2009-05-05
Serbiaren menpeko haran horretan albaniarrak dira nagusi; Kosovorekin bat egitea aldarrikatzen dute, nazioarteko planak mugak aldatzea debekatzen badu ere: albaniarren batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da Presevon.
Presevo, konpondu gabeko auzia
Urtzi Urrutikoetxea.
PresevoPresevora azoka egunean iritsiz gero, serbiarrak, albaniarrak eta ijitoak leku berean ikusteko aukera dago. Ez da egunerokoaren isla, ordea, laster igar daitekeen legez. Sagar saltzaile serbiarrak dio herrian ez dagoela arazorik: «Hemen ondo daude gauzak, zer arazo egongo da, bada?»; serbieraz dio, herriko %90 diren albaniarren hizkuntza ikasteko edo hitz egiteko inolako borondaterik gabe. Pristinako Unibertsitatean ikasten ari den ikasle batek -asteburua familiarekin pasatzen ari da- oso bestela uste du, serbiarrari erositako sagarrekin etxera bidean joanda ere. «Ez duzu albaniar ikasle bakar bat aurkituko Belgraden, Novi Saden edo Serbiako hiriren baten ikasten ari denik. Denak gaude Pristinan edo Mazedonian; Albanian ere bai batzuk. Baina Serbiako hirietan ikasketak egitea arriskutsua da albaniarrentzat».
Herriko institutuan Balkanetan oso zaila den sinboloen nahastea dago agerian: Serbiako bandera dauka beste eraikin publiko guztiek bezala, baina Skandenberg XVII. mendeko albaniar heroi nazionalaren eskultura dago patioaren erdian. Eta horman, ingelesez, Happy Birthday, Kosovoren independentziaren lehen urteurrena ospatzeko -otsailaren 17an ospatu zuten urteurrena-. Presevoko albaniarrak dira prozesuan gehien galdu dutenetakoak, horratik. Jugoslavian bi milioi pasa albaniarrek osatzen zuten komunitatearekin zeukaten lotura estuaren lekuan mugak eta mugak eraiki dizkiete. Lehenak Mazedoniako albaniarrekikoak, Kosovokoekikoak azkenak. Albaniarren independentziaren prezioa izan da Presevo.
Bertako albaniarrek behin eta berriz Kosovorekin bat egitea eskatu arren, berariaz eragozten du mugarik aldatzerik Martti Ahtisaari bitartekariaren planak. Bide orri hori da independentzia aldarrikapenaren oinarria, eta Kosovo zatiezina dela dio. Ondorioz, Mitrovica eta Kosovo iparraldeko serbiar komunitateek ez daukate Serbiarekin bat egiterik, ez eta Presevok auzo albaniarrengana lotzerik ere. «Mugak 30eko hamarkadan ezarri zituzten, gu Kosovotik atera eta iparraldeko hiru udalerri erantsita, serbiarren pisua handitu zedin. Baina orain ukiezinak dirudite», diotso BERRIAri Presevoko Udaleko batzarreko presidente Ragmi Mustafak.
Meskitara eta Kosovora doan bidetik goazela duela aste batzuetako lehergailuek non egin zuten eztanda erakutsi digute, Tito mariskalaren kalean. Albaniar saltokien atarira jaurti zituzten gauez; ez zen zauriturik izan, baina argi utzi zuen giroa zelan gaiztotzen ari den. Abenduko azken egunetan egindako polizia operazioaren ondorena izan zen erasoa. Jendarme maskaratuek herriko hamar lagun hartu zituzten preso Kosovoko gerran serbiarrak bahitu eta hiltzeaz akusatuta. Hamarretako bat libre utzi eta gero, besteei hiru hilabetez luzatu berri diete behin-behineko espetxealdia.
Apenas dago gazterik
Ondorio argiena herriko gazteak desagertzea izan da. Duela hamar urte borrokatzeko adinean zeuden mutil gehienek mugaz beste aldera jo dute, atxiloketen atzean helburu argia ikusten baitute. Halaxe diosku unibertsitatean dagoen gazte batek, bere adinetik gorako gutxi ikusiko ditugula esan ostean: «Albaniarrok gure herritik bota nahi gaituzte, argi utzi Serbiak agintzen duela hemen eta tentsioa nahi duenean igoaraziko digula serbiar gehiengoa lortu arte».
90eko hamarkadan ikusitakoen oihartzuna dator berehala, baina halakorik berriz gertatzea ia ezinezko dela diote denek. Helburu horiek beste era finagoen bidez erdiestea, baina, uste baino arruntagoa dela diote. Hala, Presevoko biztanleen %90 albaniarrak diren artean, haraneko beste udalerrietan nabarmen apalagoak dira kopuruak: Bujanovacen bi heren dira, eta herena baino ez Medvedjan. «Han gehienek Kosovora ihes egin dute, ez da leku segurua eta ezin izan dute jasan».
Ragmi Mustafa Udaleko batzarreko presidenteak Serbia osoko leku atzeratuena dela dio: «Langabezia %70ekoa da, eta baldintza sozial kaskarrak ditugu; alde egin dezagun bidali digu mezua, baina mendeak daramatzagu hemen». Gerra berririk piztea agendatik kanpo ei dago, horratik. «Ez dago baldintzarik berriz borrokari heltzeko; arazoak bake bidez konpontzea erabaki dugu. Europan eta Balkanetan gerrak amaitu izana espero dut. Bide horretatik baino ez dugu izango Europaren laguntza. Baina Europako Batasunak ere arreta handiagoa jarri behar du, Kosovoz haratago, hemengo arazoak ez daitezen lehertu».
Albaniarren batasuna
Hiri txikia da Presevo, eta ez da zaila albaniar komunitatearentzat garrantzitsuak diren pertsonekin topo egitea. Hala aurkitu dugu zinegotzi ohi bat; politika ofiziala utzita izanik ez, baina asmoak argi adierazi dizkigu: «Kosovoren independentzia albaniarren mendeetako sakrifizioaren ondorio da, eta garbiketa etnikoaren porrota da. [1878ko] Berlingo Kongresuaz geroztik albaniarrok elkarrekin bizi nahi izan dugu, eta orain hurbil dago xedea».
Presevok albaniar lurraldeekin bat egiteko aukera benetakoa den jakin gura izan dugu, albaniarren desio ezkutatugabeez haratago. Baiezkoan dago, urtetan adierazi legez. «Albaniar biztanle guztien xedea, Montenegron, Kosovon edo beste edonon, elkarrekin bizitzea da. Gure esaera zaharrari heltzen diogu: ez dago betiko irauten duen eragozpenik».
Jugoslavia federazio sozialista gisa eratu arren, «ez ziguten jaramonik egin Presevoko albaniarron eskaerei, Kosovorekin bat egiteko. Are gutxiago egin zion Slobodan Milosevicen gobernuak, noski, herritarrek erreferendumean eskari hori eginagatik. Horien guztien gainetik hemen gaude, eta batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da».
Mitrovica hiri zatituan liskarrak piztu dira berriro
ELK Kosovo Askatzeko Armada zertan da?
AEBetako presidenteordea aurki joango da Balkanetara
23
54
Ragmi Mustafa. - Presevoko Udaleko batzarreko presidentea
Serbiako Gobernuaren taktika salatzen du Mustafak; haren ustez, albaniarrek ihes egitea nahi dute eskualdean serbiarrak nagusitzeko.
«Kosovoko gutxiengoaren babes bera nahi dugu Serbian»
U. Urrutikoetxea.
PresevoAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
