Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:18

EUSKALHERRIA;2009-04-16;'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoa ia hasieratik errepikatu beharko dute. Zigor eskaerak eta beste hainbat eginbide bertan behera gelditu dira, eta prozedura errepikatzeak aldaketak ekar ditzake Auzitegi Nazionaleko Salak onartu du hiru inputaturi eskubideak urratu dizkietela

'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoa ia hasieratik errepikatu beharko dute

Zigor eskaerak eta beste hainbat eginbide bertan behera gelditu dira, eta prozedura errepikatzeak aldaketak ekar ditzake

Auzitegi Nazionaleko Salak onartu du hiru inputaturi eskubideak urratu dizkietela

Oihana Elduaien.

Donostia

Euskadunon Egunkaria-ri lotutako auzi ekonomikoaren epaiketa edozein momentutan egin zitekeen, baina auzi horretako eginbide gehienak baliogabe jo ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Salak. 2007ko apirilaren 10etik aurrera hartutako erabaki guztiak bertan behera utzi ditu, eta auzia prozedura laburtu bihurtu aurreko unera eraman du berriz ere. Hala, ordutik hona egin diren eginbideak errepikatzeko agindu du. Ia hasieratik hartu beharko dute auzia, berriz ere, eta une honetan ez dago inoren kontrako zigor eskaerarik.

Kontua da, Auzitegiko Salak arrazoia eman diola defentsari, Joan Mari Torrealdairen, Txema Auzmendiren eta Iñaki Uriaren defentsa eskubidea ez dela errespetatu esaterako orduan. Hiru horiek Egunkaria-ko auzi nagusian atxilotu eta auzipetu zituen Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak. Bigarren auzian ere inputatu egin zituen, baina ez zien deklaraziorik hartu. Pertsonari entzutea ezinbesteko baldintza da, ordea, norbait inputatzeko. Instrukzioa ez du ondo egin Del Olmo epaileak, eta halaxe adierazi du Auzitegiko Salak.

Defentsak helegitea jarri zuen hiru lagun horiei defentsarako eskubidea urratu zaiela argudiatuz, eta Auzitegiak arrazoi eman dio, prozedura akatsak egin direla onartuz. Salak ez du garbi-garbi esaten defentsa eskubidea urratu zaienik, baina «babesgabetasun egoeraren bat egotea ezin denez erabat baztertu», zalantzak egon daitezkeela onartu du. Horregatik, «prozedura erabat garbia» izan dadin, eginbide horiek baliogabetzat jo ditu, bost orrialdetako autoan.

Berriz egin beharko dituzte ia urrats guztiak. Litekeena da eginbide horiek berdin-berdin errepikatzea akatsak zuzenduta; edo litekeena da prozeduran erabaki desberdinak hartzea, auzia beste norabide batera bideratuz. Nolanahi ere, zaila izango da bigarren aukera hori betetzea, Auzitegiak ez baititu zalantzan jarri auziaren oinarriak. Esate baterako, ez dute berriz egingo Espainiako Ogasunak delitu ekonomikoak ikusten dituela esanez egin zuen txostena, eta txosten hori da auziaren oinarrietako bat.

Beraz, pentsa daiteke Torrealdai, Auzmendi eta Uria deklaratzera deituko dituztela, eta hortik aurrera, orain arteko norabide berean errepikatuko dituztela aurretik egindako urratsak.

Zortzi inputatu

Egunkaria-ko auzi ekonomikoan zortzi lagun zeuden inputatuta: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena. Torrealdai, Uria eta Auzmendi inputaziorik gabe geratu dira orain, baina egoera ez zaie aldatu gainerakoei.

2003ko urriaren 17an -Egunkaria itxi eta zortzi hilabete geroago- Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra atxilotu zituzten ekonomia delituak egin zitzaketela pentsatuta. Gerora Zubeltzu, Furundarena eta Albisu deitu zituen deklaratzera.

Bere garaian, defentsaren eskaerarekin bat egin eta auzia Donostiako auzitegira edo Tolosakora eramatearen alde agertu zen Fiskaltza, auzia ez zela Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskumena argudiatuta. Baina eskaera ez zuen aintzat hartu Auzitegiak, eta akusazioa egiteko agindu zion Fiskaltzari. Herri akusazioarekin bat egin zuen orduan Fiskaltzak, eta Dignidad y Justiciak egindako eskaera bere egin zuen, zortzi lagunentzako 184 urteko espetxe zigorra eskatuz. Orain, ordea, errepikatu egin behar da akusazioak osatzeko urratsa ere.

Egunkaria-ko auzi nagusiaren jarraipena da auzi ekonomiko hau. Auzi nagusiari eusteko ez dago habe indartsurik. Fiskaltzak ez du inolako deliturik ikusten, eta auzia artxibatzeko eskatu zuen. Epaileak aurrera egitea erabaki zuen, baina herri akusazioarekin bakarrik. Baldintza horietan auzi bat ezin dela aurrera eraman argudiatu du defentsak. Ikuskizun dago auzi horrekin zer gertatuko den, eta horrek ere eragina izan dezake bere ondorioa den bigarren auzi honetan.

 

Hurrengo hitzordua, ekainaren 23an

Auzi nagusiarekin aurrera jarraitu dezakeen edo ez erabaki beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalak

O. E.

Donostia



Egunkaria auziko sumario nagusiarekin aurrera jarraitu baino lehen, aurretiazko gaiez erabaki behar du Espainiako Auzitegi Nazionalak, ekainaren 23an. Defentsak jarritako helegiteen ondorioz, bi gai izango ditu Salak mahai gainean.

Batetik, herri akusazioarekin bakarrik auziak aurrera jarraitu dezakeen edo ez erabaki beharko du. Fiskaltzak akusazioa erretiratu ostean AVT eta Dignidad y Justiciaren akusazio hutsekin aurrera jarraitzea erabaki zuen epaileak. Baina defentsak dio hori ezin dela egin. Botin auzian ere gisa bereko ebazpena eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Herri akusazioarekin bakarrik ezin daitekeela epaiketarik egin esan zuen, eta auzia artxibatu. Gauza bera gertatu zen EAEko Auzitegi Nagusian Bileren auziarekin ere. Hura ere artxibatu egin zuten. Kontrako erabakia hartu zuen Gorenak, aldiz, Atutxa auzian.

Hartu beharreko bigarren erabakia auzipetze bikoiztuaren ingurukoa da. Defentsak argudiatu du Egunkaria auzian auzipetuta dagoen Xabier Alegria aurretik ere talde terroristako kide izatea leporatuta epaitu eta zigortu zutela; hain justu 18/98 auzian.

Gai horiei buruz erabaki ostean, defentsaren idatzizko argudioak jaso eta epaiketa egitea izango da hurrengo urratsa. Auzia bertan behera uztea erabakitzen ez baldin badute behitzat.

Auzi nagusi honetan zazpi lagun daude auzipetuta: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria. ETArekin lotzen ditu guztiak epaileak, terrorismo delitua egozten die, eta 12 eta 14 urteko espetxe zigorrak eskatu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia