Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:28

EUSKALHERRIA;2009-04-30;Euskararen mundua positibotzat jo arren arrotz zaiela diote erdaldunek. Unesco Etxearen ikerlan baten arabera, erdaldunek aho batez diote ezin dela utzi euskara galtzen

Euskararen mundua positibotzat jo arren arrotz zaiela diote erdaldunek

Unesco Etxearen ikerlan baten arabera, erdaldunek aho batez diote ezin dela utzi euskara galtzen

Maite Asensio.

Bilbo

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erdaldun gehienek onartu egiten dute ez dutela ezagutzen euskararen mundua; %90 ingururi «arrotz» zaie, hain justu. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarentzat Unesco Etxeak egindako Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak ikerlanatik ateratako ondorioetako bat da. Dena den, erdaldun guztiak bat datoz ideia batean: ezin da utzi euskara galtzen.

«Badakit historiaren parte bat galtzen ari naizela». Ane Ortega ikerlanaren egileetako baten arabera, esaldi hori erabili dute erdaldun askok haien euskararekiko kokapena azaltzeko. Euskararen mundua ezagutzen ez duten arren «mundu horren balorazio positiboa» egiten dutela esan du: «Euskararen mundura hurbiltzeko jauzia aurkikuntza gisa ulertzen dute».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat egoera soziolinguistiko osatzen duten 600 erdaldunekin egindako talde elkarrizketak erabili dituzte azterketa kualitatiboa zein kuantitatiboa egiteko. Parte-hartzaileen %55,5k adierazi dute euskararen mundutik hurbil sentitzen direla, %24,9k interesa dutela, eta %10ek baino gutxiagok ez dute agertu inolako interesik.

Etorkizunera begira, ezkor agertu dira erdaldun batzuk, normalizaziorako asko falta delakoan. Beste batzuk, aldiz, baikorragoak dira, hizkuntza politikaren bidez euskarak laguntzak jasotzen dituelako, eta oso hedatuta dagoelako irakaskuntzan, batik bat. «Bi ahoko ezpata da hori», dio Ortegak; «Konpromiso handirik behar ez dela pentsa daiteke, egoera bakarrik konponduko dela».

Hala ere, euskararen normalizaziorako konpromisoa beharrezkoaren ideia orokortuta dago erdaldunen artean, ikerlanaren arabera. Elkarrizketatuen erdiek baino gehiagok diote euskara ikastea gustatuko litzaiekeela. Izan ere, parte-hartzaileen %65,7 euskara ikasten saiatu dira bizitzako uneren batean, baina bide horretan hainbat oztopo izan dituztela argudiatu dute: hizkuntza zaila dela eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dela antzematea; euskara ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dela pentsatzea eta denborarik ez izatea; euskalduntze sistemaren helburu bakarra bikain ikastea eta azterketa gainditzea dela uste izatea; edota helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoela pentsatzea.

Euskarari buruz oso hedatuta dauden bestelako aurreiritziak ere topatu dituzte. Alde batetik, euskara hizkuntza «polita» dela nabarmendu dute askok, eta hizkuntza asko jakitea onuragarria dela. Bestetik, euskara «baserritarren hizkuntza» dela esan duenik badago, baita munduan hizkuntza bakarra egon beharko litzatekeela uste duenik ere.

Erabateko adostasuna

Hizkuntza politikaren inguruko adostasuna noraino heltzen den aztertu nahi izan du ikerlanak. Ideia batean erabateko adostasuna (%100) topatu dute erdaldunen artean: ezin da utzi euskara galtzen. «Neurriak aztertzean adostasun maila jaitsi egiten da», azaldu du Ortegak. Horren haritik, erdaldun batzuek diote euskara «aktiboki sustatu» behar dela, diru gehiago inbertitu behar dela, edo denek gustuko ez dituzten urratsak egin behar direla; beste batzuek, aldiz, «inposaketatzat» dituzte hainbat neurri. Belaunaldi gazteek elebidunak izan behar dutelako ideiak ere adostasun handia du.

Hain zuzen, hizkuntza politikan dauden desadostasunez mintzatu da Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako jarduneko sailburuordea. Unesco Etxeak egindako ikerlanak euskararen munduarekiko ezjakintasuna hausteko balio duela nabarmendu du: «Hizkuntza kontuetan, gure helburua ez da koexistentzia, bizikidetza baizik. Eta bizikidetzak ezinbestez eskatzen du bestea ezagutzea».

Euskara biziberritzeko prozesuan guztien inplikazioa behar dela gaineratu du, hizkuntza «monopolizatu» gabe eta prozesu horretatik «inork bere burua baztertu» gabe; «erdararen eta euskararen munduen arteko dibortzioa betikotuz gero, euskarak dauka galtzeko guztia».

Datua

%38



Munduan hizkuntza bakarra izatearen aldekoak. «Hobeto komunikatzeko, munduan hizkuntza bakarra egon beharko litzateke», horrekin oso ados daude elkarrizketatuen %16,6, eta ados %21,4. Guztira, %38.

Euskararekiko jarrerak eta iritziak



ONDORIOAK

Balio instrumentala. Oro har, euskarak berezko balio instrumentalik ez duela ondorioztatu du ikerlanak, hau da, parte-hartzaileek ez dute uste euskara beharrezkoa denik lan egiteko edo egunerokoan bizitzeko. Lan esparruari dagokionez, funtzio publikoan eta irakaskuntzan beharrezkoa edo oso lagungarria dela uste dute. Halaber, ikerlanak dio egun euskarak balio instrumental handiagoa duela lehen baino.

Balio integratzailea. Euskal nortasunaren elementutzat dute parte-hartzaileek euskara. Batzuentzat nortasun hori taxutzen duen hizkuntza bakarra da, eta «tragikoa» izango litzateke euskara galtzea; beste batzuentzat (gutxiagorentzat) garrantzi handiegia ematen zaio, «itogarria» izateraino. Gizartean integratzeko, euskara ez dute beharrezkotzat jotzen erdaldunek, hau da, ez dira baztertuta sentitu euskara ez jakiteagatik.

Politizazioa. Euskara «oso politizatuta» dagoela diote erdaldunek. Gehienentzat, aukera politiko edo ideologiko jakin batzuekin lotuta dago, abertzaletasunarekin batik bat. Era berean, euskara ez da alderdi ez abertzaleekin lotzen; zenbaitek arazotzat dute hori, «euskararekiko gorrotoa» sustatzen delakoan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia