Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:13

EUSKALHERRIA;2009-04-07;Gazteak frogarik gabe atxilotu eta espetxeratu dituztela salatu dute. Inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu dute, protokoloa «torturak apaintzeko neurri sorta antzu bat delako» Iñigo Alzelai bermepean aske geratu den gazteak bizitakoaren lekukotza eman du

Gazteak frogarik gabe atxilotu eta espetxeratu dituztela salatu dute

Inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu dute, protokoloa «torturak apaintzeko neurri sorta antzu bat delako»

Iñigo Alzelai bermepean aske geratu den gazteak bizitakoaren lekukotza eman du

Iñaki Esnaola.

Donostia

Joan den asteartean Hernanin eta Urnietan atzemandako gazteak frogarik gabe atxilotu eta espetxeratu zituztela salatu zuten atzo, Donostian, senide eta abokatuek. Iñigo Alzelai gazteak Espainiako Poliziaren eskuetan igarotako egunetan tratu txarrak jasan zituela adierazi, eta egun horietan bizitakoa kontatu zuen. Atxilotutako zortzi gazteetatik aske geratu den bakarra da Alzelai, hamar mila euroko bermea ordaindu ondoren. Gainontzeko zazpiak espetxeratu egin zituzten, iragan larunbatean. Ainhoa Baglieto abokatuak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azken atxiloketa eta espetxeratzeak gogor salatu eta inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu dute.

«Rubalcaba ministroak argitu zuen atxiloketa hauek prebentiboak zirela. Inolako lotsarik gabe azaldu zuen horien izaera. Esan behar dut zuzenbide penalean eta konstituzionalean, ez dela posible halako atxiloketak egotea», adierazi zuen Baglietok. Azken atxiloketen xedea oso argi dagoela gaineratu zuen abokatuak. «Euren helburua ez da delitua egin duten gazteak atxilotzea. Ezta ere etorkizunean gazte horiek egin dezaketen delitu bat saihestea. Jarrai-Haika-Segi prozedurarekin hasi zuten helburua betetzera doaz. Euskal Herriaren alde egiten duten gazteak atxilotu eta espetxeratzea dute helburu».

Nekane Erauskin Aitzol Arrieta Hernanin atxilotutako gaztearen amak ere hitz egin zuen. Erauskinek salatu zuen, gazteak atxilotu eta inkomunikatu ondoren froga bila ibili direla. Horretarako adibide bat eman zuen: «Osaba bat dut Ordizian lur eremu bat duena. Bertan AHTaren obrak egiten ari dira. Kontua da aurreko asteazkenean Ertzaintza nire osabarengana joan zela nire semearen inguruan galdezka. Obrak hasi zituztenetik semea ez da bertan izan osabari laguntzen, baina egon izan balitz zer leporatuko zioten?». Erauskinek Ertzaintzaren jarrera salatu zuen. «Oraindik Ibarretxe da horien arduraduna. Gure gazteak espetxean sartzeko kolaboratu dute».

Atxiloketaren unean berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera, «kale erasoekin zerikusia izatea» egotzi zien zortzi atxilotuei Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak. Baita Segi gazte erakundeko kide izatea ere. Akusazio horien aurrean, Baglietok nabarmendu zuen «legeak nahi bezala interpretatu eta egokitzen» dituztela, eta horretarako, aitzakiak bilatzen dituztela. «Kale borrokan aritzearen aitzakia erabili dute, baita kale borroka saihesteko aitzakia ere».

Frogarik ez egotea salatzearekin batera, atxilotutako gazteek polizia-etxeetan jasotako tratua salatu zuen Baglietok. «Bost egunez inkomunikatuta izan dituzte. Horrela eduki al zituzten Gurtel auziko atxilotuak? Edo Lazkaoko taberna txikitu zuen pertsona inkomunikatu al zuten?». Horrekin batera, abokatuak adierazi zuen inkomunikazioaren unerik gogorrena Donostian pairatu zutela atxilotuek.

Protokoloa ez da betetzen

Auzitegi Nazionalak tratu txarren kontra ezartzen duen protokoloa «torturak apaintzeko neurri sorta antzua» dela esan zuen atzo AAMk. «Torturak benetan saihestu nahi badituzte, ezabatu dezatela inkomunikazioa eta horrela soilik bermatuko da atxilotuak ez torturatzea». Horrekin batera, salatu zuten Euskal Herrian «lan politikoa eta soziala» espetxearekin eta sakabanaketarekin «ordaintzen» dela. «Gazte independentista izatea delitu bilakatu dute».

Datua

121



Behin-behineko atxiloaldiak. Orain arte 121 behin-behineko atxiloaldiak egin dituzte, 16 bat polizia operaziotan. Horietatik 91 espetxeratu dituzte, eta guztira 68 atxilotuk salatu dituzte torturak.

Tortura testigantza

«Ez banuen erantzuten, jo egiten ninduten»



Iñigo Alzelaik bost eguneko inkomunikazioaren lekukotza eman zuen atzo:

«02:20 inguruan etorri ziren nire bila. (...) Lehenengo polizia kristona zen, atea botatzeko mailu batekin zihoan. Kaputxadunak sartu ziren gero. Ohetik atera ninduten, eta ezustekoarekin eta horren azkar zutik jartzearekin zorabiatu egin nintzen egoera ikusita(...). Handik Donostiara. (...) Gela txiki batera eraman ninduten, kablez betetako gela batetara, ilunpean. Utzi ninduten pertsona batekin. Hasi zen nahiko majo. Nitaz kezkatzen. Segituan hasi zen galdeketa egiten. Baina ikusi zuenean ezin niola erantzun berak nahi zuena, eta ez niola erantzuten berak nahi zuena ez nekielako, oldarkor jartzen hasi zen. «Horrela ezin duzu jarraitu Iñigo, ez baduzu erantzuten beste bide batzuetara jo beharko dugu». Eta esan zidan lagun bat ekarriko zuela hitz eginaraziko zidana. Etorri zen tipo bat aurpegi itsusiarekin, oso haserre. Kriston zaplazteko pila eman zizkidan esku irekiekin, inoiz ez esku itxiekin, heldu eta tira egiten zidan, gorputzean kolpeak, mehatxuak, ea ze uste nuen galdetzen zidan, zenbat atxilotu egongo ziren, galdeketa asko eta asko. Mehatxuak denbora guztian. Ezin nuen egoera hori jasan. Beldurra, mina, ezinegona, larritasuna. Dena batera zen. Ez nekien nola jokatu. Ixilik egoten bazinen hostia handiagoak (...) Ikusi zuten ez zutela lortzen nahi zutena. Itxi zuten gela, dena ilun Iluna. Sei pertsona sartu ziren. Polizia onarena egiten zuen nire atzean jarri zen. Pare-parean kaputxadun bat. Atzean, beste bat. Atzean, beste bat. Gero, beste bat. Eta beste bat nire aldamenean, denbora guztian kontaktuan. Iletik tira egiten zidaten. Galderak egiten hasi ziren, erantzuten ez banuen jo egiten ninduten. Madrilera eramango nindutela eta berdin segituko zutela. Oso momentu gogorrak. (...) Hortik trasladoa hasi zen Madrilera. (...) Madrilera iristean ziegetan sartu ninduten (...) Ofizioko abokatu batengana eraman ninduten eta hasi ziren deklarazioa egiten (...) Beraiek egindako deklarazioa da. Ez nuen kasik aportatzen. Beraiek esaten zuten zer egin duzun eta zer ez. Eta firmatu arte ez zaituztela bakean utziko esaten dizute. Azkenean, desesperazioarekin, beldurrarekin, ez dakizulako zer egingo dizuten, bost egun dira, eta ez duzu nahi gehiago jotzea, eta egoera gogor horietan, azkenean firmatu egiten duzu. Ez duzu nahi, baina ez duzu beste aukerarik ikusten. (...). Behin firmatu eta gero, ziegetan ez ninduten jo gehiago. Baina galdeketak eta jarraitzen zuten (...) ziegako egoera da ezinegon bat (...) ordu guztiak oso gogorrak egiten dira. Ez dakizu zer egin. Bueltaka egoten zara. Baina hiru pausotan ia ziega guztia egin duzu. Ezin duzu ia ibili. Larritasun handia da. Lasaigarriak eman zizkidaten, oso nerbioso egoten nintzen. Bakadarde hori oso gogorra egin zitzaidan (...) Pentsatu nuen neure buruari zerbait egitea ospitalea joateko eta behintzat egoera hori behingoz pasatzeko. Buruan hori neukan denbora guztian (...) Garzonen aurrera eraman nindutenean, esan nuen nire deklarazioa tratu txarren pean sinatu nuela. Ez zela nik deklaratutakoa. Saiatu nintzen nire bertsioa ematen. Berak ez zuen interesik jarri jo egin nindutela esan nionean(...).

@Testigantzaren bideoa ikusteko honako helbidera jo dezakezue:

www.askatu.org

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia