Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 18:11

EUSKALHERRIA;2009-03-29;Indarkeriez, eragileez eta konponbideaz. Zortzi orduko itxialdia egin du Lokarrik akordio eske, eta hausnartzeko baliatu du ekimena. Desadostasunak agerian geratu dira 'ETAren egoera eta bake prozesua' mahai inguruan.

Zortzi orduko itxialdia egin du Lokarrik akordio eske, eta hausnartzeko baliatu du ekimena. Desadostasunak agerian geratu dira 'ETAren egoera eta bake prozesua' mahai inguruan.

Indarkeriez, eragileez eta konponbideaz

Aitziber Laskibar.

Bilbo

Nola bilatu indarkeriari amaiera emateko bideak». Horrela aurkeztu du Lokarrik ETAren egoera eta bake prozesua izenburupean egindako mahai ingurua. Ekimen zabalago baten zati izan da hizketaldia. Akordioetara iristeko itxi egingo gara ekimenean, zortzi orduko itxialdia egin dute 70 bat lagunek Bilboko Sortzez Garbia parrokian. Taldekako eztabaidei bide emateko egin dute hitzaldia Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak. «Herritar gisa ari naiz», zehaztu du Otamendik. Eta, eztabaida sortu, sortu du, ez baitu bat egin Lokarrik defendatutako hainbat baieztapenekin. Hitzaldia proposatzeko modua bera izan du lehen desadostasuna: «Uste dut hobe dela gatazkaren konponbideaz hitz egitea eta ez indarkeriaren konponbideaz; bestela, indarkeria motez hitz egiten hasi beharko genuke, eta irteerarik gabeko biribilgunean sartuko ginateke».

Konponbidearen inguruan Lokarrik izandako jarrera kritikatu du. «Sarri, jarrera distantea izan duzue; urrunetik aritu zarete, nazioarteko begirale hutsak izango bazinate bezala. Baina hemengo zati zarete, eta, beraz, ezin zarete apatiko aritu». Gatazkaren konponbidean «jarrera aktiboz» aritzeko eskatu die horregatik; ez jarduteko urrutitik, «laborategiko baldintza idealen bila».

Gai horretan, arrazoi eman dio Riosek Otamendiri. Lokarri «laborategian bezala» ibili izan dela onartu du. «Batzuetan martetarrak dirudigu azterketak egiteko orduan», esan du.

Orain arteko prozesuen errepasoa egin eta, aurrerantzean, «bi eredu posible» ikusten dituela azaldu du Riosek: «Indarkeriaren amaiera ordenatua» izan daitekeela, edo «desordenatua». ETAk indarkeria amaitu, eta, ondoren, Espainiako Gobernuarekin presoei eta «armak entregatzeari» buruz hitz egitea litzateke lehen aukera. «Gero aztertuko litzateke gainerakoa». ETAk «gainbehera jarraitu, eta Benetako IRAk bezala amaitzea» litzateke bigarrena.

Kezkatuta erantzun dio Otamendik Riosi. ETAren indarkeriaz bakarrik hitz egiteak harritu egin du, eta torturatzen jarraitzen dela ohartarazi du, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak gaiaren inguruan duen jarrera kritikatu du.

Nahastu behar ez direnak nahastea egotzi dio Periko Ibarra irakasleak Otamendiri, haserre, entzuleen eserlekutik: «ETAri buruz hitz egitean ez da politikari buruz hitz egin behar eta kito». Hausnarketa berean sakondu du Riosek: «Esaten bada armei eta presoei buruz baino gehiago hitz egin behar dela, ETAri izaera politikoa ematen zaio. ETAk ez du zeresanik. Ez da eragilea».

Otamendik, ETA existitzen dela, politikan eragiten duela eta eragilea dela ohartarazi du. Hortaz, konponbidea nahi bada, harekin ere hitz egin beharko dela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia