Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:33

EUSKALHERRIA;2009-05-08;Kartela kentzera etxera, ordu txikietan. Astearte goizaldean Donostiako Parte Zaharreko sei etxetara joan zen Ertzaintza, Jon Aginagalde auzoko presoarekin elkartasunean balkoian zeuzkaten argazkiak kentzeko aginduarekin.

Astearte goizaldean Donostiako Parte Zaharreko sei etxetara joan zen Ertzaintza, Jon Aginagalde auzoko presoarekin elkartasunean balkoian zeuzkaten argazkiak kentzeko aginduarekin.

Kartela kentzera etxera, ordu txikietan

Oihana Elduaien.

Donostia

Kartelaren bila gatoz», esan dio atearen beste aldetik, burua estalita daukan ertzain batek, Magdalena Igareta Donostiako Parte Zaharreko bizilagunari. Goizeko laurak dira. «Zein kartel?». Ez du ulertzen ertzainek zer nahi duten. Espetxean 25 urte daramatzan Jon Aginagalde auzoko presoari elkartasuna adierazteko balkoian jarrita daukaten argazkia nahi dute. Haren alboan dagoen Euskal presoak Euskal Herrira maindireari buruz, txintik ere ez.

Kirioak dantzan jarri zaizkio, eta balkoitik botako diela esan die. Baietz, baina atea irekitzeko, nortasun agiria behar dutela. Etxean dauzka alaba eta biloba. Bilobak egoera hura ez ikustea dute helburu alabak eta biek. Atea ireki du nortasun agiria emateko, eta beldurtuta geratu da behe barruan aurpegia estalita ertzain mordoxka ikusi duenean. Behin eta berriz esan die ezin duela sinetsi kartel hura kentzeagatik goizeko lauretan eta modu horretara etxera joan direnik: «Zergatik ez zarete goizeko bederatzietan etorri?». Erantzunik ez. Tramiteak betetzeko beharrezko diren hitzak bakarrik egiten ditu ate ondoan dagoenak, eta gainerakoak isilik daude. Igareta gaizki dago, eta ertzainek ere nabaritu diote. Datuak hartu dizkiotenean alde egin dute. Atea itxi, eta sofan etzan da. Denbora behar izan du bere onera itzultzeko. Beste bi egun bai.

Astearte goizaldean gertatu zen hori, eta Igaretaren etxebizitzan ez ezik, antzeko egoeran egon ziren beste bost etxebizitzetan ere. Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua eskuetan zutela joan ziren ertzainak etxeetara, aurpegiak estalita zituztela. Igaretak ez du ulertzen: «Auzokoa den preso batekin elkartasuna adierazteko kartel bat kentzera horrela etortzen badira, nola joango ote dira gazteren bat atxilotzera doazen etxeetara?».

«Miserableak»

Donostiako Udal Talde Independentistak astearte goizaldean gertatutakoa salatu du, eta «miserableak» deitu die ertzainei, EAJko kideei eta PSE-EEko kideei. Ertzainei, goizeko ordu horietan «elkartasuna isilarazteko asmoz» jendearen etxeetara joateagatik; EAJko kideei, «orain arte bere esanetara eduki duen polizia politikoa herritarren aldarrikapenak isilarazteko erabiltzeagatik»; eta PSE-EEkoak, «'terrorismoari zilegitasuna kentzeko' aitzakiapean, aldarrikapen zilegizkoak zapaldu nahi dituztelako». Donostiako Udal Gobernua osatzen duten alderdien «isiltasuna» ere esanguratsua dela diote.

«Urrats errepresiboekin» ere ez dutela «ezer» lortuko ohartarazi die, ordea Donostiako Udal Talde Independentistak. Euskal presoekiko elkartasuna eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko jarduera «ezin da errepresioaren bidez eten», diote komunikabideetara igorritako oharrean.

Hala, dei egin die donostiarrei, euskal presoen aldeko, eta bereziki preso donostiarren aldeko elkartasuna «txoko guztietara» zabaltzeko. Ezker abertzaleak horretan jarraituko duen konpromisoa berretsi du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia