PSEk «autogobernuaren giltzak» PPri eman dizkiola uste du EAJk
Akordiotik abiatutako politikak «gatazka» eta «frontismoa» sustatuko dituela ohartarazi dute EAk eta Aralarrek
Aitziber Laskibar.
BilboPSE-EEk eta PPk egindako akordioa dela eta, kezkatuta agertu da EAJ hedabideen aurrean. Alderdi sozialistak eta Patxi Lopezek euskal autogobernuaren giltzak PPri eman dizkiola uste du. «Ajuria Enean berralokatuta bizitzearen» truke, «Euskadiren garapen politikoaren aurka gogorren egin duen alderdiari» eman diote boterea, Ortuzarren arabera. «Euskal autogobernuaren sinboloetako bat eman diote: Eusko Legebiltzarraren presidentzia», kexatu da Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentea Sabin Etxean egindako agerraldian.
«Okerragoa» den zerbait ere ikusi dio akordioari: Eusko Jaurlaritzaren benetako boterea PPk izango duela. «Haiek erabakiko dute zer lege eta zer aldaketa egingo diren». Zergatia argi du Ortuzarrek: «PPren botorik gabe Lopezen gobernua ahula litzateke». Baina, PPren botoekin, Lopez «frontsimo espainolistaren bahitua» izango dela ohartarazi du.
Areago, EAJren ustez, «Antonio Basagoiti PPko buruzagia izango da benetako lehendakaria, eta Lopez Ajuria Enean dagoen haren txotxongiloa». Hauteskundeetan PSE-EE babestu zuten boto emaileak hortaz konturatuko diren esperantza du Ortuzarrek. «Boto sozialistak eskuindarrek agintzeko» izan direla konturatuko direla.
Hori dela eta, «anbizio politikoagatik, egoismo eta egozaletasun hutsagatik», «eskuin neoliberal eta zentralistenak luzatu dion berunezko eskuari» heldu izana aurpegiratu dio PSE-EEri. Kanpainan «aurrerapenak eta transbertsalitatea ekarriko zuela zin egin» arren, alderdirik eskuindarrenari eman diola boterea ezkerra defendatu behar zuenak.
Lehen erabakiak, erakusgarri
Bi alderdien oniritziz hartutako lehen erabakiek erakusten dute hori, Ortuzarren esanetan. PSE-EE eta PPren akordioak dagoeneko eman dituenei erreparatuta, Eusko Jaurlaritza «bide ilunera» joango dela dio; «inboluzio politikoa» izango duela norabide.
Eusko Legebiltzarreko presidentzia Arantza Quiroga PPko ordezkariari ematea onartu izana du horren adibide. Ortuzarren esanetan, duela 30 urte hartutako «adostasun handia» zen Legebiltzarreko buruzagitza alderdirik bozkatuenaren esku uztea. Eta, ibiltzen hasi aurretik, PSE-EEk eta PPk hautsi egin dute orain arte bete izan den akordio hori. Legebiltzarreko Mahaiaren osaketarekin ere gauza bera gertatu dela ohartarazi du. Trantsizio garaitik normaltasunez bete den «arau demokratikoenetako bat», Legebiltzarreko Mahaia alderdien artean proportzionalki banatzea, «urratu» egin dutela.
EAJk atzerapausotzat dituen urrats horiek PPren lehen garaipentzat jo ditu Ortuzarrek. «Eta askoz gehiago etorriko dira», ohartarazi du, gainera.
«Iraganeko garaietara»
Koldo Amezketa EAren presidenteordea ere kezkatuta mintzatu da gaiaren inguruan. PSE-EEk eta PPk Lopezen inbestidurarako egindako akordioak «iraganeko garaietara» eramango gaituela adierazi du; «Mayor Oreja eta Nicolas Redondoren arteko akordioen garaietara garamatza».
Hartutako bideak «gatazka» sustatuko duela uste du, gainera, EAren presidenteordeak. «Herri honen izaeraren alde garrantzitsuen aurka egiten du; nagusiki abertzalea den herriaren izaeraren aurka».
PSE-EE eta PPren arteko akordioari ez dio itxura onik hartu Aralarrek ere. Arduratu egiten duela esan du Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak. «PPren baldintzapean ari da PSE-EE», arrazoitu du. Bestetik, PSE-EEk iragarritako «aldaketa politikoak konnotazio aurrerakoiak» bazituela uste du, baina PPrekin akordioa egin ondoren, ez dela «transbertsalitatearen aldekoa izango, frontsimoaren pean arituko dena baizik».
Euskal Irrati Telebistaren inguruan zabaltzen ari den eztabaida ere ez du begi onez ikusi. EITB «oso modu ideologizatuetan aldatuko den» susmoa du, eta gai horretan ere nabaritu du Lopez «PPrengandik baldintzatzen uzten» ari dela, lehendakari izateko duen nahiagatik.
Horregatik guztiagatik, inbestidura saioan ez duela PPren babesa duen inor babestuko errepikatu du Zabaletak.
Azkarate: «Quiroga euskaraz ez dakien lehen presidentea da»
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
