Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:25

EUSKALHERRIA;2009-04-23;AHTa egiten milioika euro xahutzen direla salatu du Elkarlanak. Maiatzaren 9an AHTaren aurka Iruņean egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin dute

AHTa egiten milioika euro xahutzen direla salatu du Elkarlanak

Maiatzaren 9an AHTaren aurka Iruñean egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin dute

Naiara Elola.

Iruñea

AHT Gelditu! Elkarlanak maiatzaren 9an manifestazio nazionala egiteko arrazoiak azaldu ditu. Adierazi dutenez, «onartezina da milioika euro xahutzea Euskal Herria suntsitzeko». Mila Elortza AHT Gelditu! Elkarlaneko kidearen ustez, «abiadura handiko trenaren bitartez, herriak eta eskualdeak txikitu nahi dituzte, eta Euskal Herria elite politiko eta ekonomikoen eremu bilakatu nahi dute». Horregatik, Elkarlaneko kideen iduriko, «AHTaren makroazpiegiturak ez du inongo baliagarritasun sozialik».

Horrez gain, salatu dutenez, «azpimarragarria da Nafarroako Gobernuko oposizioa osatzen duten alderdi politiko gehienek eztabaidaren muina desitxuratzeko duten desioa». Irizten diote muzin egin dietela beste behin gizartearen zati handi baten eskaerari. Gaineratu dutenez, «Euskal Herrian AHTa kudeatzen duten administrazioek azeleragailua zapaldu eta inposaketaren bidetik jarraitzen dute».

AHTak Nafarroan izango duen korridorearen harira, besteak beste, NaBai koalizioak Espainiako Kongresuan duen diputatu Uxue Barkosek izandako jarrera salatu dute. «Barkosek etengabe eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari bere hitza betetzeko, tren lasterra lehenbailehen Nafarroara hel dadin». Haatik, elkarretaratzea egingo dute bihar, 19:00etan, NaBaik Iruñeko Gaztelu Plazan duen egoitzaren parean.

Elkarretaratzearen aurka

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak Elkarlaneko kideei elkarretaratzea bertan behera uzteko eskatu die. «Eraso pertsonalen harira antolatu dute elkarretaratzea», dio Zabaletak. Hala ere, Raul Oloriz Elkarlaneko kideak argi utzi du biharko elkarretaratzea ez dutela bertan behera utziko, besteak beste, Barkosen jarrera salatzeko modua delako.

 

Sanzek esan du maiatzean sinatuko duela hitzarmena Espainiako Gobernuarekin



Hilabeteetan atzera-aurrera ibili ondoren, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri du maiatzean sinatuko duela AHTa eraikitzeko hitzarmena Espainiako Gobernuarekin. Elena Salgado Ekonomia ministro berriak herenegun deitu ziola adierazi du Sanzek, eta negoziazioak «desblokeatu» egin direla jakinarazi du. Nolanahi ere, esan du ez dakiela trenaren gastuak nola ordainduko dizkion Espainiako Gobernuak Nafarroakoari. Deiarekin gustura azaldu da Sanz, eta iragarri du ahalik eta azkarren joko duela Nafarroako Parlamentura, lanak onar ditzan.

Iragarpena txalotu dute PSNk, CDNk eta PPk. PSNk esan du Espainiako Gobernuari esker ere badoala aurrera Nafarroa. CDNk eta PPk, ordea, salatu dute atzerapenarekin hasiko direla lanak. NEBek AHTaren iraunkortasunaz eztabaidatzeko eskatu du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia