Lopez hautatu dute lehendakari, eta Ibarretxek agur esan dio politikari
Denekin elkarrizketa sustatuko duen gobernu «sendoa eta egonkorra» gidatuko duela esan du Patxi Lopezek
Bizitzan «beste etapa bati» ekingo diola iragarri du Ibarretxek inbestidura saioan
Edurne Begiristain.
GasteizPSE, PP eta UPDren botoekin izendatu du Eusko Legebiltzarrak Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Gehiengo osoz aukeratu du, 39 botoekin. Juan Jose Ibarretxeren hautagaitzak, berriz, 35 legebiltzarkideren sostengua jasota, ez du babes nahikorik lortu. EAJren babesa ez ezik, EA eta Aralarren sostengua ere jaso du Ibarretxek. Ez- ker Batua, berriz, abstenitu egin da bi lehendakarigaien bozke-tan.
Patxi Lopezen aukeraketa ez ezik, bestelako albistea ere utzi zuen atzoko inbestidura saioak: Ibarretxek politikari agur esan dio. Jarduneko lehendakariak inbestidura saioaren arratsaldeko txandan iragarri zuen politika utziko duela, bizitzan «beste etapa bati» ekiteko. Jasotako babesa eskertzeko eta agur esateko baliatu zuen Ibarretxek bere azken hitzaldia. Lehendakari izan den urte hauetan guztietan babesa eman dioten talde parlamentarioei eta bere gobernua osatu duten sailburuei eskerrak eman ostean egin zuen iragarpena: «Hemen hasi nintzen politika egiten eta hemen utziko diot politika egiteari». Zutituta eta txalo artean agurtu zuten EAJ taldeko parlamentariek.
Patxi Lopez lehendakari aukeratu zuen inbestidura saioak goizetik iluntzera arte iraun zuen. Hautatua izateko gehiengo osoaren babesa aldez aurretik bermatuta zeukala aurkeztu zuen hautagaitza Lopezek goizean, eta ezustekorik gabe aukeratu zuen Legebiltzarrak lehendakari arratsaldean, inbestidura saioa amaitzearekin bat. 20:15 inguru zirela izendatu zuen Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Txalo zaparrada luze batekin ospatu zuten izendapena taldeko legebiltzarkideek eta lagun eta alderdikideek, zeinek gonbidatuen palkoak lepo betetzen baitzituzten. Izendatu eta berehala jaso zituen Ibarretxeren zorionak eta besarkada.
Kritikak elkarri
Goizeko hitzaldietan finkatu zituzten bi lehendakarigaiek jarrerak. Eta arratsaldeko saioan ere gauza bera egin zuten legebiltzar taldeek. Hala, goizeko zein arratsaldeko eztabaidetan argi geratu ziren batzuen eta besteen jarrerak: PSEko gobernuaren eskutik hasiko den aro politikoak «askatasuna eta akordioa» bermatuko dituela nabarmendu zuten PSE, PP eta UPDko ordezkariek, eta hurrengo gobernua «frontista» izango dela eta «estatu estrategiari» erantzuten diola, berriz, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek.
Lopezen eta Ibarretxeren arteko eztabaida ere ildo beretik joan zen. Azken hamarkadan Ibarretxeren eskutik Jaurlaritzak egindako politikak «lubakitik» egin direla eta gizartean «haustura» sortu dutela adierazi zuen PSEko hautagaiak. Ibarretxek, ordea, euskal gizarteari bizkarra emanda osatutako gobernu «frontista» aurrera eramatea leporatu zion Lopezi, eta salatu zuen Legebiltzarreko gehiengoak ez diola erantzuten gizartearen gehiengo soziologikoari. Ibarretxerentzat «tranpa» egin du Lopezek boterea eskuratzeko, batetik Alderdien Legearen erabilera «maltzurra» egin duelako, gizartearen gehiengoak abertzalea izaten jarraitzen duelako, eta bestetik PPrekin bat eginda agindutako transbertsaltasuna ez duelako bete.
Elkarrizketa bultzatuko du hurrengo gobernuak, «sendoa eta egonkorra» izango da eta ez du «inor baztertuko», Lopezek erantzun zionez. Gainera, ideia bat bera ez dagoela legez kanpo eta Legebiltzarrean ideia guztiak ordezkatuta daudela adierazi zuen.
Lehendakaritza PPri esker lortu duen arren, harekin sinatutako akordioaren inguruan labur hitz egin zuen Lopezek. Eta elkarlanerako eskua luzatu zuenean ez zituen popularrak aipatu, bereziki EAJri egin baitzion «garai politiko berrirako» adostasunerako eskaintza. Sozialistek egingo duten gobernuarekin, berriz, konfiantza gutxi agertu zuen Ibarretxek, «eraikitzeko beharrean desegiteko» den hitzarmena egin dutelako PPrekin.
Lopezen lehen urratsak
35
39
Alderdi guztiek agur beroa egin diote Ibarretxeri
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
