza berriek, baina, gehienetan beldurra dute bidelagun. Ubiriaren ustez, beldurra galdu eta teknologia berriei atxiki behar dira komunikabide idatziak. Informazio mota berria sortu behar da, Ubiriaren iritziz, baina kazetarien artean beldurra dago.
Beldurretik harago joanez, eta hitzaldiari kutsu baikorra emanez, Pombok argi esan zuen: «Kazetariok egiten dugunean sinesten badugu, aurrera aterako gara». Horrez gain, lan talde indartsua eta profesionala izatea funtsezkoa dela iruditzen zaio Argia-ko kazetariari. Kopuruz ez bada, gogoz.
Mesfidantza gaindituz
«Papera eta Internet artean harremanak ez direla naturalki sortu esango nuke. Hasieran mesfidantza handiarekin begiratzen zioten askok jaio berriari». Ubiriaren iritzi horretatik harago ere joan zen mahai-ingurura joan zen kazetari bat: «Internet kazetaritzan sartzen hasi zenean, kazetari kontserbadorea nintzen, betikoa, eta blogariei goitik begiratzen nien. Orain Interneten munduarekin guztiz bat egin dut». Horri erantzunez, Ubiriaren ustez, kazetari asko teknologia berriek euren lanbidean duten garrantziaz ohartu dira, eta hasierako mesfidantza hori gaindituz doa. «Dena den, segur aski arrangura txiki bat sentitzeko arrazoia bazuten kazetari horiek. Izan ere, hamabost urteren bueltan, hedabide berriaren ibilbidea etengabeko hazkunde eta arrakastaren kronika delako», Ubiriaren hitzetan.
Hizlariek esandakoari, edo hobe esanda, ez esandakoari kritika egin zionik ere izan zen. Komunikabide idatzien aldetik autokritikarik ez dela egin adierazi zuen mahai-ingurura joan zen batek. Bide horretatik, hedabide idatziek egiten dutenari nahiz egiten ez dutenari gehiago begiratu behar diete, haren ustez.
Komunikabide idatziek etorkizunean ekonomikoki nondik elikatu behar diren ere kezketako bat izan zen. Balentziagak argi du: «Gainditu beharreko erronkarik handiena finantzaketarena da. Diru iturri diren papereko edizioak desagertzen direnean, Interneteko proiektuak bideragarri egiteko formulak bilatu beharko dira». Interneti doako kultura deitzen dio Ubiriak, baina dirua tartean egon beharreko kultura: «Guretzat tokia badago, baina dirurik ez. Paperetik Internetera pasatzeko dirua behar da». Jendeak informazio arrunta eskuratzeko ordaindu egiten zuen, baina orain informazio mota horri balorea kendu zaiola iruditzen zaio Ubiriari. Hori dela eta, finantzaketa sistema aldatu beharra dagoela dio.
Mesfidantza, finantzaketa, autokritika. Olatuak hamaika forma har ditzake. Olatu horretan ez itotzea, hedabide idatzien erronka.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
