Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:19

MUNDUA;2009-04-17;Errusiak «terrorismoaren aurkako operazioa» amaitu du Txetxenian. Duela hamar urte abiarazi zuen Vladimir Putin presidente izandakoak gerrillari independentisten aurkako borroka «Terroristak garaituta», Txetxenia herrialde «egonkorra» dela dio Moskuk

Errusiak «terrorismoaren aurkako operazioa» amaitu du Txetxenian

Duela hamar urte abiarazi zuen Vladimir Putin presidente izandakoak gerrillari independentisten aurkako borroka

«Terroristak garaituta», Txetxenia herrialde «egonkorra» dela dio Moskuk

Ixiar Zubiaurre.

Badira bost urte Txetxeniako gerrilla independentistak eraso larririk egiten ez duela. Mendialdera ihes eginda daude amore eman ez dutenak, eta horiek ez dira «50 edo 70» baino gehiago, Ramzan Kadirov Errusiaren aldeko presidentearen arabera. Duela hamar urte Vladimir Putin orduko Errusiako lehen ministroak abiarazitako «terrorismoaren aurkako borroka» arrakastatsua izan da alde horretatik. Eta salbuespenezko politikek nahiz Errusiaren aldeko agintariek egindako gehiegikeriek badute justifikaziorik, horregatik. Hala uste du Moskuk, baita horren sostengua duten Txetxeniako agintariek ere. Terrorismoaren Aurkako Batzorde Nazionalarentzat (ANC) ere ondo egindako lana izan da, eta amaitutzat jo du operazioa. «Errusiako aginteak terroristen habia zapaldu duela baieztatu du ofizialki, legez kanpoko taldeak neutralizatu dituela, eta milaka lagunen sufrimendua eragin duten buruzagi militarrak suntsitu, atxilotu eta Justiziaren aurrera eraman dituela». Halaxe laburbildu ditu Kadirovek azken hamar urteotan Errusiak terrorismoaren izenean egindakoak.

Txetxeniara bidalitako soldadu gehienak erretiratuko dituzte datozen asteetan; 20.000 inguru, unitate militarren bat bertan geldituko den arren. Etxeratze aginduak, errepideak ixtea eta salbuespenezko atxiloketak, halaber, ez dira hain ohikoak izango.

Operazioa bertan behera uztea erabaki badute «egoera are gehiago normalizatzeko» izan da, Moskuren arabera. Izan ere, Herrialdea «egonkorra» da gaur egun, eta hori Ramzan Kadirovek zuzendutako gobernuri esker dela dio ANCek. Iragan martxoan, Kadirov berak ziurtatu zuen Txetxenia Errusiako «eskualde lasaienetarikoa» zela. Adierazpen horien guztien atzean munduari eskuak garbi dituztela erakusteko ahalegina ikusi dute kritikoek, ordea. Izan ere, nazioarteak maiz hartu dio kargu Kremlini, Txetxenian giza hondamendia eragitea leporatuz.

Ehunka lagunek ihes egin dute azken hamarkadan, segurtasun indarrek jazartuko zituzten beldur. Eta dozenaka lagun atxilotu, bahitu eta torturatu dituzte, Kadiroven agindupean.

Berriro eraikitako herrialdea

«Orain, Txetxeniako Errepublika garatuz doan herrialde baketsua da. Eta terrorismoaren aurkako operazioa bertan behera utzita, Errepublikan ekonomiaren hazkundeaz arduratu behar dugu». Errusiak Txetxeniaz duen irudia indartzen dute Kadiroven adierazpen horiek. Urteetan gerrillari independentisten aurka gogor borrokatu ondotik, terroristak neutralizatu, bakea ezarri eta herrialdea berriro eraiki dutela, alegia.

Izan ere, barne arazoak itzalean mantentzeko balio izan badio ere, Txetxeniako auzia garesti atera zaio Errusiari. Grozni bezainbat hondatutako hiririk ez zela munduan adierazi zuen, 2002an, NBE Nazio Batuen Erakundeak. Hala, inbertsio itzela egin behar izan du Moskuk, bi gerratan txikitutakoak konpontzeko. Orain, nazioartera zabaldu nahi dute Txetxenia; hori dela eta, kazetariei hara bidaiatzeko debeku oro kendu diete.

Txetxeniaren eta Errusiaren arteko gatazkak historia luzea du atzean; eta 1991an independentzia aldarrikatu izanagatik Moskuk bertan egindako kanpaina militarrek jota utzi dute herrialdea. Bi gerra izan dira: 1994tik 1997ra lehenengoa, eta 1999tik 2001era bigarrena.

Lehenengoa galdu zuen Errusiak. Putin orduko lehen ministroak, ordea, bigarrena abiarazi zuen, «Errusiaren lehentasuna terrorismoari aurre egitea» zela argudiatuz. Hark jo zuen guda amaitutzat, jada presidente zela. Eta hark gidatu du Txetxeniako gobernu ofiziala independentisten aurkako borrokak iraun duen bitartean. Kadirovtarrak lagun izan ditu: Akhmad aita lehenengo, eta Ramzan gero. Akhmad gerrillako kide izan zen, Putinen aliatu bihurtu zen arte.

Hemeroteka

Moskuren taktika estalinista Txetxenian



«Josiv Stalin hilda dago, baina zenbait tokitan hori zalantzan jartzea zilegi da. Pentsatu, besteak beste, Txetxenian pentsatzen dute hori, Errusiako errepublika ezegonkorrenetarikoa den horretan. [...] Duela bost urte de facto Txetxeniako presidente bihurtu zenean, bere burua gurtzeko zereginean buru-belarri sartu zen Ramzan Kadirov. Eta Hollywoodeko izarrei gertatzen zaien moduan, inoiz ez da arduratu ea lehen planoak larruazala hondatzen dion. Kadiroven erretratuak, aurpegian ile mordoa duela, apartamendu sailetatik zaintzen zaitu, baita bulegoetako hormetatik ere, edota autoetako haizetakoetatik. Forma estalinistakoa, bere burua gurtzeko esentzia ekialdeko despotismoaren eta besteen begirunea izateko beharraren arteko nahasketan dago. [...] Sulim Iamadaievez gain, azken hilabeteetan Kadiroven beste hainbat etsai hil dituzte. Krimen horiek honako zalantza hau sortzen dute: 1930eko eta 1950eko hamarkadetako Sobietar Batasunaren kopia hutsa ez ote den Txetxenia. Urte horietan guztietan kritikari eta etsai asko hil zituen Stalinek, boterean mantentzeko. [...] Vladimir Putinek badaki metodo estalinistak huts egiten duela, edonon aplikatzen dituztela ere. Zergatik uzten dio orduan Kadirovi halakoak erabiltzen Txetxenian? [...] Badirudi Putinek amore eman duela, goseak bere onetik ateratako haurren amak amore ematen duen moduan, eta badakiela Kadirov jasan behar duela, haren joera patologiko eta guzti. Aslan Doukaev. Radio Free Europe/Radio Liberty-ko zuzendaria.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia