Alderdi abertzaleetako politikariek oso argi dute sakabanaketa legez kanpokoa dela. Azkarragak, Erkiziak eta Abrilek amaitu behar dela uste dute, baina Olabarriak baditu zalantza batzuk.
Mingarria bezain antzua
Aitziber Laskibar.
Euskal presoen kolektiboa zatitu eta damua edo «bergizarteratzea» eragitea helburu zuela jarri zuen martxan sakabanaketa politika PSOEren gobernuak duela 20 urte. Porrot egin zuen. Ez zituen helburuak bete. Sufrimendua da eragin duen bakarra. Gainera, legez kanpokoa da. Espainiako Gobernuak legez kanpoko politika jarraitzen du gaur egun ere. Baieztapen horietan bat egiten dute Joseba Azkarraga jarduneko Justizia sailburuak, Emilio Olabarria Espainiako Kongresuan EAJren diputatu denak, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak eta Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. Hortik aurrerako irakurketa gehienetan bat egiten dute Azkarragak, Erkiziak eta Abrilek. EAJkoak sakabanaketaren aurka dagoela esan arren, zalantza gehiago erakusten ditu. Legez kanpokoa dela argi izanda ere, emaitza batzuk lor ditzakeela uste du. Duela 20 urte martxan jarri zen sakabanaketa eta «oraingoa» bereizten ditu, eta «oraingoak» fruituak lor ditzakeela eta, ez dio argi erantzuten sakabanaketak jarraitu behar ote duen galderari.
«Preso politikoen kolektiboa birrintzeko» ez ezik, zatiketa eraginda ezker abertzalearen proiektu politikoa «higiarazteko» saioen barnean sartzen du Erkiziak sakabanaketa abiatu izana. 1987an, HBk ezker abertzalearen historiako emaitzarik onenak izan zituela gogoratu du. «Ezker abertzalea bere proiektu politikoarekin aurrera oso sendo zihoala ikusirik, argi gorria piztu zen Madrilen», azaldu du. Orduan egin zuten Madrilgo Ituna, lehenik, eta Ajuria Enekoa, ondoren. Erkiziaren hitzetan, ezker abertzalearen aurkako hainbat neurri hartzea zen akordioaren muina. Ezker abertzalearen indarra ikusita, negoziazio prozesuren bat etor zitekeela aurreikus zitekeela dio, eta orduan hasi zirela ezker abertzalea ahultzeko neurriak.
Hain zuzen, Aljerko prozesua abiatu zen gutxira. Eta, sakabanaketaren lehen urratsak aurrez egin baziren ere, ETAk eta Espainiako Gobernuak Aljerren egindako elkarrizketek porrot egin ondoren jarri zuten martxan sakabanaketa politika orokorra.
Presoak «psikologikoki eta politikoki desarmatzeko» abiatu zuten urruntze hori, Erkiziaren esanetan; «damutzeen» bila. Sakabanaketak kalterik handiena presoen senideei egiten diela ohartarazi du Azkarragak. Eta, Espainiako Gobernuak, horiek erabili nahi zituela jendea damuarazteko. «Familiei presio egin nahi zitzaien, senideek presio hori presoei helarazteko eta horrela bergizarteratze prozesuetara behartzeko». Baina guztiek argi dute porrot egin zutela.
Bilatzen zenaren aurkako eragina izan duela ere uste dute ordezkari guztiek. «Boomerang efektua» aipatu du Olabarriak. «Zigor sentimendu horrek izpiritu militantea mantentzen du; erresistentzia». «Konfrontazioa» areagotzen duela dio Azkarragak. Erkiziaren ustez, «amorrua» zabaltzeaz gain, eskubideak urratuta dituzten preso eta senideekiko «elkartasun zabal eta sendoa» piztu du sakabanaketak.
Eta elkartasun hori areagotu behar dela uste dute, gainera, Erkiziak eta Abrilek. Presoen eskubideak gero eta modu larriagoan urratzen ari direla eta horren aurka egitea ezinbestekoa dela. Presoak Euskal Herriratzearen alde duela hamar bat urte herrietan abiatu ziren dinamikak berreskuratzeko deia egin du Abrilek. Eta eztabaida kalera eramatekoa. «Gizartea sentsibilizatuta egoteak politikariak aurrerapausoak ematera behartu ohi ditu».
Bestalde, lau politikariek ez dute zalantzarik sakabanaketa legez kanpokoa dela. Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluaren aurkakoa dela azaltzen du Olabarriak, eta Espetxeetarako Lege Orokorra urratzen duela. «Espetxe politikarako baliabide gisa ilegala da sakabanaketa». Presoek bere bizilekutik ahalik eta gertuen dagoen espetxeetan egon behar dutela dio legeak.
Baina lege horien funtsa «bergizarteratzea» dela zehazten du Olabarriak. Eta, presoen artean, badirela «bergizarteratuko ez direnak». Orduan hasten zaizkio zalantzak. Dioenez, «oraingo sakabanaketak» lor dezake «ETArengandik urruntzen diren presoak gainontzekoen presioengandik» bereizi eta Euskal Herrira gerturatuta «bergizarteratzea areagotzea». «Gainera, Barne Ministeriotik datozkigun informazioen arabera, zatiketa gero eta handiagoa da presoen artean». Horretan sakondu behar dela uste du EAJkoak. Dena den, hori, presoak Euskal Herrian egonda ere lor daitekeela zehaztu du. «ETArengandik aldendu nahi dutenak» gainontzekoengandik berton ere banandu daitezkeela, espetxe barruko moduluetan bereizita.
Emilio Olabarria
EAJko diputatua Espainian
Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko kidea
Joseba Azkarraga
Jarduneko Justizia sailburua
Jon Abril
Aralarreko koordinatzaileordea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
