Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:11

EUSKALHERRIA;2009-04-01;PSE eta PPri 2001ean lortu ez zuten «frontea» orain egitea egotzi diete. Joseba Egibarrek uste du «Estatuak Euskadi Espainian barneratzeko daraman estrategiari» erantzuten diola akordioak PSEk PPren helburuei «men» egin diela salatu dute EAJ, EA, EB eta Aralarrek

PSE eta PPri 2001ean lortu ez zuten «frontea» orain egitea egotzi diete

Joseba Egibarrek uste du «Estatuak Euskadi Espainian barneratzeko daraman estrategiari» erantzuten diola akordioak

PSEk PPren helburuei «men» egin diela salatu dute EAJ, EA, EB eta Aralarrek

Erredakzioa.

Gasteiz

Jaime Mayor Orejak eta Nicolas Redondo Terrerosek 2001ean abiatutako eta porrot egindako estrategia gauzatzea lortu dute orain Patxi Lopezen PSEk eta Antonio Basagoitiren PPk. Hala uste dute, bederen, EAJk, EAk, eta EBk; baita Eusko Jaurlaritzak ere. «2001ean egiterik izan ez zuten fronteen gobernu baten sorrera agiria da PSEk eta PPk hitzartutako ituna», Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramailearen irudiko. «PPk puntua aurkitu dio PSEri, 2001ean lortu ez zutena orain egi bilakatzeko», esan du Joseba Egibar jeltzaleak.

Alderdi abertzaleek gogor kritikatu dute Patxi Lopezi gobernabidea bermatzeko PSEk eta PPk lortutako akordioa. Itun horren edukiak ikusita, gainera, argi dute PSEk PPren helburuak bere egin dituela, eta eratuko den hurrengo gobernua «frontista» izango dela.

Jaurlaritzak iritzi dio akordioa «atzerakoia eta okerra» dela, eta ziur da euskal gizartean «haustura» eragingo duela. Argi dauka, gainera, akordioak onartzen duela «Euskadi nazio bat ez ezik, Estatua ere badela», Espainian PSOE eta PPren arteko harremanak liskartsuak diren bitartean, EAEn bi alderdiok batu egiten direlako «abertzaleen aurkako frontea» abiatzeko aitzakiarekin. Azkarateren esanetan, «zilegia» da sozialistek eta popularrek bat egin izana, baina uste du sozialistek ez dutela «zintzo» jokatu, bozak baino lehen jakinarazi behar zutelako euren asmoa PPrekin hitzartzea zela.

Ildo beretik hitz egin du Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak ere. Bere aburuz, sozialista askok ez dute ongi hartu PPrekin bat egiteko erabakia, are gehiago lortutako akordioa ikusita. Dokumentu horretan sozialistek popularren ildoekin bat egin dutela eta «2001ean lortu ez zuten hura» momentu honetan errealitate bihurtuko dutela kritikatu du. Hala, Egibarrentzat PSE eta PPren arteko akordioak erakusten du Estatuak «Euskadi Espainian barneratzeko» duen helburuari jarraitzen diola. EAJko buruzagiaren ustez, PSE eta PPren artekoa «herri borondatearen kontra» sortutako akordioa da, eta «herri borondateak botako du atzera».

EAk ere argi dauka sozialistek eta popularrek erdietsi egin dutela bere garaian Orejak eta Redondok bilatutako «gobernu frontista». «Moduak aldatu dituzte, baina garai hartako filosofia ez». Mikel Irujo EAko eledunak kritikatu du akordio horrekin Patxi Lopezek euskal gizartea «zazpi urtez engainatu» duela, idazkari nagusi izendatu zutenetik Redondoren jokamoldetik urrundu nahi izan badu ere, azkenean hark bultzatutako akordioa sinatu egin duelako.

PSE PPren «zerbitzura»

Hitzartutako akordioa ikusita, sozialistak popularren exijentzia guztiei «men» egiten ari zaiela uste du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak. «PSE guzti-guztian ari da men egiten. Hauteskunde kanpainan transbertsalitatearen ikurra erabiltzen zuen ikur ideologiko gisa, baina orain PPk proposatutako ikur anti-identitario guztiak onartzen ari da». PSEk martxan jarriko dituen «eskuineko politikei» aurre egiteko, Aralarrek ezkerreko oposizioa egiteko «erantzukizun handiagoa» izango duela esan du.

Ezker Batuaren aburuz, berriz, «aginte goseak» eragindako akordioa izan da PSE eta PPren artekoa, eta PPren programaren «kopia hutsa». Mikel Arana koordinatzaile nagusiak uste du Basagoitik azkenean bere proiektu politikoa inposatzea lortu duela, eta Lopezek PSEren siglak jarri dituela «eskuinaren zerbitzura». Aranak dei egin die alderdi sozialistako botoemaile «progresistei» PPrekin hitzartutakoa ondo irakur dezaten, ziur baitago ez dutela hura babestuko.

Maiorga Ramirez NaBaiko eledunaren arabera, «Estatu arrazoia» gailendu da PSE eta PPren arteko akordioan: «Nafarroan bezala, EAEn ere Estatu arrazoia inposatu zaio herritarren iritziari».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia