Berria.info

Larunbata, 2010ko martxoak 13 -

2009-04-19

Sei lagun atxilotu ditu Poliziak, hiru Perpinyan eta beste hiru Araban

Berri agentziek jakinarazi dutenez, Jurdan Martitegi, Mikel Oroz eta Alex Uriarte atxilotu dituzte Perpinyan

Asier Ortiz de Ginea, Olaritz Arakama eta Igor Garcia Araban atxilotu dituzte

Erredakzioa.

Donostia

Sei lagun atxilotu zituen atzo Poliziak. Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak aginduta Espainiako Poliziak eta Frantziako poliziek elkarlanean hiru lagun atxilotu zituzten atzo arratsaldean Perpinyan (Ipar Katalunia). Poliziako iturriak aipatuz berri agentziek jakinarazi zutenez, Jurdan Martitegi, Alex Uriarte eta Mikel Oroz dira Frantzian atxilotuak. Eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, beste hiru lagun atxilotu zituzten atzo Araban, kaleko jantzitako poliziek. Asier Ortiz de Ginea eta Olaritz Arakama, Gasteizen, eta Igor Garcia, Otxandion. Garciaren senideei jakinarazi zietenez, Espainiako Poliziak egindako operazioa zen. Atzo gauean, Poliziak haren etxea miatu zuen, AAMk jakinarazi zuenez.

Hainbat berri agentziek polizia iturriak aipatuz jakinarazi zutenez, Perpinyan egindako atxiloketekin lotura dute Araban izandako hiru atxiloketek ere.

Guztira sei atxilotu zituzten atzo arratsaldean. Ez zuten, baina, jakinarazi atxilotuak nora eraman zituzten. Ez da, beraz, atxilotuen gaineko beste informaziorik.

Berri agentziek jakinarazi zutenez, Perpinyan atxilotutakoei hiru pistola atzeman zizkieten, eta bikoiztutako matrikula zeukan autoa zuten. Espainiako Justiziak iaztik zeukan Martitegiren kontrako bilatze eta atxilotze agindua emanda. Poliziaren arabera, ETAko buruetako bat zen gaur egun.

Bost atxilotu astebetean

Guztira bost lagun atxilotu ditu astebetean Frantziako Poliziak. Asteazkenean, atxilotu zuten Itxaso Legorburu. Parisen dago, epailearen aurretik pasatzeko zain. Lerro hauek idazteko garaian zehazteko zegoen epailearen erabakia zein izan zen. Legorburu atxilotu ostean, Gasteizen lana egin zuen taberna eta haren gurasoen etxea miatu zituen Guardia Zibilak. Baita, Orion (Gipuzkoa), Legorburu bizi zen etxea ere. Bien bitartean, Legorbururekin batera zegoen gizonezko baten bila segitzen du Poliziak Frantzian.

Aurretik, joan den asteko ostiralean, Ekaitz Sirvent atxilotu zuten Parisen, Montparnaseko tren geltokian. Hura espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.

Atzo izandako atxiloketen berri arratsaldean eman bazuten ere, iluntzerako Espainiako Polizia zoriontzeko mezuak helarazi zituzten Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, PSOEko zuzendaritzak eta PPk.

Zapaterok Espainiako Polizia zoriontzeaz gain, Frantziakoari eskerrak eman zizkion ETAren kontra egindako elkarlanagatik. PSOEren batzorde eragileak ere ohar bidez helarazi zizkien zorionak poliziei. Eta PPk esan zuen halako polizia operazioak inoiz baino gehiago agerian uzten dutela PP-PSOE moduko itunak «beharrezkoak» direla.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia