Dokumentuak euskaratzeko eskatuko die euskalgintzak aseguru etxeei
'Euskaraz seguruago' kanpaina abiatuko dute Kontseiluak, Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak
Maite Asensio.
BilboEuskal Herrian lan egiten duten aseguru etxeei dokumentuak eta zerbitzuak euskaratzeko eskatuko diete Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak. Zigor Etxeburua Kontseiluko kideak atzo Bilbon azaldu zuenez, astelehenean abiatuko dute Euskaraz seguruago kanpaina: «Euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditugu, eta horretarako aritu gara, ari gara eta arituko gara lanean euskalgintzan, elkarlanean. Hizkuntzarentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi ditugu, bizitza euskaraz normaltasunez egiteko».
Aseguru etxeen bezeroak sarritan kexatzen dira polizak eta kontratuak erdaraz soilik jasotzen dituztelako, Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak adierazi duenez. Europako legediak dio bezeroari dagokiola dokumentuen hizkuntza aukeratzea; Espainiako Gobernuak ezarritako legeek aitortu egiten dute dokumentazioa gaztelania ez den gainerako hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea. «Ez da egiten, baina Espainiako Estatuko aseguru etxeentzat betebeharra da eskubide hori bermatzea», esan du Bilbaok. Ipar Euskal Herrian, ordea, euskara ez da hizkuntza ofiziala, «baina horrek ez du esan nahi aseguru etxeek erabili ezin dutenik», zehaztu du.
Euskal Herrian diharduten aseguru etxe gehienek ez dute euskarazko dokumentaziorik eta zerbitzurik ematen; batez ere bertakoak hasi dira produktu batzuk euskaratzen. Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak nabarmendu du aseguru etxeak hainbat entitateren hornitzaile direla; beraz, euskarazko zerbitzurik eskaintzen ez badute, euskaraz jardun nahi duten enpresen euskalduntze prozesua baldintzatzen dute. Euskaraz lan egiteko gai izateak «balio erantsia» ematen die enpresei, Gutierrezen hitzetan.
Astelehenean hasiko da
Astelehenean abiatuko da Euskaraz seguruago kanpaina. Alde batetik, gizarte eragileei, euskaltegiei, herrietako euskara etxeei eta bestelako entitateei kanpainan parte hartzeko gonbidapena eta eskabide orria bidaliko dizkiete. Hain zuzen, orri horren bidez eskatu ahal izango zaie aseguru etxeei zerbitzuak euskaratzeko. Gerora, aseguru etxeekin bilduko da Kontseilua; era berean, kanpaina bultzatzeko eskatuko die erakunde publikoei.
Norbanakoek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute, Kontseiluaren webgunearen bidez (www.kontseilua.org); kanpainara bideratutako ataletan topatuko dituzte aseguru etxeei bidali beharreko gutunak eta eskabide orriak. Halaber, norbanakoen eskaerak ere bilduko dituzte, horrela eskaera bateratua egiteko.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
