Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:21

EUSKALHERRIA;2009-04-22;Transgenikoak landatzeko aukera zabaldu du Eusko Jaurlaritzak. Gobernu berriari dekretua baliogabetu eta transgenikoen landatzea debekatzeko eskatuko dio EHNEk

Transgenikoak landatzeko aukera zabaldu du Eusko Jaurlaritzak

Gobernu berriari dekretua baliogabetu eta transgenikoen landatzea debekatzeko eskatuko dio EHNEk

Mikel Peruarena.

Donostia

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazariek hazi transgenikoak erein ahal izango dituzte aurrerantzean. Aukera hori onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak egindako eskaerari kasu eginda. Genetikoki Eraldatutako Organismoen, Ohikoen eta Ekologikoen Koexistentzia Arautzeko Dekretua izena hartu du araudi berriak; helburua du «laborariek edozein nekazaritza era aukeratzeko egiazko gaitasuna edukitzea», Jaurlaritzaren arabera. Foru Aldundiek banatuko dituzte baimenak.

Duela bi urte, 2007ko otsailean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «transgenikorik gabeko eremu» izendatu zituen Jaurlaritzak; alegia, pertsona edo abereentzako elikagai izan zitezkeen landaketa transgenikoen aurka agertu zen. Hala ere, «landaketa era ezberdinen koexistentzia» garatzeko, araudia sortuko zuela iragarri zuen. Betiere, landaketa ekologikoak eta tradizionalak «ahalik eta gehien» babesteko beharra nabarmendu zuen Jaurlaritzak.

Transgenikoak landatzeko baimena jasoko luketen eremuen aldamenean lurrak dituztenei abisu eman beharko litzaiekeela ere zehazten du dekretuak. Gainera, transgenikoak landatzeko baimena leukakeen pertsonarekin, edo haren tresnekin, lan egiten dutenek ere izan beharko lukete landaketa horien berri. Era berean, landaketa transgenikoek aldameneko landaketetan kalteak eragin ditzaketenez, transgenikoak landatzeko baimena eskatzen duenak berme bat aurkeztu beharko du. Dekretuaren egileek neurri horiekin babestu nahi dituzte landaketa ekologikoak eta tradizionalak transgenikoetatik.

Tramitazioa, Aldundien esku

Hiru herrialdeetako Foru Aldundiek banatuko dituzte transgenikoak landatzeko baimenak, dekretuaren arabera. Nekazaritza Sailaren Berrikuntza eta Teknologia Garapeneko Zuzendaritzak aztertuko ditu eskaerak, eta aldeko edo kontrako txostenak idatziko ditu. Arloaren ezagutza duten erakundeen iritzia ere aintzat hartu beharko dute -esaterako, jatorrizko izendapenen erakundeak, edo produktore elkarteak-. Aldundiek informazio horiekin erabakiko dute baimenak eman edo ez. Baimena eskuratzen dutenekin, erregistroa sortuko du Jaurlaritzak.

Baimena eskatzen duenak eraldatutako hazien jatorria, ezaugarriak eta kokapena azaldu beharko ditu. Gainera, aldameneko lurrak ez kutsatzeko neurriak hartu beharko dituela arautzen du dekretuak. Bestalde, produktuen etiketetan agertu beharko du genetikoki eraldatutako landareetan oinarritzen dela, produktuaren %0,9 landare horietan oinarritzen bada. Baina, transgenikorik atzematen ez bada, «genetikoki eraldatutako organismorik gabe» jarri ahal izango du etiketetan.

«Koexistentzia ez da posible»

EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko Helen Groomek azaldu du «goibel» hartu dutela Jaurlaritzaren erabakia. Ez zuten espero. Bilera eske aritu dira Nekazaritza eta Arrantza Sailari: «Baina, atzeratzen aritu dira... Pentsatzen genuen, gutxienez, beste bilera bat egingo genuela». 2007an Eusko Jaurlaritzak hartu zuen erabakia ekarri du gogora Groomek: «Transgenikorik gabeko eremu izendatu ostean, hartu duten erabaki honek ez du zentzurik, kontraesankorra da».

Eusko Jaurlaritzari lau dokumentu aurkeztu dizkio EHNEk azken urteetan, Groomek dioenez. Dokumentu horietan ikusi dute transgenikoak landatzen diren tokian ohiko landaketak eta ekologikoak «kutsatu» egiten direla. «AEBetan eta Kanadan duela zortzi urte gertatzen ari zen hori». EHNEko kidearen arabera, Aragoin (Espainia) eta Herrialde Katalanetan ere kutsatzen hasi da arto arrunta. Groomek argi du dekretua ez dela onuragarria: «Koexistentzia ez da posible; ezinezkoa da landaketa transgenikoek ondokoak ez kutsatzea».

Groomek azaldu du EHNErentzat lehentasunezkoa dela gai hau, eta Jaurlaritzako Gobernu berriari eskatuko diotela dekretua bertan behera utzi, eta transgenikoen landaketa mugatzeko neurriak hartzeko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia