Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:20

HARIAN;2009-04-22;GAURKOA. Istorio kontalari bat. Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman dio Montxo Armendariz zinema zuzendariari, «gure inguruko bizimoduak errealitate historiko bilakatzeagatik». Montxo Armendariz

Montxo Armendariz

Istorio kontalari bat

Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman dio Montxo Armendariz zinema zuzendariari, «gure inguruko bizimoduak errealitate historiko bilakatzeagatik».

Alberto Barandiaran.

Iruñea

Gure istorioak kontatu behar ditugu, gure ahotsa isildu egingo delako betiko bestela». Ez zuen askoz gehiago esan, ez zen berria esan zuena, baina Montxo Armendariz gai izan zen zinema egitea zer den esaldi bakar batean laburbiltzeko: garai baten lekukotasuna ematea. Atzo izan zen, Manuel Lekuona Saria jasotzean

Ikus-entzunezkoaren mintzairaren bidez herrien kultura aztertu eta zabaltzeko mintzaira ezinago egokia dela ere esan zuen; gaur egun, ia dena irudiaren bidez iristen zaigula. Zertzelada bat ere kontatu zuen, idazle lagun bati berriki entzuna. Jada ez dagoela asko bidaiatu behar, ez dela tokietara zertan joan hango berri izateko. Orain, nahikoa dela telebista piztu eta saio egokia aurkitzea. Horregatik direla, izan ere, istorioak garrantzitsuak. Garrantzitsua, batez ere, nork bereak kontatzea. «Zinema ez da entretenimendua bakarrik. Gure kultura aberats dezake; bidegabekeriak salatzeko balio dezake; eta bortizkeriak amaitzeko baliagarria izan daiteke».

Ondoren, Eusko Ikaskuntzak urtero ematen duen sari prestigiotsua eskertu zuen.

Kultura ordezkari ugariren artean

Sari ematea Iruñean izan zen, Nafarroako kultura agintari gorenak bertan zirela. Miguel Sanz Nafarroako presidentea, denen buru. Baina kultura arloko lagunen presentzia izan zen azpimarragarriena. Zinemarekin lotutako eragileak asko, eta haren filmetako aktore batzuk ere bai. Armendarizek filmatu dituen herrietako ordezkarien emozioa antzeman zitekeen gonbidatuen artean.

Sixto Jimenez Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordeak aurkeztu zuen ekitaldia. Eta Armendarizen lanaren oihartzuna eta sakonera azpimarratu zuen. «Ni 50eko hamarkadan jaioa naiz», esan zuen, «eta orduan herri hau oso atzeratua zegoen, eta ia fanatismoan bizi zen. Gaur egun, zorionez hori guztia aldatu da. Baina Armendarizen zinemari esker garai hari buruz berriro pentsatzeko aukera izan dugu; ohartu gara ordukoa ia ez dugula gaur egungo gizartean antzematen».

Horixe azpimarratu diote denek. Haren filmetan bizi dela, beti, istorio bat, eta istorio hori hurbil egiten zaigula, denok bizi garen girokoa delako. Armendarizen filmei darien nostalgiaz eta pozaz hitz egin zuen Jimenezek. «Poza gure aurreko belaunaldietakoek pairatu behar izan zituzten mugak eta gabezia haiek gainditu ditugulako; nostalgia, bizitza esperientzia aberasgarria eta elkartasunez beteta egiten zuen garai hura betiko joan delako».

Poza, batez ere, Armendarizen lanari esker lekukotasun hori betiko geratu delako. Hurrengo belaunaldiek ere izango dutelako non ikusi aurrekoei hainbestetan entzundako hura. «Hori da Armendarizen ardura, Tasio edo Secretos del corazón filmak, hurrengoendako, errealitate historikoa izango direla».

Zinemarik gabeko herrian jaioa

Hau da Manuel Lekuona Saria zinemagile bati ematen zaion aurreneko aldia. Miguel Sanzek esan zuen horrek begi bistako egiten duela «gizartearen onespena». Eta esan zuen Armendarizen zinemak beste azterketa bat eskatzen duela. «Haren filmek erakusten dutena baino askoz gehiago gordetzen dutelako».

Eusko Ikaskuntzak argitaratutako biografiaren egile Jose Luis Rebordinosek «zinema unibertsala» egiten zuela aldarrikatu zuen, eta Obaba filma, azkena, «konplexuena eta handinahiena» zela esan zuen. Baina Armendariz, berez, kronikagilea zela esan zuen. «Autorik eta zinemarik gabeko Odieta izeneko herrixka batean jaio zen zinemagile bat». Saria haren inguruan ibili diren guztiei dedikatu zien egileak.

Tasio, Secretos del corazón edo Obaba filmekin Euskal Herria erretratatu du; Historias del Kronen (Kronenen istorioak) edo Las cartas de Alou (Alouren eskutitzak) errealitate urbanoak marrazteko erabili ditu; 27 horas (27 ordu) edo Silencio roto (Isiltasun hautsia) lanetan haren barruko ideologia marraztu du. Denetan, istorio bat kontatu du.

Egilearen ibilbidea



Filmografia. 'Tasio' (1984), '27 horas' (1986), 'Las cartas de Alou' (1990), 'Historias del Kronen' (1994), 'Secretos del corazón' (1997), 'Silencio roto' (2001), 'La guerrilla de la memoria' (2002), 'Escenario móvil' (2004) eta 'Obaba' (2005).



Sariak. Donostiako Zinemaldian bi sari jaso ditu Armendarizek, '27 horas'-i esker Zilarrezko Maskorra eta 'Las cartas de Alou'-ri esker Urrezko Maskorra. Horrez gain, Espainiako bi Goya sari ditu, biak gidoiaren alorrekoak ('Historias del Kronen' eta 'Las cartas de Alou'). Bestalde, 1998an ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako hautagai izan zen 'Secretos del corazón' lanari esker, eta urte hartan ere film berari esker Berlinalen sari bat lortu zuen, Aingeru Urdina saria.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia