Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:27

EUSKALHERRIA;2009-04-30;MARTIN UGALDE FOROA. PATXI ZABALETA. Independentziarako benetako bide bakarra politika dela dio Zabaletak. 'Abertzalegoaren berregituraketa premia' lelopean, Martin Ugalde Foroan hitzaldia eman du Aralarreko koordinatzaile nagusiak ETAk «bukaera duina» izatea Euskal Herriarentzat ona litzatekeela dio

Independentziarako benetako bide bakarra politika dela dio Zabaletak

'Abertzalegoaren berregituraketa premia' lelopean, Martin Ugalde Foroan hitzaldia eman du Aralarreko koordinatzaile nagusiak

ETAk «bukaera duina» izatea Euskal Herriarentzat ona litzatekeela dio

Oihana Elduaien.

Andoain

Bide politikoen aldeko mezua zabaldu du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile orokorrak, Martin Ugalde Foroan emandako hitzaldian. Abertzalegoaren berregituraketaren premia goiburupean egindako hitzaldian, haren ustez, aurrera egiteko abertzaletasunak jarraitu beharreko irizpideak azpimarratu ditu, batik bat ezker abertzalean erreparatuz. Aralarrek zein ABk, batetik, eta «Batasunaren munduko ezker abertzaleak», bestetik, osatzen duten ezker abertzaleak bat egin beharko dutela uste du: «Azkenean bildu beharko dugu, eta hobe lehen berandu baino». Izan ere, «ezker abertzale politikoa, dagokion esparru politiko osoa ordezkatzeko antolatu, prestatu eta lehia politikorako adorez egokitzen denean, beste edozein indar politiko adinakoa izanen da».

Horretarako, baina, bost baldintza bete behar direla ohartarazi du. Batetik, «bide soilik politikoak» erabili behar direla uste du. «Kondenaren edo damuaren aitorpen ospetsurik» ez zaiola inori eskatu behar uste du, baizik eta ETAri borroka armatua uzteko eskatu behar zaiola. Bigarrenik, «egitura demokratikoa lehenetsi» behar dela uste du. Ezker abertzaleak mugimendu zabala izan behar duela dio, barne egitura demokratikoarekin. «Abangoardia eta lidergoaren xedeak» baztertu egin behar dira, bere arabera, eta indar politiko bat gehiago izatearen papera onetsi.

Lehia politikoa egiten egungo egoeratik hasi behar dela azaldu du, hirugarrenik, hiru erabaki esparru aitortuz. Europako Batasuna ere onartu egin behar dela esan du laugarrenik: «Bere gabezia eta hutsune politiko eta ekonomiko guztiekin». Euskal Herria Europako nazio bat denez, EB onartu egin behar dela iruditzen zaio. Eta azkenik, ezker berria eta sozialismo historikoaren ideologiak batu behar direla azaldu du, «ezker abertzalea indar eraldatzaile eraginkorra izan dadin». Azken batean, «ezker abertzaleko bidea» Aralar dela dio.

«Transbertsaltasuna»

Abertzaleen artean ezkerra eta eskuina daudela eta halaxe egon behar dutela uste du Zabaletak. Martin Ugalde kultur parkean emandako hitzaldian esandakoaren arabera, «abertzaletasuna ez delako ideologia bat». Bi esparru horiek «anitzak eta askotarikoak» dira, haren arabera.

EAJk eta ezker abertzaleak abertzaletasuna esparru bakar batean batzeko ahaleginak egin izan dituztela ekarri du gogora Zabaletak, baina, bere arabera, ahalegin horiek «txartzat» jo behar dira, «antzutasuna» eragiten dutelako. «Bi esparru nagusi horietako bakoitzak bere ordezkaritza eta elkarrekiko oreka eta borroka aldizkatuz, dialektika etengabean jokatu beharko lukete». Hori independentziaren aurretik eta ondoren halaxe izango dela aurreikusten du.

Ez dago ados EAJ ordezkatu behar dutela esaten dutenekin. «Ezker abertzaleak ez du EAJ ordezkatuko, ez du ordezkatu behar eta ez du ordezkatu nahi». Egin behar dena, ados dauden gauzetan elkartu eta ados ez daudenetan lehiatzea dela dio.

Guzti hori, «frentismorik gabe» egin behar dela uste du. Izan ere, Zabaletaren arabera, «frentismoa txarra da beti». Frentismoa dagoenean, «beti eskuin muturreko jarrerak» aurrera ateratzen direla dio, «desideologizatuen mesedetan garatzen baita».

«Frentismoak» baztertu, eta «transbertsaltasunaren» alde egin du Zabaletak. «Transbertsaltasunaren adierazle izan daitezke, bere arabera, koalizioak». Nolanahi ere, koalizioetan ere «bazterketa txarretsi» egin behar dela esan du. Hala, ezker abertzaleak, gizartea aldatzeko helburua duenez, horretarako «akordioak lortzeko gaitasuna» behar dela dio.

ETAk «bukaera duina»

ETAk bukaera duina edukitzea ona izango litzatekeela uste du Zabaletak. Duintasun horrek, hiru osagarri behar lituzke, bere arabera: «Aldebakarreko etena, ordain politikorik gabeko etena eta behin betiko etena». Zabaletak dio, alde batekoa izan behar duela, «bakearen protagonistak euskaldunok izan behar dugulako»; baldintzarik gabekoa, zerbaiten truke armak utzi dituenak ezer gehiago ezin dezakeela aldarrikatu uste duelako; eta behin betikoa, bere ustez su-etenek dagoeneko ez diotelako itxaropenik sortzen herritarrei. «ETA erakundearen hitzak galdu egin zuen lehen izandako sinesgarritasuna».

Ez du dudarik ETA amaitu egin behar dela «ETA-ren aroa bukatu da. Ideologikoki eta estrategikoki agortu egin da», esan du. Erakunde armatuaren amaiera polizialik ez du aurreikusten Zabaletak, baina gertatuko balitz, «hondamendia» litzateke bere esanetan.

Bakea Aralarrentzat lehentasuna dela berretsi du, «egin beharreko urratsa» dela. Ildo horretan, amnistiaren bidez presoak kalera aterako direla aurreikusten du. Amnistia presoak ateratzea baino gehiago dela uste du: «Amnistiak alde bi ditu beti». Zabaletaren arabera, preso bakar bat ere ez da ahaztu behar.



Zabaletak dio krisian ezker politikoa beharrezkoa dela



Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak «inoiz baino beharrezkotzat» jo du ezker politikoa «ezohiko krisialdi honi» aurre egiteko. Haren ustez, diagnosiak egitean erruak leporatzen ditu, eta erantzukizunak eskatzen. Eskuinak, berriz, kontrakoa egiten duela argi dauka. «Azterketa sakonik ez du nahi, eta erantzukizunak ez ditu eskatzen». Gisa berean aterabide ausartak eta elkartasunezkoak aurkeztu behar direla dio. Ziur dago horrelakoak ez direla eskuinetik etorriko, haiek «konfiantza berreskuratzea» baizik ez baitute aipatzen, haren erranetan. «Erro-erroko krisia» da, haren ustez, eta ezkerreko politikoak baizik ez ditu ikusten aterabideak bilatzeko gai egiturazko ikuspegi batetik.

Patxi Zabaletaren literatura lanak



ANTZERKIA

Nafarroako azken mariskala. 1991, Txalaparta.

BIOGRAFIA

Julian Gaiarre. 1983, Gordailu.

NARRAZIOAK

Eskomunia ala Zoroastroren artalde. 1977, Egilearen edizioa.

NOBELA

Nafarroako herritar xumeen bizimodua islatzen duen trilogia:

Ukoreka. (1994, Txalaparta). 1923tik -Primo de Riveraren diktaduraren hasieratik- 1936ra -II. Errepublikaren erorialdira. Baserriko bizitza islatzen du.

Badena dena da. (1995, Txalaparta). Nafarroako Erriberako leizeetan bizi izandako pertsonen lekukotasuna ematen du eleberriak.

Arian ari. (1996, Txalaparta).

1950eko hamarkadako gertakariak biltzen ditu, ETAko komando bat eta Nafarroako mugaldean bizi diren kontrabandista batzuk protagonista dituelarik.

NOBELA HISTORIKOA

Errolanen harria. 1998, Txalaparta.

Eneko Aritzaren hilobia. 2005, Egilearen edizioa.

POESIA

Zorion baten zainak. 1972, Gero.

Ezten gorriak. 1975, Idatz.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia