Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:27

HARIAN;2009-04-26;SEASKAREN 40. URTEURRENA. Berrogei kandela eta gogoa piztua. Ipar Euskal Herrian lehen ikastola sortu zenetik, berrogei urte pasatu dira, eta Seaskak egindako bideari argia eman nahi izan dio ospakizun eta ekimen zerrenda luzea antolatuz. Paxkal Indo Seaskako lehendakaria

Ipar Euskal Herrian lehen ikastola sortu zenetik, berrogei urte pasatu dira, eta Seaskak egindako bideari argia eman nahi izan dio ospakizun eta ekimen zerrenda luzea antolatuz.

Berrogei kandela eta gogoa piztua

Aitor Renteria.

Baiona

Berrogeigarren urtemuga ospatzen ari da aurten Seaska, eta karia horretara ekitaldi ugari antolatu ditu ikasturtea bukatu artean. Ekimen anitz egin ditu apirilean; bertzeak bertze, ikastolen ate irekitzeak eta apirilaren 11n Miarritzen egindako kantaldia, belaunaldi luzeetan aritutako kantariak bilduz. Geroari egindako soan ezin ahantzi egindako bidea. «Jakin behar da nondik gatozen, nora goazen jakiteko».

Izen eta toki ugari jin dira gogoetara oroitzapenaren eskutik. Argitxu Nobliak behin eta berriz azaldu du nola sortu zen Arrangoitzen (Lapurdi) lehen ikastola. Libe Goñi lehen andereñoak garaiko neke eta ilusioen lekukotasuna azaldu du. Urteak jin urteak joan, ikastoletako sortzaileen adibidea adierazgarria da. Gexan Alfaro izan zen sortzaile taldean. Gaur egun, haren seme-alabak Seaskako ikastoletako irakasle dira, eta haien haurrak ikasgeletan daude, hirugarren belaunaldiaren lekukotasuna.

Pario ausartak, militantzian eta euskaltzaleen eskuzabaltasunean oinarrituak. Horrela gogoratzen du gaur egun erretreta hartu duen Miguel Torre Seaskako langile ohiak. «Beharrak izugarriak ziren, eta baliabideak, urriak». Ama eskolak ireki zituzten lehen familietatik hasita, ikastolen taldea sendotuz joan zen, eta lehen mailen erronka gainditu zuten, eskuin-ezker ikastola berriak sortuz. Hala ere, 15 urte behar izan ziren bigarren maila irekitzeko. Funtsezko urratsa zen hura, unibertsitatera artekoa euskaraz ikastea bermatzen zelako.

Frantziaren eta Seaskaren arteko lehen hitzarmena egiteko 1983ra arte igurikatu behar izan zen. Akordio hura lortzeko zailtasunak gogoratu ditu Torrek. 1981ean, Francois Miterrand sozialista heldu zen boterera. Hauteskunde kanpainan egindako zinek euskaltzaleen esperantza piztu zuten. Alta, boterera heldu arren, ez zituen bete. Hala, Seaskako guraso eta irakasleek mobilizaziora jo zuten. «Garai gogorra izan zen. Astero ikastola guztietako ordezkariak biltzen ginen, eta aste hartan egin nahi genuen protesta deliberatzen genuen guztien artean», dio Torrek.

Borroka luzea

Mobilizazioek indar berezia hartu zuten 1982an, eta ugari izan ziren egindako egoitza okupazioak eta manifestazioak. Seaskako lau guraso gose greban hasi ziren. Bi autobus joan ziren Ipar Euskal Herritik Bordeleko (Frantzia) Akademia Errektorearen etxea okupatzera. Jean Louis Maitia okupazio hartan izan zen. Errektoreak handik ateratzen ez baziren Polizia deituko zuela jakinarazi zion. Bilkura baterako idatzizko engaiamendurik eman ezean, handik ez zirela mugituko ihardetsi zieten. Errektoreak amore eman zuen, eta taldea Ipar Euskal Herrira itzuli zen. Gose greban zeudenek baraualdia utzi zuten, eta, biharamunean, manifestazio jendetsua egin zuten Baionan.

Geroztik, urrats handiak egin dira. Horren froga nabarmena da murgiltze ereduaren errealitatea. Lehen maila ematen da 21 ikastolatan; hiru kolegio daude, eta lizeo bat. Orotara, 2.500 haur daude gaur egun Seaskan. Murgiltze eskaria hedatu ahal izateko, irakasle postuak emateko sistema eta eraikuntzak dira trabarik handienak.

Eraikuntzak egiteko trabak

Frantziako Hezkuntzak ez du onartzen murgiltze sistema. Legez ezin da oren parekotasuna hautsi eredu elebidun publikoan. Presioen ondoren «salbuespen esperimentalak» eginen dituela onartu arren, Frantziako Hezkuntza ez da eredua aldatzeko prest, eta murgiltze ereduaren hedapena ikastolen esku gelditzen da. Alta, ikastolak kontratupeko elkarteak dira, eta, ondorioz, pribatuak. Legez ezin dute diru laguntza publikorik jaso ikastolak eraikitzeko.

Bigarren maila ireki arren, Seaskak zailtasun handiak zituen eraikin duinak izateko. Gaur egun, Xalbador ikastegia aterbetzen duen kolegioa banketxe batena zen, eta hari alokatzen zioten. Opor garaian, altzari guztiak atera behar izaten zituzten, eta, bukatzean, berriz sartu.

Gillermo Etxeberria, Noel Cesaire, Robert eta Marijo Irigoien, Txomin Fusch, Jean Noel Bessonart, Miguel Torre eta bertze talde txiki batek Herri Urrats egitea deliberatu zuten. Erotzat hartu zituzten orduan. Hala ere, 10.000 pertsona bildu ziren lehen urte hartan.

Eraikin zaharra erosi zuten baina laster txiki gelditu zen. Herri Urratseko diruari esker, handitze lanak egin ahal izan zituzten. Bost urtez egin zuten, auzolanean oinarrituz. Asteburu eta oporrak baliatzen zituzten horretako, eta profesionalek egindako aurrekontuen herena behar izan zuten.

Gaur egun, Seaskak bere gain hartzen ditu Frantziako Hezkuntzak ordaindu nahi ez dituen 14,5 irakasle lanpostu, 300.000 euro inguru.

 


«Euskara ikasteko eskaera soziala badago, baina eskaera hori asetzeko beti frenoak agertzen dira»

IXABEL XARRITON

Seaskako lehendakari ohia



Ahalmen urriko haurren integratzeko kanpaina aitzina doa



Ahalmen urriko haurren integrazioa erronka handia da urtero Seaskan. Integrazio Batzordeak hamar urte betetzen dituen honetan, hogei haurren integrazioa da helburua. Horretarako, Frantziak ukatzen dizkion baliabideak bere gain hartzea deliberatu dute. Aurten, 113.000 euro biltzea zen helburua.

60.500 euro dituzte, 934 gizabanako, 23 elkarte eta 57 lantegiren sostenguari esker. Lorpena garrantzitsua bada, oraindik kopuru handia behar dela gogorarazi du Integrazio Batzordeak. Herriz herri hainbat ekitaldi antolatzen dituzte diru hori lortzeko. Atzo berean, Barkoxeko (Zuberoa) maskarada aurkeztu zuten Baionan. Diru laguntzak ahal bezain laster helaraztea eskatzen dute, datorren ikasturtearen prestaketa lasai hasteko. 10 urtean, ahalmen urriko 32 haur eskolatu dituzte.

Lehen mailako sare sendoa osatu du herrialdez herrialde



Lehen mailako ikastetxeen kokapena hau da: Angelu, Donibane Garazi, Hendaia, Lexantzü, Senpere, Azkaine, Donibane Lohizune, Hiriburu, Miarritze, Sohüta, Baigorri, Donapaleu, Larzabale, Ortzaize, Urruña, Baiona-Hiriondo, Hazparne, Kanbo, Sara, Uztaritze eta Baiona-Oihana.

Urratsen aztarnak



1969: Lehen ikastola ireki zuten Arrangoitzen (Lapurdi).

1975: Lehen maila ireki zuten.

1980: Bigarren maila ireki zuten.

1982: Hitzarmena lortzeko asmoz lau gurasok gose grebari ekiten zioten.

1983: Lehen hitzarmena sinatu zuten Seaskak eta Frantziako Hezkuntzak.

1984: Herri Urrats egin zen lehen aldiz.

1990: Etxepare lizeoa ireki zuten Baionan.

1994: Frantziarekin Elkarte kontratua izenpetu zuen Seaskak.

1996: Ikastolen Egoitzak batzordea.

1998: Larzabal kolegioa ireki zuten.

1999: Integrazio Batzordea sortu zuten ahalmen urriko haurrak integratzeko. Gainera, urte horretan, Erdozaintzi kolegioa ireki zuten.

Ospakizunen zerrenda luzea



Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak hamar urte beteko ditu. Seaskak 40 urte bete ditu, eta hastapeneko sustatzaileak gomitatu ditu mahai-inguru baten egiteko maiatzaren 19an. Hor izanen dira Argitxu Noblia, Libe Goñi, Gexan Alfaro, Xan Coscarat, Mailux Zaldunbide, Gillermo Etxeberria, Mikel Torre, Hur Gorostiaga, Paxkal Indo eta Filipe Aramendi.

1,5



Eraikuntzen aurrekontua. Urtero milioi bat eta erdi euro inbertitzen ditu Seskak egoitzetan, eta hiru laurdenak Eusko Jaurlaritzak ematen zituen orain artean. Gobernu aldaketa dela eta, kezka handiz daude Seaskan alde horri aurre egin ahal izateko.

Ikastolak irekitzen segitzea da Seaskaren xede nagusia



Ikastolak irekitzea eta eskaintza zabaltzea da Seaskaren xedea. Hurrengo ikasturtean, ikastola bat ireki nahi dute Bidarten (Lapurdi). Ondoko urtean, Lapurdin betiere, Itsasun ireki nahi dute, Kanbokoa mukuru betea baita. Bertze bizpahiru proiektu lantzen ari direla aitortu du Seaskak.

Eskaintza mota ere zabaldu nahi du ondoko urteotan



Geroari begira jorratzeko bide anitz daudela dio Seaskak. Bigarren mailan eta lizeoan hautabide gehiago eman nahi ditu. Aztertzen ari da lanbide heziketa eskaintzeko aukera. Etorkizunean bi ildo horiek izanen dira jomuga. Horrez gain. Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoan kolegio bat irekitzea bilatzen dute.

Paxkal Indo. - Seaskako lehendakaria

Seaska eta Frantziako Hezkuntza hitzez ados jarri ziren udan. Geroztik, negoziaketak berriz abiatu behar izan dira Parisen, Frantziak gibelera egin zuelako.

«Iparraldean ikastolen karta finkatzea da lehentasuna»

A.R.

Baiona



Frantziako Hezkuntzarekin egindako hitzezko akordioa idatziz jasotzea. Hori lortzeko lanean ari da Seaska. Akordioa «bururaino» eramango dutela dio Paxkal Indok (Senpere, Lapurdi 1967), Seaskako presidenteak.

Zein da Seaskaren egoera?

Oraindik ez dugu akordiorik. Parisen izan gara duela gutxi, eta berriz ere egin dugu akordio bat. Baina lehen bezala gaude, hitzezko akordioa baizik ez da. Alta, akordioak idatziz egiten dira, eta horren beha gaude. Hitza hitz diogu euskaraz, baina frantsesez ez omen da gauza bera.

Zein dira akordio horretan agertu behar duten gutxieneko xehetasunak?

Azken 40 urteotan, helburu bera lortzeko borrokan ari gara, murgiltze sistemaren eta euskararen onarpenaren defentsan. Bi puntu horiek ez omen dira traba akordioa lortzeko. Hori adierazi digute bederen. Prest dirateke hori onartzeko. Alta, ez daude prest horri dagozkion bitartekoak emateko.

Baliabideak aipatzen dituzu. Zein dira? Eta, bide batez, zein dira zuen aldarrikapenak negoziaketetan?

Lanpostuak. Ez du deus balio errateak gure eredua onartzen dutela, dagozkigun irakasle postuak ematen ez badizkigute. Horregatik, akordio osoa bururaino eraman nahi dugu. Ez dugu onetsiko aldarrikapenetara mugatzea. Azterketak gure hizkuntzan egitea nahi dugu. Gure ikasleek euskaraz egin dituzte ikasketak, eta eskubide hori aitortu behar zaie. Horrez gain, euskara mailaren egiazko ebaluaketak egitea nahi dugu, sare guztietan. Euskararen kalitatea neurtu beharra dago, sare guztietan. Azkenik, hurbileko ikastolak egin nahi ditugu. Haur frantses bati etxetik hurbil den eskolan ikasteko eskubidea aitortzen zaio. Eskubide bera aitortu behar zaie ikastoletakoei. Pentsa nolako balentriak egin behar dituen Urepeleko haur batek neguan Baigorriraino joateko! Frantziako legeak dio gurasoek eskola hautatzeko eskubidea daukatela. Frantziak bere legea urratzen du. Iparraldean ikastolen karta finkatzea da lehentasuna.

Akordioak eragina luke lehen mailatik hasi eta lizeoraino?

Frantziako Hezkuntzak lehen maila eta bigarren maila bereizi nahi ditu. Gure nahikeria lehen mailetara mugatzea nahi dute. Guk badakigu azken urteraino indarra eman behar dugula. Eta bertze arazo handi bat eraikuntzena da. EEP bitartekaritza lana egiten ari da, bai Frantziari begira, bai tokiko erakundeei begira. Iparraldean egoera anitz aldatu da bost urtean, bereziki EEPren sorrerarengatik. EEP ez balitz, gauzak ez lirateke horrela izanen. Euskara erakundetzen ari da Iparraldean. Bitartekaritza lanetan ari da EEP, eta espero dugu ahozko akordioa idatzizko bihurtzea horren ondorioz.

EEP elkarte izaera duen egitura da. Eskumenik badu hitzarmena lortzea baldintzatzeko?

Elkartea da egituraz, baina erakunde publiko baten funtzioa betetzen du. Egia da heldu den urtean erabaki behar dutela egitura hori atxikitzen duten edo ez, baina aitzin urratsak egin dira, zalantzarik gabe. Erakunde publikoek osatzen dute, eta horrek erakunde izaera ematen dio.

Gaur egun, legearekin erakunde publikoek ezin dute arlo pribatuko eskolen eraikuntza lagundu. Nola gainditu hori?

Horrela dio legeak, eta hori ez da aldatuko. Garaian, gatazka dorpea egon zen laikoen eta apaizen artean. Legeak laikoen alde egin zuen. Nahiz eta gu laikoak izan, tokiko erakunde publikoek, nahi badute ere, ezin gaituzte lagundu. Saihesbideak baliatu behar ditugu. Hori ikertzen ari gara. Bigarren mailan, adibidez, eskualdeak hartuko du egoitzen ardura. Ez dago izenpetua akordioa. Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoarekin ere bildu nahian gabiltza. Xalbador ikastegiaren arraberritzeko ere aztertzen ari gara nola egin hizkuntza-politikatik diruztatzeko.

Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza handiak eman dizkizue ikastola berriak eraikitzeko. Horiek galtzeko beldur zarete?

PSOEren eta PPren arteko akordioan argi aipatzen dute autonomia erkidegora mugatuko dutela jarduna. Euskal Herrian bizi arren, ez omen gara Euskadin bizi. Beraz, diru laguntza horiek galduko ditugu. Harremanak berriz abiatu beharko dira. Aurki, Gasteizera joatea pentsatzen dugu.

Nola ikusten duzue Seaskaren eta euskararen geroa?

Seaska euskararen sustatzaile da, gure filosofiaren eta gure historiaren jabe gara. Euskararen hezkuntzan puntako tresna gara, eta nortasun militantea ez dugu galdu. Gure izaera nagusia da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia