Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:21

EUSKALHERRIA;2009-04-23;Usurbilek zaborren %76,08 birziklatzea lortu du atez ateko bilketari esker. Proiektuaren bultzatzaileen ustez, emaitzek erakusten dute errauste planta ez dela beharrezkoa

Usurbilek zaborren %76,08 birziklatzea lortu du atez ateko bilketari esker

Proiektuaren bultzatzaileen ustez, emaitzek erakusten dute errauste planta ez dela beharrezkoa

Ainara Arratibel.

Donostia

Zaborren %28,42 birziklatzetik %76,08 birziklatzera igaro da lau astean Usurbil (Gipuzkoa) atez ateko bilketari esker. «Hasierako apustua sendotzen duten emaitzak izan ditugu, datuak ezin hobeak baitira», dio Xabier Mikel Errekondok, Usurbilgo alkateak. Datuek errauste planta ez dela beharrezkoa erausten dutela uste du San Markosko mankomunitateko presidente Ricardo Ortegak. «Datuek ez dute engainatzen, eta garbi dago ez dagoela atez ateko bilketa baino sistema hoberik zaborrak kudeatzeko».

Martxoaren 16an hasi ziren Usurbilen zaborrak gaika biltzen, eta atzo jakinarazi zituzten lehen datuak. Mankomunitatearen aholkulari Jordi Colomerrek azaldu duenez, birziklatzen den zabor kopuruak gora egiteaz gain, nabarmen egin du behera erreusak -birziklatu ezin den zaborra- : %71,58tik %23,92ra, hain zuzen. «Zabor organikoa birziklatzeak eta autokonpostatzeak asko lagundu dute horretan».

Bildu den zabor organiko kopurua handia izateaz gain, haren kalitatea «oso ona» izan dela nabarmendu du Colomerrek. «%98 inguruko purutasuna du; beraz, aterako den konposta oso kalitate onekoa izango da». Bildu diren gainerako gaien kopurua -beira, papera, kartoia, ontziak...- eta garbitasuna ere handiagoak dira atez ateko bilketari esker.

Hori guztia kontuan hartuta, herritarren erantzun «paregabea» nabarmendu eta eskertu nahi izan dute. «Saltokiren batera salbu, ez dugu bisitarik egin behar izan. Jendeak oso ondo bereizi ditu zaborrak», dio Colomerrek. Oraindik lau aste baino ez direla igaro gogoratu du, halere, eta etorkizunari begira sistema fintzen jarraituko dutela. Jendeari gogorarazi nahi izan diote botilak tapoirik gabe bereizi behar direla, eta kartoiak eta paperak ez direla plastikozko poltsetan entregatu behar. «Bi kontu horiekin izan ditugu arazoak, eta espero dugu hori ere luze gabe ondo egingo duela jendeak».

Gorabehera horiek gaindituta, gertu ikusten dute hasieran ezarritako erronka: zaborren %80 birziklatzea. «Ohitura aldaketa txiki batekin emaitza handiak izan ditugu, eta ziur gaude ezarrita genuen erronka gaindituko dugula».

Herri galdeketa

Azken asteetako emaitzek «zalantza eta kezka asko uxatzeko» balio izan dutela uste duen arren, atez ateko bilketaren aurka dauden herritarren plataformak eskatzen duen herri galdeketa egin egingo dela ziurtatu du Errekondok. «Herritarrekin egiten dugu politika Usurbilen, eta bide horretatik jarraituko dugu. Ez diogu beldurrik herri galdeketari. Aurrekontuan bertan diru sail bat jasoko dugu herri galdeketa prozesu hori bermatzeko. Gainera, atez ateko bilketaren proiektuari ezin zaio ukatu herritarrek parte-hartze handia izan dutela».

Errekondok, gainera, galdetu du zergatik ez den herri galdeketa egiten AHTari edo Zubietako errauste plantari buruz. «Ingurumenean eragin handia duten proiektuak dira, eta ezinbestekoa da herritarren iritzia jasotzea».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia