Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:28

EUSKALHERRIA;2009-04-30;Thierry Delobel. Ikas-Biko presidentea. «Gurasoengan eragin behar dugu beldurra kendu eta ele biko eredua hauta dezaten». Eskola publiko elebiduneko gurasoen elkarteak urteroko Biltzar Nagusia egin zuen atzo Donibane Lohizunen. Eredu publikoaren garapen indartsua nabarmendu du Thierry Delobel presidenteak.

Thierry Delobel.

Ikas-Biko presidentea

Eskola publiko elebiduneko gurasoen elkarteak urteroko Biltzar Nagusia egin zuen atzo Donibane Lohizunen. Eredu publikoaren garapen indartsua nabarmendu du Thierry Delobel presidenteak.

«Gurasoengan eragin behar dugu beldurra kendu eta ele biko eredua hauta dezaten»

Aitor Renteria.

Baiona

Euskararen Erakunde Publikoa sortu zenetik, biziki emendatu da ikasle elebidunen kopurua hezkuntza publikoan. Hala ere, guraso elkarteak zaindari eginkizuna duela dio Ikas-Bi hezkuntza publiko elebiduneko gurasoen elkarteko presidente Thierry Delobelek. Frantziako Hezkuntzak baliabideak murriztu nahi ditu eskoletan, eta horrek eskola publikoaren kalitatea kolokan ezartzen du, Delobelen iritziz.

Zein egoeratan dago hezkuntza elebiduna eskola publikoan?

Aurtengo ikasturtea berezia da. EEP sortu zenetik eskola elebidun publikoaren garapena begi bistakoa da. 2004an, 3.091 ikasle zeuden eredu publikoan (publikoko ikasleen %18,5), eta, 2008an, 4.160 ikasle ziren (%24,7). Gaur egun, lehen mailako ikastetxe publikoen erdietan euskara ikastea eskaintzen da. Gurasoengan eragin behar dugu beldurra kendu eta haurrak eredu elebidunean ezar ditzaten.

Nolako inpresioa duzue heldu den ikasturteari begira?

Aipatu bezala, egitura zabaldu da, eta, orain, eragitea falta zaigu. Dena dela, eskaintza zabaltzen ari da, eta heldu den sartzean eskaintza elebiduna egonen da Mugerren, Donibane Lohizunen, Urepelen eta, oraindik garrantzitsuagoa, bigarren mailan. Arazorik ez badago, Hiriburuko kolegioa egina egonen da, eta bertan eskaintza elebiduna eginen da.

Parekotasuna ez ezik, euskara indartzea eskatzen duzue. Alta, legeak ez du hori baimentzen. Aukera errealik ikusten duzue hori gauzatzeko?

Begi onez ikusten dugu eredu indartuaren garapena. Ipar Euskal Herriko gizartean euskara galdua da; karriketan ez da entzuten. Eskolak transmisioa bermatu behar du, eta horretarako eskaintza zabaldu behar da, oren kopuruan ere bai. Errealitate hori aipatu dugu atzoko Biltzar Nagusian. Guraso elkarte gisa, gure eginkizuna luzaroko ikuspegia izatea da. Eredu indartua zabaldu ahal izateko, legea aldatu beharko da.

Uste duzue lege aldaketak bermatuko duela murgiltze eredua eredu publikoan?

Uste dugu Frantziak egiazko borondatea duela lege egoki bat ezartzeko plantan. Oraindik ez dakigu zein izanen den legearen mamia; ez dakigu bozkatuko den ere. Baina pentsatzen dugu Ipar Euskal Herrian indarrean ezarri den ereduari jarraikiz osatuko dela.

Zer adierazi nahi duzu horrekin?

Estatuaren eta tokiko erakundeen arteko eginkizunak banatuko direla. Uste dugu bermatuko duela gaur egun dugun hezkuntza eredua garatzea; gutxi gorabehera, EEPren eredutik abiatuko dela legea. Eredu berezia sortu dugu hemen, Estatuan, tokiko erakundeetan eta elkarteetan oinarrituz. Uste dut sistema horretan oreka atzeman dugula, eta hori legean agertuko dela.

Usaian Ikas-Bik ematen zuen ikasle kopuruen bilakaeraren berri. Aurten EEPk egin du. Zergatik?

Bigarren urtez EEPko presidente Max Brissonek aurkeztu ditu bilakaera kuantitatiboa eta kualitatiboa. Uste dut urrats garrantzitsua dela, euskara normalizazioaren bidean sartzen ari dela.

Beraz, bukatu da betiko eskola sartzeko gatazkaren garaia?

Ez, gure eginkizuna ez da horretara mugatzen. Frantziako Hezkuntzak beti du tentazio bera: baliabideak murriztea, gela bakoitzean egon behar den ikasle kopurua emendatzea. Denek ez dute ezagutzen zer den eredu elebiduna. Argi ikusi genuen hori Paueko Akademia ikuskaria gomitatu genuelarik iaz gure elkartearen jaira. Ez zekien zer zen irakaskuntza elebiduna. Baina pertsonen anekdoten gainetik, errealitate bat dago. Eredu elebidunean errespetatu behar da oren parekotasuna, eta Frantziako Hezkuntzak usu urratzen du hori. Batzuetan arrazoirik ez duten eskola ixteak agintzen ditu, bertze batzuetan irakasle erdaldunak bidaltzen ditu amatasun oporretan edo lan geldialdian dauden langileak ordezkatzeko. Baina, oroz gain, ez du kontuan hartzen lehen mailatik ateratzen diren ikasleak ez direla osoki euskaldunak; beraz, ez dira elebidunak. Testuinguru horretan kokatzen da euskara indartzearen beharra, bigarren mailaren bukaeran ikasle guztiak elebidunak izateko.

Lurralde osoan eskaintza aski zabala da, bi ikastetxetik batean bermatzen da. Alta, ikasleen herenak baino ez du segitzen eredu elebiduna. Zergatik?

Ez dutelako ongi ezagutzen, beldur direlako. Baina kopuruek argi erakusten dute eskaintza dagoen tokian gurasoek onartzen dutela. Eredu frantses elebakarrean murrizten ari dira postuak, eta euskarazko ereduan emendatzen ari dira. Gurasoen gutizia pizteko kanpaina publikoak egin behar dira. Ez da dudarik beldurra uxatzen delarik hezkuntza elebiduna nagusituko dela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia