Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:21

EUSKALHERRIA;2009-04-22;«Hizkuntza batek aitortza ofizialik ez badu, hizkuntza gutxietsia da». Hizkuntza gutxituak dituzten estatuek Euroituna berrestea garrantzitsua dela dio Gramstadek, hizkuntzak indartzen direlako. Sigve Gramstad. Euroituneko Adituen Batzordekoa

Sigve Gramstad.

Euroituneko Adituen Batzordekoa

Hizkuntza gutxituak dituzten estatuek Euroituna berrestea garrantzitsua dela dio Gramstadek, hizkuntzak indartzen direlako.

«Hizkuntza batek aitortza ofizialik ez badu, hizkuntza gutxietsia da»

Maite Asensio.

Bilbo

Zazpi hizkuntza hitz egiten dira Sigve Gramstanden herrialdean, Norvegian, eta horietako sei gutxituak dira. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioa aztertzen duen Adituen Batzordeko presidenteordea da Gramstand, eta, haren ustez, hezkuntzak ezinbesteko funtzioa du hizkuntza gutxituak indartzeko lanean. Norvegian, arazoak dituzte hizkuntza batzuetako irakasleak eta ikasmateriala topatzeko, baina, hala ere, hango hiru hizkuntza eta ingelesa ikasten dituzte.

1992an jarri zen indarrean Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna, Euroituna. Zertan aldatu da ordutik hizkuntza gutxituen egoera oro har?

Euroitunarekin bat egin baino lehen, hizkuntza gutxituetako hiztun komunitateekin harremanetan jarri behar izan dute estatuetako gobernuek, eta lege berriak egin behar izan dituzte. Euroituna berretsi ostean, txostenak egin behar dituzte herrialdeek, eta Adituen Batzordeak aztertu behar du herrialde bakoitzak Euroituna betetzen duen ala ez. Urtero, hobetu beharreko esparruak adierazten dira, eta gomendio zehatzak ematen dira.

Halere, estatuek ez dituzte derrigorrean bete behar gomendio horiek. Zertarako balio dute?

Egia da gomendioek ez dutela ezertara behartzen ikuspegi juridikotik, baina garrantzitsuak dira ikuspegi politikotik, estatuek emandako informazioan oinarritzen direlako. Esaterako, gobernu batetik bestera legeak aldatzen badira, eta pertsona batek ezin badu dokumentu bat hizkuntza gutxitu batean jaso, Europako Kontseiluak nazioarteko testuinguruan adieraziko dio estatuari: «Ez zarete egin beharrekoa egiten ari».

Nola ari da Espainiako Gobernua hizkuntza gutxituak babesten?

Garapen positiboa ikusi dugu hainbat arlotan. Katalana oso egoera seguruan zegoen hasieratik; galiziera, asturiera, euskara eta valentzierari dagokienez, garapen positiboa izan da, baina beste maila batekoa.

Nolakoa da euskararen egoera zehazki?

Garapen positiboa ikusi dugu. Jarraipena egiten hasi ginenean, konturatu ginen udalerri batzuetan euskararekiko jarrera ezkorra zegoela, baina gerora hobetu egin zen hori. Nafarroan ere joera positiboa egon da, azpiegituren sorrerari dagokionez batik bat, eta eremu mistoan batez ere.

Nola eragiten dio euskararen garapenari Nafarroan hiru hizkuntz eremu egoteak?

Zaila da esatea... Europan egoera asko ditugu itxura batean ondo funtzionatu beharko luketenak eta gaizki dabiltzanak, eta, aldiz, beste batzuetan, itxuraz gaizki funtzionatuko duela uste duguna ondo ateratzen da. Iruditzen zait aurrerapauso garrantzitsuak izan direla eremu mistoan; beraz, ezin da automatikoki esan Nafarroako banaketa hori ona edo txarra dela.

Frantziako Gobernuak ez du berretsi Euroituna. Nola eragiten die horrek euskarari eta Ipar Euskal Herriko hiztunei?

Bitxia da Frantziako hiru hizkuntza gutxitu -euskara, okzitaniera eta katalana- babestuta egotea Espainiako Estatuan, eta, aldiz, Frantziakoan ez. Hizkuntza batek ez badu aitortza ofizialik, hizkuntza gutxietsia da, erabiltzen den herrialdearen barruan ez diotelako aitortzen bere berezitasuna eta errealitatea. Zure hizkuntzak aitortza badu, errazagoa izango zaizu hizkuntza hori ikastea eta erabiltzea. Eta zure hizkuntza espazio publikoan erabil badezakezu, demokrazian parte hartu ahal izango duzu. Euroitunak dakarren abantaila da hizkuntzaren jarraipen iraunkorra egiten dela, eta horrek hizkuntza gutxituak indartzen dituela. Ituna berretsi duten estatuetako hizkuntza gutxituak gehiago indartu dira, ituna berretsi ez dutenetakoekin alderatuta.

Nola eragiten dio euskarari Euskal Herriko gatazka politikoak eta hizkuntzaren politizazioak?

Gatazka politikoek eraginak izan ditzakete. Ipar Irlandan, esaterako, gatazka politikoa eta gaelikoaren auzia bereiztea lortu zuten. Oso ona da politika eta hizkuntza bereizten jakitea.

Euskarak bermatua du iraupena?

Bai. Nahiko hizkuntza indartsua da, eta irauteko behar dituen osagai batzuk dauzka, hala nola hezkuntza, estandarizazioa eta, batez ere, hizkuntza horretan hitz egiteaz arduratuta dauden hiztunak. Okerragoa litzateke oso hiztun gutxi edukitzea, irakaslerik ez topatzea edo hizkuntzan artatzeko gai den erizainik ez egotea; egoera horretan, hizkuntzek oso aukera gutxi dituzte irauteko.

Zer dakar hizkuntza bat galtzeak?

Europako testuinguruan, europar nortasuna askotarikoa da, nortasun guztien multzoa; beraz, hizkuntza bat galtzen denean, nortasun horren zati bat galtzen da. Arlo pertsonalean, iraganarekiko lotura galtzen duzu; historiarekin, familiarekin, bizitza garatu duzun ingurunearekin duzun lotura hori galtzen da.

Nola babes daitezke hizkuntza gutxituak gal ez daitezen?

Hezkuntza ezinbestekoa da. Pertsona elebidunak sortzeko, hizkuntza gutxituak irakas-hizkuntza izan behar du. Horretarako, hizkuntza horretan irakasmateriala eduki behar da, eta hizkuntzan moldatzeko gai diren irakasleak egon behar dira. Bestalde, hizkuntzak ikusgai egon behar du espazio publikoan, eta hor, hedabideak funtsezkoak dira. Gainera, kaletik joan eta hizkuntza ikusi egin behar da, seinaleetan, eraikin publikoetan... Oso garrantzitsutzat hartu izan da hori hizkuntzaren estatusa nabarmentzeko orduan. Eta, azkenik, osasun eta gizarte sektoreak ere garrantzitsuak dira; izan ere, nahiz eta jendea estatuko hizkuntzan mintzatzeko gai izan, tentsio handiko egoeretan (ospitalean, esaterako) jendeak ama hizkuntzan hitz egiteko joera du.

Hezkuntzan, zer gertatzen da gurasoek ez badute onartzen hizkuntza gutxitua irakas-hizkuntza izatea, erabilgarria izango ez delakoan?

Matematikari edo historiari buruz ez lukete horrelakorik esango; beraz, zergatik izan beharko lukete euskarari buruz hori esateko aukera?

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia