Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:13

EUSKALHERRIA;2009-04-08;Hurrengo asteburuan komunikazio greba egingo dute EPPK-ko kideek. Sakabanaketaren 20. urtemuga salatzeko AAMk antolatutako ekitaldiekin bat egin dute euskal presoek

Hurrengo asteburuan komunikazio greba egingo dute EPPK-ko kideek

Sakabanaketaren 20. urtemuga salatzeko AAMk antolatutako ekitaldiekin bat egin dute euskal presoek

Erredakzioa.

Donostia

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) sakabanaketa salatu nahi du, abian jarri zeneko 20. urteurrenean, eta, horretarako, apirilaren 18 eta 19ko asteburuan komunikazio greba egingo dute. Hau da, ez dute izango senitartekoen edo lagunen bisitarik: «Amnistiaren Aldeko Mugimenduarekin bat egiten dugu egun indarrean den politika penitentziarioaren salaketan eta zehazki sakabanaketaren 20. urteurrena dela-eta prestatu diren hamaika ekimenetan», adierazi dute BERRIAra helarazitako oharrean.

Apirilaren 14tik 19ra bitartean martxa antolatu du Etxerat-ek, sakabanaketa salatzeko, eta asteburu horretan mobilizazioekin bat egitea erabaki dute EPPK-ko kideek: «Gure ekarpena egingo dugu mobilizazioan, eta Espainian eta Frantzian zehar sakabanaturik gaituzten euskal preso politikook espetxeetan komunikazio greba burutuko dugu, bisitaldiak bertan behera utzi eta gure senide eta lagunekin batera sakabanaketaren kontrako herri salaketan parte hartuz».

Horrez gain, «sakabanaketa amaitu eta euskal preso politikoon eskubideak errespeta daitezen» eskatzeko, asteburu horretan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die «euskal gizarteari eta bereziki presoon eskubideen alde ari den orori».

Ekimenak herriz herri

Hainbat ekimen antolatu ditu Etxerat-ek apirilaren 14tik 19rako astean. Herriz herri eta auzoz auzo egingo dituzte ekitaldiak. Esate baterako, apirilaren 14an hitzaldi bat egingo dute, Gasteizen; 15ean ekitaldia, Santurtzin; 16an ekitaldia, Iruñean; 17an hitzaldia, Donibane Garazin; eta 18an ekitaldia, Donostian. Mobilizazio astearekin amaitzeko, igandean, «ekitaldi nazional handia» egingo dute, Durangoko Landako gunean. «Karabana erraldoia» egiteko asmoa dute bertan.

Laguntzak legezkoak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak orain arte presoen senitartekoei eman izan dizkien laguntzak Terrorismoaren Biktimen Legearekin «bateragarriak» direla azpimarratu du Miren Azkarate jarduneko Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Espainiako Gobernuak laguntza horien kontra helegitea jarriko duela iragarri du, eta, Azkarateren irudiko, PSE-EEk jarri du helegite hori PPri «puntuak irabazteko».

Antzeko azterketa egin du EAk ere. EAko komunikazio arduradun Mikel Irujok salatu du PPk Patxi Lopezi eman dion babesa ordaintzen ari dela PSE-EE «presoen senitartekoak zigortuz». PPrekin egin zuen akordioaren ondorioz PSE-EE alderdi horren «gatibu» bihurtu dela dio.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia