Pandemia arriskua txikia dela dio OMEk, gripea Asiara iritsi den arren
Asiako hego-ekialdean sortzen da urtero ohiko gripearen aldaera berria, eta A/H1N1 birusa ere han eralda liteke
OMEren arabera, 24 orduan bikoiztu egin da gaixo kopurua: 615 dira jada kutsatutakoak
Leire Ventas.
A/H1N1 gripea Asiara heldu bada ere, OME Osasunerako Mundu Erakundeak dioenez Iparramerikatik at ez dago birusa gizakitik gizakira modu jarraian igarotzen ari den froga ziurrik. Baldintza hori ezinbestekoa da alerta egoeraren maila handitzeko. Pandemia arriskua txikia da, beraz.
Hala ere, kutsatutakoen zifra goraka ari da etengabe. OMEren arabera, 24 orduan bikoiztu egin dira gaitzak jotakoak. Herenegun 331 kasu zenbatu zituen -tartean bederatzi hildako-, baina azken txostenean 615 direla berretsi du; eta hildakoak hamazazpi. Horietatik hamasei herenegun Mexikoko Gobernuak jakinarazi zituenak dira, eta bestea asteazkenean Texasen (AEB) hil zen haur mexikarra. Horiek horrela, gaitza gehiago heda ez dadin, gripearen kontrako 2,4 milioi tratamendu -Tamiflu izeneko botika- banatu ditu OMEk 72 herrialdetan; «nazio pobreenetan eta behar gehien dutenetan», ordezkarien arabera.
Dena den, erakundearen datuak zaharkituak geratzen dira berehala, lekuan lekuko gobernuek bereak jakinaraztean. Izan ere, datu horiek guztiak bildu eta egiaztatu egiten ditu OMEk, txosten ofiziala argitaratzerako. Hala, lerro hauek idazterako, Mexikoko Gobernuak 381etik 427ra igo zuen A/H1N1 gripea dutenen kopurua -hildakoen zifra bezperako bera da: hamasei-.
Herenegun atzeman zuten lehen kasua Asian; Hong Kongen (Txinako eskualde administratibo berezia), hain zuzen. Turista mexikar batek eraman du gripea herrialdera. Atzo goizaldean, berriz, kutsatutako pertsona bat identifikatu zuten Hego Korean; 51 urteko moja bat, bi aste Mexiko Hirian igaro ondoren etxera itzuli dena. Bidaia dela-eta berekin harremanetan egon diren beste hogei bat lagun gaitzak jota ote dauden ari dira aztertzen Hego Koreako osasun zerbitzuak; baita emakumearekin bizi den 44 urteko kidea ere. Azken hori gaixo dagoela baieztatuko balitz, Mexikon egon gabe kutsatu den lehen korearra izango litzateke.
Bi kasu horiek egoera zail lezakete. Ez soilik eskualde hori munduko jendetsuena delako; Asiako hego-ekialdea gripearen birusaren laborategi handiena delako baizik. Izan ere, bertan sortzen da urtero ohiko gripearen aldaera berria. Horrexegatik bidaltzen ditu OME Osasunerako Mundu Erakundeak adituak hara, gripea beste herrialdeetan hedatu baino sei hilabete lehenago. Hegaztien, beste animalien eta gizakien laginak hartzen dituzte. Horri esker aurreikusi ahal izaten dute datorren gripearen kontrako txertoaren osagaiak zein izan behar duten.
Bestalde, A/H1N1 birusa eskualdean zabalduta, hura eraldatzeko aukerak ere biderkatu egiten dira. Hegazti gripearen birusarekin informazio genetikoa truka lezake, esaterako. Mila konbinazio posible ditu horrek. Baina aldaera berriak gizakitik gizakira transmititua izateko gaitasunari eutsiko balio, eta hegazti gripearen hilkortasuna balu, ondorio larriak izan litzake. Desagertu ere egin liteke, ordea.
Dena den, hondamendia saihesteko, neurriak hartzen hasiak dira Asia hego-ekialdean. Gripearen kontrako botikak erruz erosi ditu Txinako Gobernuak. Era berean, Mexikora ez bidaiatzea gomendatu du, eta bertatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik txerrikia inportatzea debekatu du. Hala ere, lasaitasunerako deia egin du Chen Zu Osasun ministroak: «Pandemia aurreikusteko eta kontrolatzeko gaitasuna dugu». Helburu berarekin, Hego Koreako Gobernuak Mexikorako hegaldiak murriztu ditu, eta han izan diren herritarrei astebetez etxean egoteko agindu die.
Hiru euskal herritar daude birusagatik berrogeialdian, Txinan
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
