Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:19

EUSKALHERRIA;2009-04-17;Finlandiako eredua oinarri duen titulua eskainiko du MUk. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduak egungo hezkuntza ereduarekin hausten duela adierazi dute

Finlandiako eredua oinarri duen titulua eskainiko du MUk

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduak egungo hezkuntza ereduarekin hausten duela adierazi dute

Erredakzioa.

Donostia

Mondragon Unibertsitateak (MU) jakitera eman duenez, datorren ikasturtean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza izeneko gradua eskainiko du. Antolatzaileen esanetan, MU izango da horrelako titulu bat eskaintzen lehena Finlandiatik kanpo, eta hauxe litzateke ikasketen helburu nagusia: «Gauzak beste modu batean egitea eta ikasle gazteak aldaketaren eragile dinamiko eta aktibo bihurtzea. Hitz gutxitan esanda, orain arte egindakoa zalantzan jarri eta beste zerbait, hobea, lortzea».

Ohiko hezkuntza ereduarekin hausten du gradu horrek, jakinarazi dutenez. Titulua diseinatzeko, Finlandiako unibertsitate bateko Ekintzaile ikasketetan ibilitako unitate bat izan dute alboan MUkoek, Team Academy izenekoa, «metodologia berritzaileak» erabiltzen dituena. «Trebetasunak eta gaitasunak garatzea» da oinarria, MUko kideen esanetan. Hala, eduki teorikoetan oinarritutako eredua alde batera utzi, eta «eginez ikastea» edo learning by doing metodoa erabiltzea bultzatuko dute gradu ikasketa berri horietan.

Taldean ikasi, taldean lider izan eta taldean ekin. Horiek dira Finlandiako metodologietan bultzatzen diren gaitasunak, eta horiexek Mondragon Unibertsitateak eskainiko duen titulu berrian aplikatuko direnak. Kontzeptua, honako hau: «Taldeak taldekideen baturak baino askoz gehiago eman dezake».

Unibertsitateko ordezkariek adierazi dutenez, gizarteak badu hezkuntza metodologia berritzaile baten beharra: «Gizartean gauzak egiteko moduak zalantzan jarriko dituzten pertsonak behar dira». Hala, sistema eraginkorra izango omen da berritzeko, «eta ondorioz, enpresa, proiektu, negozio eta produktu berriak sortzeko eta gizarteari aberastasun handiagoa emateko».

XXI. mendeko enpresa arloko eskakizunei erantzungo dien titulua dela ziurtatu dute MUko arduradunek: «Pertsona horiek, euren ekarpenaren bidez, gizartearen garapena bultzatuko dute».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia