Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:27

EUSKALHERRIA;2009-04-29;Iera Arantzamendi. EHEko kidea. «Euskaraz bizitzeko hautua indartu behar dugu, oztopo eta urraketak jasan arren». Igandean ospatuko du EHE Euskal Herrian Euskarazek VI. Hizkuntz Eskubideen Eguna, Ondarroan. Arantzamendik euskaldunei dei egin die euskararen alde egitera, «Euskal Herri euskaldunera heltzeko».

Iera Arantzamendi.

EHEko kidea

Igandean ospatuko du EHE Euskal Herrian Euskarazek VI. Hizkuntz Eskubideen Eguna, Ondarroan. Arantzamendik euskaldunei dei egin die euskararen alde egitera, «Euskal Herri euskaldunera heltzeko».

«Euskaraz bizitzeko hautua indartu behar dugu, oztopo eta urraketak jasan arren»

Garikoitz Goikoetxea.

Bilbo

Herrian izango du aurten Hizkuntz Eskubideen Eguna Iera Arantzamendik (Ondarroa, Bizkaia, 1983). Seigarrena izango da, eta «euskaraz bizitzeko hautua» egiteko eskatuko du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak.

Hizkuntz Eskubideen Eguna ospatuko duzue igandean. Zein da egun horren helburua?

Seigarrenez ospatuko dugu aurten, Ondarroan, toki euskaldun batean. Helburu nagusiak izango dira euskaraz bizi diren lekuen garrantzia mahai gainean jartzea, euskaraz bizitzeko eskubideaz jabetzea, eta hautu hori indartzeko konpromisoak hartzea.

Euskaldunek badakite hiztun gisa zein eskubide dituzten?

Oraindik asko dago egiteko. Ez gara guztiz eskubide horien jabe. Horregatik antolatzen dugu egun hori, denok izateko konsziente Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela, eta egunerokoan ez daukagula eskubiderik euskaraz normal bizitzeko. Hizkuntz eskubideak urratzen diren unean, salatu egin behar ditugu.

Hizkuntz Eskubideen Egunaren inguruan Nazio Bilkura egin izan duzue aurreko urteetan. Aurten, ordea, herrietan ari zarete egiten batzarrak. Zergatik aldatu duzue dinamika?

Nahi genuen tokian tokiko errealitatearen arabera euskalduntzeaz aritu eragileekin. Euskarak lekuan-lekuan duen egoeraren inguruan hitz egiteko eta hausnarketa egiteko.

Nolakoak izaten dira bilkurak?

EHEk Euskal Herria euskalduntzeko norabideak nondik joan behar duen azaltzen du. Gonbidatuak ere izaten ditugu. Herenegun, esaterako, Ondarroan egin genuen bilkura, eta gurekin izan ziren euskararen normalizazioan ari diren bi eragile: Uema eta Lea ArtiBai Euskarari. Azaldu zuten zer behar egin duten Lea Artibain euskararen normalkuntza prozesuan, eta zein apustu dituzten.

Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki, aukeratu duzue lelo gisa. Badirudi euskarak duen erronkarik handiena erabilera dela, euskaraz bizitzea.

Euskaraz bizitzeko hautua azpimarratu nahi dugu. Hautu hori indartu behar dugu, oztopoak eta urraketak jasaten ditugun arren. Azken finean, Euskal Herri euskaldunera heltzeko, horrelako jarrera hartu behar dugu euskaldunok.

Kaleratu berri dituzte IV. Inkesta Soziologikoaren emaitzak. Gora egin du euskaraz dakitenen kopuruak.

Datu horiek positibo moduan ematen dituzte, baina oraindik gauzak asko aldatu behar dira. Beti ditugu trabak: ikasteko, euskalduntzeko, erabiltzeko... Oztopo horietako asko Administraziotik bertatik etortzen dira.

Erabilera ez da, ordea, asko hazi. Zertan egin da huts?

Euskaraz bizi ahal izateko guneak sortu behar dira, eta oraindik ez da apustu garbirik egin horretarako: kalean euskaraz egiteko, haurren aisialdian, lantegietan... Horietan guztietan garatu egin behar da euskararen erabilera.

Agintarien ardura da soilik?

Denon ardura da. Agintariei dagokie hizkuntz politika egokiak eta proiektuak martxan jartzea. Euskaldunoi dagokigu euskaraz bizitzeko hautua egin eta eguneko 24 orduetan euskaraz jardutea.

Datorren astean Patxi Lopez (PSE-EE) izendatuko dute lehendakari, PPren botoekin. Zer espero duzue?

Akordioaren oinarrietako bat hizkuntza izan da. Esan dute ez dela atzera pausorik izango orain arte euskararen inguruan egin den beharrean. Orain arte elebitasun egoerari eusten egin dute indarra. Orain, hor edukiko dute, edo okerrera joan daiteke. Hizkuntz askatasuna eta gisa horretako terminoak erabili dituzte. Horren atzean, eurek defendatzen dute euskaraz ez jakiteko eskubidea. Hizkuntz askatasuna izango du hizkuntza bat baino gehiago dakizkienak. Hizkuntza bakarra dakiena horretan bakarrik aritu ahal izango da.

Zein izango da EHEren jarrera?

Orain arteko bidean jarraituko dugu. Urraketak eta politika desegokiak salatzen eta kontzientziazioa bultzatzen. Herritarrak eskubide horien alde agertzera eta mobilizatzera animatzen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia